}

Pentsamendua irakurtzen duen sistema adimendun bat, ezindu larriei laguntzeko

2019/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pentsamendua-irakurtzen-duen-sistema-adimendun-bat
Garuna eta ordenagailua komunikatzeko NUPeko ikertzaileek proposatutako sistema. Arg. NUP

Garuna eta ordenagailu bat konektatzen dituen sistema baten bidez, eta adimen artifiziala erabilita, pertsona batek esku ezkerra ala eskuina mugitu nahi duen asmatzeko gai den sistema bat garatu dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Australiako eta Taiwango ikertzaileak, elkarlanean.

Hain zuzen, adierazi dutenez, NUPeko ekarpena gako izan da emaitza onak lortzeko. Nonbait, garunaren jarduera erregistratu ondoren, datuak sailkatu egin behar dira, haien ezaugarri komunak ateratzeko. Australiako eta Taiwango ikerketa-taldeek datuak sailkatzeko metodo tradizionalak erabiltzen zituzten, eta emaitzak ez ziren behar bezain onak. Orduan, garunaren jardueraren datuak agregatzeko Choqueten eta Sugenoren integral orokortuak erabiltzea proposatu zuten NUPekoek. Horri esker, erabiltzaileen asmoen ia % 79 asmatu zituzten, alegia, hamarretik ia zortzitan asmatu zuten eskuineko eskua ala ezkerrekoa mugitzeko asmoa ote zuten.

Metodo tradizionalen bidez lortutako emaitza hobetzeaz gain, iragarpena denbora errealean egiten dute, eta hori oso baliagarria da ahotsaren eta keinuen bitartez komunikatu ezin direnentzat. Ikerketa IEEE Computational Intelligence Magazine aldizkarian argitaratu dute. NUPeko ikertzaileen esanean, azken helburua da, adimen artifizialean oinarrituta, zehaztasun handiko garuna-ordenagailua interfazeen sistemak sortzea, komunikatzeko ezintasuna dutenen mesederako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia