}

Pestizida kaltegarriak Afrikarako

2001/03/04 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Zer egingo zenuke dirua irabazteagatik? Bat-batean erantzunez gero, edozer edo dena egiteko prest agertuko da bat baino gehiago. Seriotasun pixka batekin hartuz gero, berriz, pixka bat pentsatzen jarri eta, edozer ere ezin dela egin pentsatzen du jende gehienak. Adibidez, edozein lan-eskaintza ezin dela onartu edo diruagatik besteren osasuna kaltetzea ez dela zilegi pentsatzen du. Baina horrela pentsatzen ez duenik ere badago; adibidez, negozioak aurrera ateratzeko kalitate txarreko milaka tona pestizida garapen-bidean dauden herrialdeetara saltzeko inongo eskrupulurik ez daukan jendea.


Ikerketa berria da eta orrialde hauetara iristen diren gehienak bezala ez dakar batere berri onik eta pozgarririk. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) eta Osasunaren Mundu- Erakundeak (OME) elkarlanean eginiko txostenak salatzen duenez, Afrikara saltzen diren pestiziden % 30ak ez ditu kalitateko nazioarteko gutxieneko arauak betetzen. Herrialde horietan pestizidak nekazaritzarako erabiltzen dira batik bat, baina baita osasun publikoa zaintzeko ere. Adibidez, paludismoa transmititzen duten Anopheles generoko eltxoak eta Chagas-en eritasuna transmititzen duten parasitoak hiltzeko DDT pestizida oso poluitzaile eta arriskutsua erabiltzen da. Urtero milioi bat pertsona hiltzen dira paludismoak kutsatuta eta Chagas-en eritasunak kutsatuta, berriz, 16 milioi pertsona daude munduan.


Txosten horretan parte hartu duen Gero Vaagt-en hitzetan, "sailkapen desberdinak egin daitezke kalitate txarreko pestiziden artean. Alde batetik, konposizio desegokia duten pestizidak daude eta, bestetik, etiketa txarrak dituztenak edo iraungitakoak direnak."


Konposizio desegokia duten pestiziden artean, besteak beste, gizakiarentzat eta faunarentzat oso substantzia lanjerosak dituztenak eta ezpurutasunez poluitutakoak daude. Anitzetan, osagai aktiboen kontzentrazio-maila onartua baino altuagoa izaten da. Gainera, ezjakintasunean, laborariek behar baino kantitate handiagoak zabaltzen dituzte eta intsektuak gero eta erresistenteago bilakatzen dira.


Bestalde, informazio okerra ematen duten etiketak dituzten pestizidak daude. Normalean, kontsumitzailearentzat etiketa da produktuari buruzko informazio-iturri bakarra, baina ekoizleei komeni ez zaienez, osagai aktiboaren maila, iraungitze-data eta substantzia kimikoaren arrisku-mailari buruzko informaziorik ez da agertzen. FAOren datuen arabera, garapen-bidean dauden herrietan iraungitako 100.000 tona pestizida daude, horietatik 20.000 Afrikan.Hondakin kimiko horiek, hasiera batean nekazaritzari laguntzeko eginak izan baziren ere, ingurugiroa eta bertako biztanleentzako arriskutsu bihurtu dira. 1994tik ari dira egoera hori salatzen eta, alta, oraindik ere, batere kontrolik iragaiten ez duten pestizida-zaku eta bidoi asko irekitzen da egunero.


Dirua tarteko denean...


Kalitate txarreko pestiziden salmenta ikaragarria da. Iaz, plagiziden salmentak 32.000 milioi dolarrera (5.600 miliar pezeta edo 224 miliar libera) iritsi ziren eta horietatik 3.000 milioi garapen-bidean dauden herrialdeei saldu zitzaizkien. Ez ziren denak kalitatea txarrekoak, baina estimatu denaren arabera, pestizida kaltegarri horien balioa 900 milioi dolarrekoa (157.500 milioi pezeta edo 7020 milioi) izan zen.


Gainera, FAO erakundeko kideek salatu dutenez, salmenta horiek kontrolatzeko diru asko behar da eta ez da erraza izango behin betiko salmenta ilegal horiek geldiaraztea. Bestalde, batez ere, Sahara inguruko herrialdeetan, edozein bazterretan daude iraungitako pestizidak pilatuak. Biltegiak ez daude arautuak eta ez dute batere segurtasun-neurririk betetzen. Leku poluitu eta arriskutsu horiek garbitzeko 500 milioi dolar beharko liratekela aurreikusten da.


Hala ere, kaltetutako herrietako gobernuei eta erakundeei beraien arautegia FAO eta OMS erakundeen preskripzioei egokitzea eskatzen zaie. Horrela, herrialde horietan, gainerako herrietan bezala, produktu kimiko arriskutsu horien salmenta legez araututa egongo litzateke. Gainera, kontrol egokiak egiteko dirurik ez dutenez, intsektizida-ekoizleek beren produktuen kalitatea bermatzeko, FAO eta OMS erakundeen kontrolak pasatuko lituzkete.


FAOren helburua garapen-bidean dauden herriek zein produktu kimiko inportatu nahi duten eta zein ez erabakitzeko ahalmena ematea da. Horretarako, ezinbestekoa da produktu kimiko bakoitzari buruzko informazio egokia eskaintzea, osasunarentzako eta ingurugiroarentzako dituen arriskuak zehaztuz.

Ureztatzeko ponpa sinpleak Afrikarako


Intsektu-izurriteez gain Afrikako laborarien arazo nagusietako bat lehortea dela esateko ez dago aparteko ikerketarik egin beharrik. Nahikoa da bertako argazki batzuk ikustea. Baina arazo horren benetako larritasunaz jabetzeko, FAOk iazko abenduan plazaratu zuen txostena irakurtzea komeni da. Bertan agertzen denez, ur-eskasiagatik sortzen diren ekoizpen-arazoengatik, Saharatik beherako herrietako 28 milioi biztanlek ez dute behar adina jaten eta osasun-arazo larriak dituzte.


Baina nahiz eta euri askorik ez egin, txosten horretan aditzera ematen denez, arazo nagusia ez da ur falta. Ura egon badago, baina ez eskura, lur azpian baizik. Arazoa, beraz, ura lur azpitik ateratzeko eta labore-lurrak ureztatzeko sistema da. Dena dela, argi gelditu da laborari afrikarrek ez dutela herrialde garatuetako ureztatze-sistemarik behar. Izan ere, laborari txikiek ez dute ureztatzeko ponpa erosi, mantendu eta martxan jartzeko behar adina diru eta, azken finean, ez dira beraien azpiegitura eta baliabideetara egokituak. Alferrikakoa da, beraz, Afrikara herri garatuetako teknologiak eramaten ibiltzea.


Orain arte, laborari afrikarrek baratzeak ureztatzeko oso sistema zaharra erabiltzen zuten. Azal freatikotik ura ateratzeko zulo handi bat egin eta bertatik ura ontzi batzuetan atera eta beren lurretaraino eraman behar izaten zuten. Oso neketsua izateaz gain, oso lan mantsoa ere bada.


Hemendik aurrera, ordea, arazoa bere osotasunean ezagutzen duen pertsona bati esker, ura lur azpitik ateratzeko ponpa sinplea edukiko dute. Oso material sinple eta merkea erabiliz, pedalei eraginez ura xurgatzen duen ponpa, alegia. Ponpa horiek egurrezkoak dira eta, zangoekin eraginez, orduko 5 km3 ur atera daitezke. Ez dute batere elektrizitaterik behar eta, gainera, bertan ekoizten dituztenez, bertako ekonomia garatzeko ere baliagarri dira.
Maiz, lekuan lekuko arazoei aurre egiteko sistemak egokienak, dudarik gabe, urrutira joan gabe aurkitzen dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia