Pertsonen berdintasuna mapa batean
2004/12/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mundua esferikoa izanik planoan irudikatzea arazo latza da kartografoentzat. Izan ere, ezaugarriren bat sakrifikatu behar izaten da, ezinbestean. Ohiko mapetan, esate baterako, distantziak gordetzen dira. Mercator-en mapa —1569 urtekoa— da horren adibiderik garbiena; batez ere nabigaziorako kartografian oinarritu zen, eta distantziak kalkulatzeko oso erabilgarria da; baina ez ditu azalerak errespetatzen: poloetatik gertu dauden herrialdeek proportzioan azalera handiagoa ageri dute ekuatorekoen aldean.
Mercator-en proiekzioa berez zuzena da, baina munduaren ikuspegi zehatzago bat nahi bada ez da nahikoa, bestelako ezaugarriak aintzat hartzen dituzten proiekzioak ere behar dira, elkar osatzeko. Peters arazo horretaz ohartu zen, beste proiekzio batzuen beharraz, alegia, eta herrialdeen azalerak errespetatuz munduaren proiekzio berri bat egin zuen. Petersen proiekzioa 1974an eman zen ezagutzera.
Lurra bi dimentsiotan
Begiratu batera, Petersen proiekzioak desitxuratuta dagoela dirudi; izan ere, Mercator-en proiekzioa eta antzekoak ikustera ohituta egonik, herrialdeak luzangagoak agertzen dira. Baina herrialdeen azalerez jabetzeko egindako proiekzio bat da, eta bere funtzioa ezin hobeto betetzen du.
Adibide gisa Afrika eta Siberia har daitezke. Mercator-en mapa hartuta ez dirudi Siberia Afrika baino askoz ere txikiagoa denik. Baina gogora dezagun Siberia Ipar polotik gertu dagoela, eta, beraz, bere azalera dagokion baino handiagoa ageri dela proiekzio horretan. Eta Afrika, alderantziz, hegoaldean dagoenez, den baino txikiagoa irudikatzen da.
Petersen proiekzioan nabarmena da Afrika askoz ere lurralde handiagoa dela Siberia baino. Azalerei dagokienez, Petersena egokiagoa da; izan ere, kontuan izan zuen Afrika 30.300.000 km 2 dela eta Siberia 12.765.000 km 2 besterik ez. Siberiaren hedadura ez da Afrikarenaren erdira ere iristen.
Herrialdeen hedadurak ez ezik, horien kokapenak ere kezkatzen zuen Peters. Izan ere, ez da gauza bera munduko mapan zure herria erdialdean ikustea ala bazter batean, edo goian ala behean —gainean ala azpian—. Azken finean, ez zion egoki irizten munduko herrialde ia guztietan proiekzio bera erabiltzeari, batez ere jende gehien bizi den herrialdeak gutxietsita agertzen zirelako mapa haietan.
Konbentzioz, iparraldea goian jartzen da, ozeano Atlantikoa zentratuta, eta, ondorioz, Europa maparen erdialdean agertzen da, posizio pribilegiatuan.
Arno Petersek konbentzio horien aurka egin zuen; 0 meridianoak, Greenwich-en beharrean, Bering-eko itsasartearen parean behar zuela aldarrikatu zuen. Aldarrikapen horrek zentzuzkoa dirudi, izan ere, ordua bateratzeko Bering-eko longitudea erabiltzen da nazioartean.
Historiaren ikuspegi sinkronoptikoa
Peters-ek Berlingo Unibertsitatean historia ikasi zuen, eta hiru hamarkada egin zituen munduaren historia sinkronoptikoaren inguruan lanean. Garai hartan, historia-ikertzaileen korronte berria zen historia sinkronoptikoa. Historiaren une bakoitzean hainbat herritako egoera azaltzean datza, ahal den neurrian herri guztiek agerpen berdina izatea bermatuta.
Historia sinkronoptikoa ohiko historia-ikasbideetatik urrun dago; esate baterako, ez da beharrezkotzat jotzen datak eta urteak ikasten jardun beharra. Izan ere, historia-aldi bakoitzean munduko hainbat herriren egoera ezagututa, historiaren kontzeptu globalago bat lortzen da.
Kartografiatik kanpora egin zuen lanik garrantzitsuena Synchronoptiche Weltgeschichte (Munduaren Historia sinkronoptikoa) izan zen, eta 1952an Alemanian argitaratu zuen. K.a. 3000 urtetik hasita, historiako mende bakoitzari espazio bera eskaini zion liburu hartan, aro batzuei besteei baino garrantzi gutxiago ez emateko.
Herrien arteko berdintasuna bilatzen zuen, eta, horretarako, konbentzioetara ohitutakoen begiei zirikatzen zien. Zer esan eta zer pentsatu eman zituen historian eta kartografian, eta baita hain gustuko zuen musikan ere. Pentagramako nota bakoitzari kolore bat egokitu zion, eta partiturak kolorez jantzi. Baina arlo horretan ere konbentzionalismoak gailendu ziren, eta ideiak ez zuen aurrera egin. Dena dela, horrek ez zion musikarako zaletasuna gutxitu, eta hainbeste maite zuen eskusoinua edonora eramaten zuen, zihoan lekura zihoala.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia