}

Pentsamenduaren indarra

2008/12/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gogoratzen aurtengo udaberriko albiste honetaz? Pittsburgh Unibertsitatean, makako batzuek, pentsatze hutsarekin, beso bioniko bat mugitzea lortu zuten. Horretarako, ikertzaileek garunean elektrodo batzuk jarri zizkieten makakoei, garuneko jarduera jasotzeko; datuak seinaleak interpretatzen zituen ordenagailu batera iristen ziren, handik beso ortopediko batera transmititzen ziren, eta, han, mugimendu bihurtu. Hala, besoak lotuta zituzten makakoek fruta-zatiak jatea lortu zuten, pentsamenduaren indarra eta beso ortopedikoa erabilita.

Orain, ikerketa hura txiki utzi duen esperimentu bat aurkeztu dute Bostongo Unibertsitateko ikertzaileek: ahots-sintetizagailu baten bidez, muskuluak mugitzeko ezintasuna duen pertsona batek pentsatutako bokalak esatea lortu dute. Bestearekin alderatuta, aurrerapauso handia da, eta ez bakarrik esperimentu hau animaliekin beharrean pertsona batekin egin dutelako; horrez gain, orain arte era honetako ikerketak garuna eta mugimendua lotzean oinarritu dira, eta hau da mintzamenarekin egin den lehena.

Paralisia duen pertsona baten enuronen artean, elektrodoak txertatu dituzte ikertzaileak.

Orain, ikerketa hura txiki utzi duen esperimentu bat aurkeztu dute Bostongo Unibertsitateko ikertzaileek: ahots-sintetizagailu baten bidez, muskuluak mugitzeko ezintasuna duen pertsona batek pentsatutako bokalak esatea lortu dute. Bestearekin alderatuta, aurrerapauso handia da, eta ez bakarrik esperimentu hau animaliekin beharrean pertsona batekin egin dutelako; horrez gain, orain arte era honetako ikerketak garuna eta mugimendua lotzean oinarritu dira, eta hau da mintzamenarekin egin den lehena.

Emaitza hori orain kaleratu badute ere, aspalditik ari dira lanean. Lehenik, ikertzaileek jakin behar zuten ea mintzamenarekin erlazionatutako garuneko eremuetan jarduera berdina duten paralisi-mota hori duten pertsonek eta pertsona osasuntsuek. Horretarako, erresonantzia magnetikoaren bidezko irudigintza funtzionala erabili zuten (RMIf). Teknika horrekin, garuneko jarduera irudietan ikusten da, eta pertsona horrenak eta osasuntsuenak alderatuta frogatu zuten berdinak zirela. Gainera, bokal jakin batzuen irudiak identifikatu zituzten.

Hurrengo pausoa mintzamenarekin erlazionatutako eremuetan ezartzeko elektrodoak diseinatzea izan zen. Elektrodoak ezartzea ez da erraza izaten, mugitu egiten baitira. Hortaz, behar zuten lekuan ainguratzeko, neuronei ugaltzen laguntzen dieten substantziekin estali zituzten elektrodoak; hartara, inguruan neuronak hazi ziren, eta ondo txertatuta geratu ziren.

Jarraian, garunaren seinaleak interpretatzen dituen programa informatikora konektatu zituzten elektrodoak, eta, horren bidez, paralisia duen pertsona hori zer bokaletan ari zen pentsatzen jakin zuten. Jakin eta entzun; izan ere, ordenagailuak ahots-sintetizagailu bat zuen, eta hark jasotako datuak soinu bihurtu zituen.

Programa informatiko hori garatzeko, hamabost urte behar izan dituzte. Oraingoz, hiru bokalen seinaleak identifikatzen ditu, baina laster gainerako bokalak eta kontsonanteak ere identifikatzea lortuko dutela uste dute ikertzaileek. Denborarekin, programak esaldi osoak ezagutzeko gaitasuna izatea espero dute. Zalantzarik gabe, aurrerapauso galanta izango litzateke paralisi larria duten pertsonentzat.

Eye tracking

Izan ere, nahiz eta azken urteetan asko aurreratu den, paralisi larria duten pertsonei komunikatzen laguntzen dieten gaur egungo sistemek muga dezente dituzte. Orain erabiltzen diren sistemen artean, ezagunenetakoa begiradan oinarritutakoa da. Eye traking deitzen zaio, eta pantaila batean letrak eta hitzak begiradarekin aukeratzean datza. Pantailaren gainean dagoen kamera batek begien mugimenduari jarraitzen dio, eta, hala, pantailan bertan idatzita azaltzen da pertsonak esan nahi duena. Ahots-sintetizagailu bati konektatuta badago, berriz, entzun ere, entzun daiteke.

Bostongo Unibertsitateko ikertzaileek aurkeztutakoaren aldean, begiradaren bidezko sistema hori motela da, baina horretan ere aurreratzen ari dira, eta pertsona askorentzat benetan lagungarria da. Gainera, beste arlo batzuetan ere erabiltzen da; batzuetan, helburu bitxiekin. Esaterako, bi pertsonaren artean zenbaterainoko harremana dagoen eta zer harreman-mota dagoen jakiteko erabili dute: nora eta nola begiratzen duten jakinda, gauza asko ondoriozta daitezke.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia