}

Peptido antibiotikoak

2001/07/26 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Antibiotiko-mota berri batek arrakasta izan du saguekin egindako saioetan.

Penizilina eta mota horretako antibiotikoek aurrerapen handia ekarri zuten XX. mendeko erdialdetik aurrera. Gaur egun, ordea, bakterioen aurkako borrokan egoera larrian gaude berriz ere, bakterioek antibiotiko ‘klasiko’ horiei aurre egiten ikasi dutelako.

Penizilina onddo batzuen antibiotiko naturala da. Zelulek ere antibiotiko naturalak erabiltzen dituzte, peptido batzuk, alegia. Peptidoak proteina txikiak dira. Orain zientzialariek peptido horien bidetik antibiotiko artifizialak sintetizatu nahi dituzte, garai batean penizilinarekin egin zuten bezala.

Peptidoek duten arazoetako bat mugikortasuna da eta oso handiak badira ez dira erraz garraiatzen. Beraz, ikertzaileek peptido txikiak erabiltzen hasi dira eta, gainera, eraztun-itxura eman diete. Itxura horrek egonkortasuna ematen dio molekulari eta bakterioen aurkako erresistentzia handitzen du.

Saguekin egindako lehen saioetan arrakasta izan dute eta infekzioei aurre egitea lortu dute. Substantzia berri horiek eraginkorrak badira, antibiotikoen estrategia erabat alda dezakete eta bakterioen aurkako borrokan aurrerapen handia izango litzateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia