Iristen zaizkigun informazio faltsuak eta jarrera negazionistak identifikatzeko, ezinbestekoa da jarrera kritikoa izatea. Pentsamendu kritikoa da, hain zuzen, pertsonak informazioa lortzeko eta ebaluatzeko duen gaitasuna. Ebidentzietan oinarrituta eta aurreiritziak alde batera utzita, informazio horren egiazkotasuna argitzeko saiakerari esaten zaio.
Pentsamendu kritikoa garatzeko dekalogo hau baliagarria izan daiteke ikasleentzat. Beren jarrera autoebaluatzen lagundu diezaieke:
Askotan eskuartean daukagun informazioa ontzat emateko nahikoa izaten da norberaren iritziarekin bat datorren arrazoiketa beste baten ahotik entzutea; baina, oso garrantzitsua da gure iritziarekin bat ez datozen iritziak eta arrazoiketak ere ezagutzea.
Pentsalari kritiko batek zalantzan jartzen ditu gai baten inguruan dituen iritziak, kontuan hartzen ditu beste iritzi batzuk, eta iritzi horien arrazoiketak ulertzen saiatzen da. Hau da, besteen argudioak ebaluatu aurretik, norberaren ideiak eta jarrerak argudiatzeko gai da. Gainera, bere iritzia ona dela uste duenean, gai da bere arrazoiketa errespetuz emateko eta defendatzeko, eta eztabaida aberatsa eta mamitsua sustatzen du.
Eztabaida batean parte hartzeko oso garrantzitsua da argudiatzen jakitea, hau da, ikuspuntu batetik abiatuta, argudio arrazoituen bidez iritzia adieraztea; eta argudiatzen ikastea abiapuntu ezin hobea da pentsamendu kritikoaren trebetasunak garatzeko, hala nola planteamendu argiak egiteko, ikuspegi anbiguoak identifikatzeko, argudioak ebaluatzeko, eta abar. Eztabaidak beraz, ikaskuntza sustatzen du, eta enpatia eta komunikazio-trebetasunak garatzen ditu; azken batean, pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen du.
Aurretik azaldutako guztiaren kontra, pentsamendu kritikorik ez duen pertsona batek suhartasunez defendatzen ditu bere iritziak, eta bestearen argudioak baliogabetzen saiatuko da haren arrazoiketak gutxietsiz, eta, kasurik okerrenean, “ad hominem” argudioa erabiliz. “Argumentum ad hominem” izenarekin ezagutzen den falazia erabiltzen duenak ez ditu aurkezten arrazoi egokiak; horren ordez, baieztapen bat aldezten duen pertsona gaitzesten du, edo pertsona hori bere ezaugarri edo ideiengatik erasotzen du, eta baieztapenaren sinesgarritasuna ezeztatzen saiatzen da.
Telebistan ikus daitezkeen eztabaida politiko asko horren erakusgarri dira: arrazoiak oihuka eta besteen argudioak gutxietsiz ezarri nahi dituzten tertuliakideek "ad hominem" argudioa erabiltzen dute askotan aurkako alderdiaren iritziei aurre egiteko, norberaren argudioei inolako kritikarik egin gabe, objektibotasunik gabe, eta iritzi guztiak hizlarien joera ideologikoak markatuta.
PPko Celia Villalobos diputatuak, adibidez, Podemoseko diputatuei eta haien itxurari buruz hitz egin zuen, ordura arte Diputatuen Kongresuan ohikoa zen traje eta gorbataz osatutako jantziaz aldentzen zirelako. Hain zuzen ere, hau esan zion Alberto Rodríguez Rodríguez diputatuari: “niri berdin dit rastak eramatea, baina garbiak eraman ditzala, niri zorriak ez kutsatzeko”. Telebistan egindako adierazpen horiekin, Villalobosek, Podemoseko diputatuaren iritziak argudioekin kritikatu beharrean, itxura mespretxatuz saiatu zen haren ideiak zapuzten.
Baina, horrelakoak ez dira bakarrik telebistan ikusten. Gure egunerokoan ere ohikoa da, adibidez, mugimendu feministaren kontrako arrazoiak ematerakoan “feminazi” hitza erabiltzea. Horrela, feministen aldarrikapen eta iritziei kontra egiteko arrazoiak errespetuz adierazi ordez, eraso egiten da haren alde dauden pertsonak gaitzesten saiatuz. Hau da, feminista bat nazi batekin parekatzen da, gizabanakoa (feminista) eta mugimendua (feminismoa) difamatzen saiatuz.
Pentsalari kritiko batek beraz, informazio baten inguruan besteek dituzten argudioak entzuten eta analizatzen jakin behar du, eta, bere iritzia defendatzeko, ebidentzietan oinarrituta argudioak emango ditu, betiere bestearekiko errespetua mantenduz eta esan nahi den hori ahalik eta argien adieraziz (elkarrizketaren mailara egokituz).
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Askotan gerta dakiguke informazioa pertsona famatu baten edo nolabaiteko autoritatea (politikoa, erlijiosoa, zientifikoa,...) duen pertsona baten bidez jasotzea. Baina, kontuz!, ospea edo autoritatea izateak ez du bermatzen informazioaren egiazkotasuna, ezta pertsona hori autoritate zientifiko bat bada ere.
Eskuartean dugun informazio bat sinesteko, oso garrantzitsua da jakitea norena den adierazpen hori eta ea aditua den adierazpenaren esparruan. Hurrengo lerroetan azaldu bezala, ematen den informazioaren arloan aditua izateak ere ez dio sinesgarritasun osoa ematen pertsona horri, eta, aurreko paragrafoan komentatu bezala, ezinbestekoa da jakintzagai horretan adituak diren beste batzuen iritzia ere ezagutzea, hau da, komunitate zientifikoaren iritzi ezagutzea.
Askotan gertatzen da pertsona batek informazio jakin bat zabaltzea, egia izan ala ez, bere ospea edo boterea baliatuta. Hala, gerta daiteke norbait bere ospeaz edo autoritateaz baliatzea gai bati buruzko (polemikoa normalean) iritzi pertsonalak zabaltzeko eta benetako informazioa zapuzteko (interes jakin batengatik ala ez).
Pentsamendu kritikoa duten pertsonek zalantzan jarriko dute informazioa, datorren bidetik etorrita ere, eta, nahiz informatzailea ospetsua edo gaiaren inguruko autoritate bat izan, esaten duena egia dela baieztatzen saiatuko dira. Baina beste batzuek pentsatuko dute nahikoa dela pertsona baten ospea edo autoritatea pertsona horrek dioena egia dela bermatzeko, beste ezer planteatu gabe.
Autoritate politikoa, ekonomikoa edo kulturala duen norbaitek bere esparruarekin zerikusirik ez duen zerbaiti buruz hitz egiten edo iritzia ematen duenean, errazagoa da esaten duenaren sinesgarritasuna zalantzan jartzea; baina, zer gertatzen da autoritatea zientifikoa denean? Bermatuta dago esaten duenaren sinesgarritasuna? Ez beti, eta informazioaren sinesgarritasuna bermatzeko, oso garrantzitsua da jakitea zer iritzi duen komunitate zientifikoak adituak esandakoaz.
Kontuz, beraz, nolabaiteko ospea edo autoritatea duen norbaitek ematen duen informazioarekin. Izan ere, pertsona baten ospeak edo autoritateak ez du bihurtzen erabateko egiaren jabe.
Aurreko paragrafoetan azaldutakoa falazia-mota batekin erlazionatu daiteke, Argumento ad verecundiam izenaz ezagutzen denarekin, hain zuzen: informazio baten sinesgarritasuna defendatzeko, gai horretan jakituna den norbait aipatzea esan nahi du, bestelako arrazoirik eman gabe.
Atal honetan azaldutako guztia errazago ulertzeko, zenbait pertsonak koronabirusaren inguruan esandakoen sinesgarritasuna aztertuko dugu hurrengo lerroetan. Arrazoi desberdinengatik, informazioa ematen duten pertsonek nolabaiteko ospea edo autoritatea dute, baina ikusi dugun bezala horrek ez die sinesgarritasuna ematen:
Miguel Bosé abeslari ospetsua: COVID-19aren pandemia hasi zenetik, Miguel Bosék protagonismo handia hartu zuen, ez bere abestiengatik, baizik eta gaitzaren hedapena geldiarazteko proposatutako neurriak etengabe zalantzan jartzeagatik sare sozialen bidez. Haren aldarrikapenak hizpide ugari eman dute, konspirazio-teoriei buruz egindako aipamenengatik eta COVID-19aren hedapena murrizteko neurriak txertoen merkatuarekin eta 5G-arekin erlazionatzeagatik.
Beste polemika batean ere protagonismo handia izan zuen artistak, maskara erabiltzearen aurka egin zuelako maskararen erabilera derrigortu zenean kalean birusaren hedapena murrizteko. Duen ospea erabili zuen Twitterreko kontutik Madrilen egindako maskararen erabileraren kontrako manifestazio-deialdia ikusgarriagoa egiteko eta han egongo zela jakinarazteko.
Bosék egindako baieztapenek ez zuten zehaztasun zientifikorik, eta gezurtatu egin ziren, baina haren jarraitzaile batzuek eta pandemia ez hedatzeko neurrien kontrako eszeptiko batzuek ere sinetsi egin zuten.
Aurrekoagatik guztiagatik, sare sozialetako kritika askoren itu bihurtu zen Bosé, eta, bere hitzak irentsi behar izan zituen; Instagrameko profilean argitaratu zuen bideo batean koronabirusa existitzen zela aitortu zuen. “Esan da esan dudala batzuek diotela birusa ez dela existitzen. Birusa existitzen da, eta birusak jende asko hil du”, esan zuen abeslariak. Bideoan, ordea, ez zuen aipatu maskaren erabilerari buruzko polemika, eta aprobetxatu zuen bere jarraitzaileei eskatzeko ez gelditzeko gaiaren inguruko ikuspuntu bakar batekin, eta salatzeko sare sozialetako profilak kenduz “zigortu” zituztela bera eta ideia berak defendatzen dituzten beste batzuk.
Donald Trump, AEBko presidentea: 2020ko apirilean, prentsaurreko batean esan zuen komeni zela aztertzea ea biriketan desinfektatzailea injektatzeak lagundu zezakeen koronabirusaren aurkako borrokan. Trumpen hitzek erantzun azkarra izan zuten; zientzialariek, segurtasun-agentziek eta produktu desinfektatzaileen fabrikatzaileek ohartarazi zuten arriskutsua zela desinfektatzailea edo lixiba irenstea, injektatzea edo gorputzean edonola sartzea. Osasunaren Mundu Erakundeak ere Trumpen adierazpenak ezeztatu zituen, eta ohartarazi zuen oso arriskutsua zela desinfektatzailea edatea edo injektatzea COVID-19aren gaitza sortzen duen Sars-Cov-2 birusa desagerrarazteko.
Baina izan zen Trumpen hitzak sinetsi zituenik ere, eta prentsaurrekoaren ondoko egunetan asko hazi zen New Yorkeko intoxikazioak kontrolatzeko zentroan lixiba edateagatik jasotako deien kopurua.
Desinfektatzaileen erabileraren inguruan egindako adierazpen horiek sortutako zurrunbiloa ikusita, ironiaz hitz egin zuela adierazi zuen Trumpek.
Cañizares Kardinala (Balentziako artzapezpikua): Cañizaresek, Ama Birjinaren Jasokundearen eguneko mezan (2020ko abuztuaren 15ean), ziurtatu zuen zientzia eta teknologia ez direla nahikoak koronabirusaren pandemiari aurre egiteko; benetako itxaropena Jainkoarengandik baino ezin dela etorri adierazi zuen.
Baina aurrekoa ez da Cañizaresek koronabirusaren inguruan egin duen adierazpen polemiko bakarra. Corpus Christiaren meza (2020ko ekainean) aprobetxatu zuen txertoen aurkako mugimenduko kide batzuen artean sortutako amen-omen bat zabaltzeko: koronabirusaren antidotoa aurkitzeko lasterketan, txertoetako bat abortatutako fetuen zelulekin egiten zela ohartarazi zuen Cañizaresek.
Cañizares kardinalak pandemiaren eta txertoen aurkako oposizioa gai moral edo erlijioso bihurtzeko erabili zituen esandako guztiak: koronabirusari aurre egiteko zientziaz gainera Jainkoa eta Ama Birjina ezinbestekoak zirela eta txertoa garatzeko abortatutako fetuen zelulak erabiltzen zirela (deabrua ere aipatu zuen). Cañizaresek elizako pulpitua erabili zuen bere autoritate erlijiosoaren bitartez gezurrak eta zientifikoki egiaztatu gabeko baieztapenak zabaltzeko.
Aurkeztu diren aurreko hiru adibidetako pertsonak ez dihardute lanean koronabirusaren inguruan, eta ez dira antzeko gaietan adituak. Baina atal honen hasieran esan bezala, gai batean aditua izateak ere ez du informazioaren sinesgarritasuna bermatzen. Hurrengo lerroetan beste bi adibide emango ditugu. Aurrekoekin konparatuz, pentsatzekoa da aurkezten diren kasuetako protagonistek, beren formakuntza eta lanengatik, gehiago dakitela koronabirusari eta pandemiari buruz. Goazen, bada, esan dutena sinesgarria den aztertzera:
“Médicos por la verdad” erakunde negazionista: “Médicos por la verdad” plataformak galderarik gabeko prentsaurreko batean aurkeztu zuen bere burua Madrilen 2020ko uztailean. Taldea Espainiako 140 medikuk baino gehiagok osatzen dute, eta Alemaniako “Ärzte für die Wahrheit" (Medikuak egiaren alde) plataforma du erreferentziatzat. Prentsaurrekoan esandako guztiak sare sozialetan zabaldu zen bideo batean jaso ziren, eta pandemiaren eta haren osasun- eta politika-kudeaketaren kontrako baieztapenak defendatzen eta justifikatzen zituzten. Prentsaurreko horretan frogarik gabe egin zioten eraso maskararen erabilerari, konfinamenduari eta SARS-CoV-2a detektatzeko erabiltzen diren PCR proben eraginkortasunari. Gainera, gripearen aurkako txertoaren eta COVID-19aren artean lotura dagoela edo gaixotasunerako tratamendu eraginkorra ezagutzen dela ere esan zuten.
“Médicos por la verdad” taldeak bere webgunean argitaratzen duenaren arabera, mendebaldeko medikuntzaren ikuspegia ez da ez osasungarria, ez zientifikoa. Hau da beren webgunean literalki jasotzen dutena: “Mendebaldeko medikuntzaren ikuspegia ez da ez osasungarria ez zientifikoa, eta, beraz, baimen informatuaren parametro etikoak urratzen ditu”. Facebookeko beren profilean argitaratutako bideo baten arabera, taldearen helburua koronabirusari buruzko ustezko egia azaltzea da, eta, hala, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiari dagokionez, "politikarien eta hedabideen bertsio ofiziala" zalantzan jartzea.
Mediku talde honek komunitate zientifikoaren kontrako iritzi asko defendatzen ditu, baina ez ditu pisuzko ikerketekin defendatzen bere baieztapenak. Beraz, ez dituzte informazio bat fidagarria izateko irizpideak betetzen. Hala ere, taldeak esandakoak baditu jarraitzaileak, eta pandemiaren inguruan sortu diren korronte negazionistek ere bere egiten dituzte haien argumentuak.
Euskadiko Biologoen Elkargoaren Dekanoa: Jon Ander Etxebarria Garate, Euskadiko Biologoen Elkargoaren Dekanoak, hainbat gogoeta argitaratu zituen 2020ko abuztuan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren osasun-krisian hartutako neurriak zirela eta. Bazterrak harrotu zituen dokumentuak, hainbat baieztapen faltsuak egiteagatik. Euskadiko Biologoen Elkargoaren (COBE) webgunean argitaratu zuen dokumentuan, Etxebarriak zalantzan jarri zituen asintomatikoen kutsatzeko gaitasuna, diagnostikorako erabiltzen den PCR probaren fidagarritasuna, birusaren hedapena murrizteko egindako konfinamendu zorrotzaren eraginkortasuna eta maskararen erabileraren egokitasuna, besteak beste. Etxebarriak dokumentuan aipatzen zituen iturrien artean ia ez zegoen artikulu zientifikorik; Youtubeko bideoak eta "Médicos por la verdad" elkartearen prentsaurreko bat aipatu zituen, besteak beste, iturri gisa, guztiak ere zehaztasun zientifiko badaezpadakoak.
Dokumentua COBEren webgunean argitaratu zen, eta elkargoak, dokumentua argitaratu eta egun batzuetara webgunetik kendu zuen. Dokumentua webgunetik erretiratzeko arrazoi hauek eman zituen, prentsa-ohar baten bidez: "Dokumentu hori ez da eztabaidatu, ez adostu; ez du COBEko Gobernu Batzordeko ezein kidek babestu, eta ez du islatzen Euskadiko biologoen talde osoaren pentsamendua. Iritzi pertsonal bat denez, ez zen COBEren webgune instituzionalean argitaratu behar, eta ez zuen COBEren logoa eraman behar; horregatik erretiratu da".
Dokumentuan kritikatutako informazio guztiak zientifikoki frogatu dira; horrek kritikak eragin zituen Etxebarriaren aurka, eta zalantzan jarri zen haren profesionaltasuna.
Aurreko bost adibideekin ikusi dugun bezala, jasotzen dugun informazioaren autoretzak ez du bermatzen haren sinesgarritasuna, eta, beste behin ere, argi eta garbi ikusten da zeinen garrantzitsua den informazioa kontrastatzea.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Hipotesi desberdinen azterketaren garrantzia
Zerbait ulertu edo azaldu nahi dugunean, oso garrantzitsua da jakitea azaldu edo ulertu nahi dena argudiatzeko modu ugari egon daitezkeela; hau da, hipotesi desberdinetan pentsatu behar dugu. Ondoren, hipotesi horietako bakoitza sistematikoki frogatzeko eta ezeztatzeko moduak aztertu behar dira (metodo zientifikoa). Hala, lan-hipotesi horien artean ezeztatu ez den hipotesiak azalpen zuzena izateko probabilitate handiagoa du, besterik gabe lehenengoa bururatutako hipotesia aukeratu izan bagenu baino.
Hipotesiak planteatzerakoan, oso garrantzitsua da ulertu edo azaldu nahi dugunaren inguruko informazioa arakatzea. Zenbat eta gehiago jakin zerbaiti buruz, orduan eta errazagoa izango da hipotesi desberdinak planteatzea eta burura datozkigun ideia edo hipotesi okerrak baztertzea.
Zientzialariak ohituta daude hipotesi desberdinekin lan egitera, baina nola eragiten du hipotesi desberdinen azterketa gure eguneroko bizimoduan? Eskuartean dugun informazio bati sinesgarritasuna emateko, komeni da argudiatzen dena aztertzea eta azalpenak emateko beste modurik badagoen ikustea. Hau da, egiaztatu behar da ea baden beste modu batera azaltzerik.
Pentsalari kritiko batek informazio bat jasotzen duenean, pentsatuko du ea badagoen informazioan baieztatzen den hori beste modu batera azaltzerik (ea beste hipotesirik dagoen), eta jasotako informazioa kontrastatuko du. Gainera, bere egunerokoan hartu beharreko erabakietan ere, erabaki horiek izan ditzaketen erantzun edo ondorioei buruz hausnartuko du; hau da, hartu beharreko erabakiek ekar ditzaketen ondorioak hartuko ditu kontuan.
Ez tematu norberaren hipotesia defendatzen
Normalean norberaren hipotesia edo argudioa hoberena dela pentsatzera jotzen dugu. Baina norberaren hipotesia edo arrazoibidea izateak ez du esan nahi benetakoa denik, ebidentziekin frogatu behar baita. Oso garrantzitsua da, beraz, norberaren hipotesi edo argudioa zalantzan jartzea eta beste batena izango balitz bezala aztertzea: baztertzeko arrazoiak bilatu, beste aukera batzuekin alderatu, eta abar.
Pentsalari kritiko batek, zurrumurruak eta engainuak baztertzen dituen bezala, saiatuko da besteek ez ditzaten bere akats berak egin kosta ahala kosta arrazoia izaten saiatzeagatik. Hala, gai bati buruzko iritzia eman aurretik, esan behar duenari buruzko hausnarketa sakona egingo du, besteen ikuspuntuak eta iritziak kontuan hartuz.
Hipotesia ezeztatzeko aukera / Hipotesien faltsabilitatea
Gertaeren berrespen independentea metodo zientifikoaren oinarrietako bat dela esan dugu lehen; bada, teoria (edo hipotesi) baten faltsabilitatea edo ezeztagarritasuna da funtsezko beste oinarria.
Horren arabera, edozein proposizio zientifikok gezurtatzeko aukera izan behar du. Hau da, metodo zientifikoak errefusatu egiten ditu egia absolutuak; beraz, proposizio zientifikoak ezingo dira inoiz guztiz egiazkotzat jo, “ez gezurtatutzat” baizik.
Baina hori ez da proposizio zientifikoekin bakarrik gertatzen. Edonoren egunerokotasunean sor daitezken eztabaidetan, inork ez du egia absolutua, eta argi izan behar da edonoren iritzia ezeztatu daitekeela. Norbaiten argudioa ezeztatzerakoan, kontrargudio bat erabili behar da adierazitako tesia edo ideia okerra edo faltsua dela erakusteko. Ideia edo argudio bat ezeztatzeko erabiltzen diren kontrargudioek, sinesgarriak izateko, ebidentzietan oinarrituta egon behar dute, eta horiek ere ezeztagarriak izan behar dute.
Pentsalari kritiko batek, beraz, beste pertsona baten baieztapen bat edo bere defentsarako erabiltzen dituen argudioak ezeztatzerakoan, ebidentzietan oinarritutako kontrargudioak erabiliko ditu. Kontrargudioak errespetuz eta besteak ulertzeko moduan azalduko ditu, inor barregarri utzi gabe eta erruki faltsua erakutsi gabe; bestela, nahiz arrazoirik ez izan, kontrargudioan emandako azalpena gaitzetsi dezake.
Atala honetan aipatutakoagatik guztiagatik, eztabaidaezina da hipotesiek duten garrantzia, eta ez bakarrik zientzian eta metodo zientifikoan, baita gure eguneroko bizimoduan ere.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Baieztapen batean azaldu nahi dena neurtu baldin badaiteke, hau da, azaltzen dena argudiatzeko zenbaki bidez azaldu badaiteke, askoz ere sinesgarriagoa izango da, objektiboagoa izango baita. Neurtu ezin denak, berriz, hau da, anbiguoa eta kualitatiboa denak, azalpen eta interpretazio subjektibo asko izan ditzake.
Adibide sinple batekin azalduko dugu: Udazkena da, eta urtaro horretan oso aldakor izaten da eguraldia. Hau da, egun batean beroa egin dezake eta hurrengoan hotza, egun batean euria eta hurrengoan ateri eta eguzkitsu dago… Zu etxean zaude, eta kalera ateratzeko zer arropa jantzi erabaki behar duzu. Leihotik begiratzen duzu, eta zure auzokide bat izerditan ikusten duzu, praka motzekin eta mauka motzeko kamisetarekin jantzita. Argi dago! Beroa da kanpoan!, pentsatzen duzu. Etxetik atera, eta ziztu bizian bueltatu behar izan duzu arropa aldatzera, hotzak zeundelako.
Ikusten duguna, askotan, ez da uste duguna, eta atsotitzak esaten duena bete daiteke: “Usteak erdia hutsa eta beste erdia putza”; beraz, ebidentziak bilatu behar dira usteak egia diren ikusteko. Kasu honetan, pentsalari kritiko batek informazioa aztertuko luke, eta saiatuko litzateke pentsatzen duena egiaztatzeko probak aurkitzen. Hau da, kaleko tenperatura jakiten saiatuko litzateke. Telefono mugikorreko app-ak kalean 12º C egiten dituela adierazten du. Orain bai, neurketaren bitartez datu objektibo bat lortu duzu, eta baduzu zer arropa jantzi erabakitzeko argudioa sendo bat.
Zergatik zegoen orduan izerditan auzokidea? Arrazoi ugarik azaldu dezakete leihotik ikusi duzuna: kirola egitetik dator, adibidez. Argi dagoena da hasierako behaketa (leihotik begiratzea) ez zela nahikoa egiten duen tenperaturari buruzko ondorioak ateratzeko eta ondorio horietan oinarrituta erabakiak hartzeko.
Adibideak argi uzten du argudioak sendoagoak izango direla zerbait erabakitzeko edo informazio baten sinesgarritasuna aztertzeko irizpideak neurgarriak baldin badira (edo datu sinisgarrietan oinarrituta badaude).
Aurreko guztiak ez du esan nahi neurtu ezin den zerbait gezurra denik; zalantzarik gabe, gai kualitatibo askok egiak azaleratzen dituzte, baina datuetan oinarritu gabe zailagoa da haien sinesgarritasuna defendatzea.
Estatistikaren garrantzia eta arriskuak
Ikusi dugu ezen argudioak, parametro neurgarrien datuekin osatzen direnean, sinesgarriagoak direla, baina datu horiek ere sinesgarriak izan behar dute; beraz, edozein baieztapen argudiatzeko erabiltzen diren datuak ere zuzenak direla egiaztatu behar da. Zientzian datuek ez dute ezertarako balio estatistikarik gabe, eta, onargarriak izateko, baldintza minimo batzuk bete behar dituzte.
Lagina, adibidez, oso garrantzitsua da datuetan oinarritutako ondorioak ateratzeko. Datuetan oinarritutako argudioak sendoak izateko, lagin estatistikoki adierazgarriak erabili behar dira.
Adibidez, demagun Euskal Herriko biztanleriak zezenketei buruz duen iritzia jakin nahi dugula. Datuak arakatzeko inkesta bat prestatzen dugu, eta Donostiako zaharren egoitza bateko 100 erabiltzaileri zezenketei buruz duten iritzia galdetzen diegu. 75 lagunek zezenketak gustukoak dituztela erantzun dute; beste 20k zezenketak ez zaizkiela gustatzen, eta gainerakoek esan dute ez dutela iritzirik zezenketei buruz. Datu horien arabera, beraz, esan dezakegu Euskal Herriko biztanleriaren % 75i zezenketak gustatzen zaizkiola. Aurreko baieztapena sinesgarria dela esango zenuke?
Pentsalari kritiko batek argi izango luke aurreko baieztapena ez dela zuzena. Alde batetik, laginaren tamaina ez delako egokia; oso txikia da Euskal Herriko biztanleriak edozein gairi buruz duen iritzia ondorioztatzeko. Bestetik, Donostiako biztanleei bakarrik galdetu zaielako; beraz, ez du Euskal Herri osoko iritzia jasotzen. Eta, azkenik, zaharren egoitza bateko erabiltzaileei egin zaielako; ez du adin-tarte guztietako jendearen iritzia islatzen.
Aurreko adibidearekin, beraz, argi geratzen da datuak sinesteko egiaztatu behar dela zein den datuon jatorria eta ea egokiak diren.
Korrelazioa da argudio bat ematerakoan kontu handiz erabili behar den beste kontzeptu estatistiko bat, korrelazioak ez baitu beti kausalitatea esan nahi. Kausalitatea fenomeno baten kausari eta efektuari dagokio, non zerbaitek beste zerbaiten aldaketa eragiten baitu zuzenean. Korrelazioa, berriz, bi aldagairen edo gehiagoren artean egindako konparazioa edo deskribapena da. Beraz, korrelazioak ez du beti kausalitatea esan nahi, hau da, bi fenomeno aldi berean gertatzeak ez du esan nahi batek bestea sortu duenik.
Honekin lotuta badago beste falazia bat, Cum hoc ergo propter hoc izenarekin ezagutzen dena eta horixe dio, hain zuzen: batera gertatzen diren bi gertaera ditugunean, bata bestearen kausa dela.
Adibidez, aztertu dezagun hurrengo argudioa: Droga kontsumitzaile askok arazo psikiatrikoak dituzte, eta arazo psikiatrikoak dituzten askok droga kontsumitzen dute. Beraz, droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sortzen ditu. Ondorioa egia izan daitekeen arren, argumentua faltsua da, drogaren kontsumoaren eta arazo psikiatrikoen arteko korrelazioak ezin baitu bermatu kausa-efektu erlazioa. Droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sor ditzake, baina gerta liteke arazo psikiatrikoek drogaren kontsumoa eragitea ere; edo biak hirugarren batek eragindakoak izatea; edo, bi gertaeren artean erlaziorik ez egotea eta kasualitate hutsa izatea.
Bi gertaera aldi berean gertatzen direnean, tentagarria izan daiteke batak bestea eragiten duela onartzea, baina, korrelazio estatistikoaz gain, informazio gehiago behar da gertaera baten eta bestearen artean kausazko erlazioa dagoela behar bezala ondorioztatzeko.
Liken neurketa:
Aurreko paragrafoetan esan bezala, errazagoa da neurtu daiteken baieztapen edo informazio bat argudiatzea, baina neurketak objektiboa izan behar du. Beraz, sare sozialetatik jasotzen diren informazioen like kopuruak ez du balio sinesgarritasuna bermatzeko, eta jende askori gustatzeak ez du esan nahi adierazten dena egia denik.
Informazio bat irakurtzean jendea bat badator hor esaten denarekin, like asko jasotzen ditu, baina horrek ez du egia bihurtzen. Hori oso lotuta dago argumentum ex populo deritzon beste falazia batekin. Ex populo argumentuak diskurtso populistetan, politikan, komunikabideetan eta eguneroko eztabaidetan erabiltzen dira, eta horrelako esaldiak erabiltzen ditu: “Eta ez dut nik esaten, mundu guztiak esaten du”, “Jende gehienak nire iritzi bera du”, “Mundu guztiak daki hori horrela dela”, eta abar.
Falazia hori logikaren erabilera desegokian oinarritzen da, gauzak ez baitira inoiz egiazkoak norbaitek ezagutzen dituelako (edo mundu guztiak ezagutzen dituelako), baizik eta frogatutako ebidentziekin bat datozelako. Beraz, kontuz Like asko dituzten edo trending topic bihurtzen diren informazioekin, jarraitzaile-kopuruak ez baitu haien sinesgarritasuna bermatzen.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Argudiatze-prozesua kate batekin aldera daiteke, non argudio bakoitza katearen maila bat baita, eta, beste argudioekin batera, baieztapen bat defendatzeko balio dute. Argudio bakoitza (katearen maila bakoitza) ebidentzietan oinarrituta defendatu behar da; beraz, ezinbestekoa da ikerketa-prozesu sakona egitea, kate-maila batek huts eginez gero ez baitu balioko argudio-prozesuak.
Argudiatze batek hiru elementu hauek izan ohi ditu:
-
Tesia edo premisa: defendatuko den informazioa edo baieztapena. Argumentu-katearen lehenengo maila izango litzateke.
-
Argudioak: premisa defendatzeko erabiltzen diren baieztapenak: ebidentzietan oinarrituak egon behar dute.
-
Ondorioa: egindako lanean erauzitako ideiak laburbiltzen dituen baieztapena, ideia nagusiak hartzen dituena eta ikertutakoa laburtzen duena. Aurretik aurkeztutako guztia indartzen du (katearen maila guztiak).
Argudiatze-prozesu osoa da garrantzitsua eta argudiatze-kateko maila guztiek funtzionatu behar dute, ez gehienek bakarrik.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Ahal izanez gero, gertakizunen edo baieztapenen berrespen independentea egon behar da. Hau da, beste edonork lortu behar ditu ikerketa batean lortutako emaitzak, ikerketaren esperimentazio-fasean planteatzen diren metodo bera baliatuz.
Zergatik diogu “ahal izanez gero”? Errepikagarritasunaren irizpidea ez delako betetzen zientzia guztietan. Teorikoagoak diren zientzietan —historian adibidez—, non fenomenoak ezin baitira modu kontrolatuan edo artifizialean errepikatu, ezin dira gertakari historikoak esperimentu baten bitartez errepikatu. Beste zientzia batzuetan, aldiz — zientzia esperimentaletan, batez ere—, errepikagarritasunak sinesgarritasuna emango die esperimentazioan oinarritutako emaitzen bidez inferitutako ondorioei.
Beraz, erreplikagarritasuna da aurrerapen zientifikoak finkatzeko oinarrizko ezaugarrietako bat. Metodo zientifikoaren azken urratsa jarraituz ikerketa baten emaitzak gizarteratzen direnean, hau da, informazio bat argitaratzen denean, haren sinesgarritasuna bermatuta dago ikerkuntzaren hipotesia berresteko esperimentazioa beste edonork egin eta emaitza eta ondorio berdinetara iristen bada. Errepikagarritasunaren azterketaren bidez, sendotu egin daitezke emaitzak eta ondorioak, edo ustekabeko akatsak eta iruzurrak hauteman daitezke. Errepikatu ezin bada, ezin da egiaztatu, eta ondorioz ez da sinesgarria.
Kasu gehienetan ezingo ditugu errepikatu iristen zaizkigun informazioak egiaztatzeko egin behar diren probak edo esperimentuak; Horregatik, gure eguneroko bizimoduan iristen zaigun informazioa kontrastatzeko, gomendatzen da gai horren inguruko adituen iritzia ezagutzea. Izan ere, oso baliagarria da komunitate zientifikoaren iritzia jakitea, jasotzen dugun edozein informazioren sinesgarritasuna aztertzeko; eskuartean dugun informazioa sinesgarria den aztertzen lagunduko digu.
Aurreko guztia hobeto ulertzeko, ikus ditzagun adibide batzuk, etxean izan ditzakegun elementuak erabiliz esperimentuen errepikagarritasuna aztertzeko balioko digutenak: jaso al duzu inoiz sare sozialetan birala egin diren erronkarik edo challengerik? Bada, erronka horietako adibide bat erabiliko dugu errepikagarritasunaren kontzeptua argitzeko eta erronka horretan planteatzen dena benetakoa den ikusteko: “Aulkiaren erronka” (#ChairChallenge).
Erronka hau asko hedatu zen sare sozialen bidez, beharbada —hainbeste zabaltzeko gako gisa—, esate zelako emakumeek bakarrik gainditu zezaketela. Hauek izan ziren erronkaren inguruan hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu ziren titular batzuk: “Chair Challenge, azken erronka birala ez da egokia gizonentzat” (El Mundo, 2019/12/04), “#Chairchallenge, emakumeek bakarrik gainditu dezaketen erronka birala” (El Periódico, 2019/12/04), “‘Chair Challenge’: emakumeek bakarrik egin dezaketen erronka biral berria” (Womenshealth, 2019/12/03), “'Chair Challenge', gizonek gainditu ezin duten erronka biral berria” (As, 2019/12/04), eta abar.
Gainera, egun horietan bideo asko zabaldu ziren sare sozialetan, erakutsiz zeinen erraz lortzen zuten emakumeek erronka eta zeinen baldarrak ziren gizonezkoak.
Komunikabideetan agertutako titularren eta #ChairChallenge traolarekin argitaratu ziren bideo gehienen arabera, argi geratzen zen emakumezkoek bakarrik lortu dezaketela erronka hori; baina, sinesgarritzat emango zenuke baieztapen hori egunkarietako albisteen eta biralizatu ziren bideo pilaren ondorioz bakarrik? Pentsalari kritiko batek aulki bat hartu, eta erronka egiteko ematen diren argibideei jarraituz, bere behaketa propioa egingo luke.
Zure pentsamendu kritikoa praktikan jartzen hasi nahi baduzu, hauek dira dira erronka egiten saiatzeko jarraitu beharreko pausoak:
-
Pareta baten aurrean jarri eta egin hiru pauso atzera (aulkia eskura izan).
-
Inklinatu gorputza aurrera 90 gradu, pareta ukitu arte.
-
Posizioa aldatu gabe, hartu aulkia bi eskuekin, eta gerturatu bularrera.
-
Aulkia askatu gabe altxatzen saiatu.
Erronka egiteko azalpenen bideoa ikusteko sakatu hemen.
Erronka egiteko erabiltzen den lagina txikia bada, hau da, erronka osatzen saiatzen diren pertsona-taldea txikia bada, oso litekeena da biralizatu zen emaitza bera errepikatzea, eta ontzat ematea egunkarietako titularretako eta bideoetako informazioa. Zabaldutako informazioarekin bat datozen emaitzak izanda ere, pentsalari kritiko batek zalantzan jarriko luke generoaren hipotesia, eta beste hipotesi bat planteatzen eta probatzen saiatuko litzateke: posible da erronka osatzeko arrakasta pertsonen ezaugarri morfologikoen araberakoa izatea?
Aurreko galderan planteatutakoa probatzeko, laginak handiagoa eta heterogenoagoa izan behar du, hau da, pertsona asko eta ezaugarri fisionomiko desberdinekoak hartu behar ditugu. Hala, erronkak generoarekin zerikusirik ez duela egiaztatuko duzu, erronka lortzeko gaitasuna pertsona bakoitzaren ezaugarri morfologiko eta antropometrikoen araberakoa baita.
Beraz, gezurra da emakumeak bakarrik direla erronka egiteko gai, ezaugarri morfologiko zehatz batzuk dituzten gizonak ere erronka egiteko gai baitira. Modu berean, egongo dira beren morfologia eta ezaugarri antropometrikoengatik erronka osatzeko gai ez diren emakumeak ere. Emakumezkoen eta gizonezkoen gorputzen ezaugarri morfologiko orokorren ondorioz, emakume gehiago izango dira erronka egiteko gai gizonezkoak baino, baina ez emakume edo gizon izateagatik; beraz, titularrean emandako informazioa ez da zuzena.
Antzeko beste adibide bat: NASAren mezu batean oinarriturik, sare sozialetan asko zabaldu zen beste erronka bat da, erratzaren erronka (#BroomstickChallenge). 2020ko martxoaren erdialdean, COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez etxean berrogeialdian geundenean, erratzaren erronka indar handiz biralizatu zen herrialde askotan. Erronkak berak ez du sekretu handirik: helburua da erratz bat zutik jartzea eta zutik eustea inork heldu gabe eta inolako euskarririk gabe. Bideo eta argazki ugari partekatu ziren sare sozialetan, gainditutako erronka biralaren erakusgarri. Hona erronka aurkezteko sare sozialetan zabaldu zen mezua:
“#NASAren arabera, gaur da, Lurraren ardatzaren inklinazioagatik erratz bat laguntzarik gabe zutik mantenduko den egun bakarra; 3.500 urtean behin gertatzen da hori” (Twitter, @karenmercadop, 2020/03/17)
Baina ez zen mezu hori sare sozialetan zabaltzen zen lehenengo aldia. Hona aurretik argitaratutako antzeko mezu bat:
“Tira, NASAk esan zuen gaur zela erratz batek laguntzarik gabe zutik eutsiko zion egun bakarra, grabitazio-erakarpenaren ondorioz... Hasieran ez nuen sinetsi, baina ene Jainkoa!” (Twitter, @Mikaylaaaaa, 2020/02/10)
Erronka planteatzeko biralizatu ziren aurreko mezuek bazeuzkaten berezitasun batzuk: alde batetik, erronka osatzeko aukera egun jakin batera mugatua egotea (bi mezuetan egun desberdina), eta 3.500 urte pasatu arte ezingo zela errepikatu adierazten zuen. Bestetik, NASAri egiten dion aipamenaren arabera, erakunde espazialean egongo litzateke baieztapenaren jatorria.
Zer egingo zuen pentsalari kritiko batek aurreko mezuetako bat jasotzerakoan? Argi dago, lehenengo gauza erratza bat hartu eta zutik jartzen saiatuko litzateke. Demagun, sare sozialetan #BroomstickChallenge traolarekin zabaldu ziren argazki eta bideoetan bezala, erratza zutik jartzen eta inolako laguntzarik gabe zutik mantentzea lortzen duela. Erronkak planteatzen duena sinetsiko luke? Ez, ez luke sinetsiko, erronkak planteatzen duen baieztapenetako bat soilik baieztatzen delako: egun jakin horretan erratza zutik mantentzen da. Baieztapenaren sinesgarritasuna bermatzeko, saiatuko litzateke gaiari buruzko informazioa arakatzen eta erratza beste egun batean zutik mantentzen. Hori eginda, mezuetan esaten dena gezurra dela ikusiko luke, edozein egunetan jar daitekeelako zutik erratza eta hari zutik eutsi. Erratza-motaren arabera, errazagoa edo zailagoa izango da erronka, baina horrek ez du zerikusirik Lurraren ardatzaren inklinazioarekin, ezta Lurraren grabitate-indarrarekin ere.
Informazioaren jatorriari dagokionez, ustez, NASA izan zen erronka egun horretan bakarrik egin daitekeela esan zuena, baina ez dago horren aztarnarik. Beraz, zabaldu zen mezua amen-omen bat izan zen. Erronkarekin erlazionatutako mezuak hainbeste hedatu ziren, ezen NASA berak txio bat argitaratu zuen, eta erronkan planteatutako baieztapenak gezurtatu zituen. Honela zioen 2020ko otsailaren 10ean #BroomstickChallenge traolarekin biralizatu zen erronkari erantzunez NASAk argitaratu zuen mezuak:
“Alvin Drew astronautak eta Sarah Noble zientzialariak #BroomstickChallengeari erantzun diote, eta erakutsi dute oinarrizko fisikak urteko egun guztietan funtzionatzen duela, ez bakarrik otsailaren 10ean”
Adibide hauekin, beraz, agerian geratzen da zeinen garrantzitsua den gertaeren berrespen independentea pentsamendu kritikoa garatzeko bidean. Posible denean, gertaeren berrespena norberak egitea komeni da, baina esperimentazio horrek ematen dituen emaitzak ontzat emateko, ezinbestekoa da komunitate zientifikoak gaiaren inguruan duen iritzia ezagutzea.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Azken urteotan, sare sozialek asko aldatu dute informazioa kontsumitzeko modua, eta informazioak etengabe bonbardatzen gaitu formatu eta euskarri desberdinen bidez; Informazio asko izatea positiboa eta onuragarria izan beharko litzateke, baina zer gertatzen da jasotzen dugun informazio gehiena egiazkoa ez denean? Errealitate horrekin egin zuen topo Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaile talde batek. Zenbait ikerketatan oinarrituta, ondorioztatu zuten Twitterren ageri diren albiste faltsuak, fake newsak, egiazkoak baino askoz gehiago direla. Gainera, ikusi zuten gezurrak askoz gehiago zabaltzen direla, hau da, gehiago partekatzen direla; Twitterren istorio faltsu bat kontatzen duen txio batek, fake news batek, egiazko txio batek baino % 70eko probabilitate handiagoa du bertxiotua izateko, hau da, sare sozialaren beste erabiltzaile batzuei zabaltzeko.
Ildo beretik, Nature Physics aldizkarian argitaratu zen artikulu batean, ondorioztatu zuten desinformazioa (fake newsak) birus biologikoen antzera zabaltzen dela baina azkarrago eta jende gehiagorengana hedatzen dela. Artikuluaren egileek azaltzen dutenez, informazioa inoiz baino azkarrago hedatzen da, bai informazio "ona", baita fake news izenaz ezagutzen diren albiste faltsuak ere.
Egoera horren aurrean, Facebooken, Instagram sare sozialaren eta WhatsApp aplikazioaren jabea neurriak hartzen hasi zen fake newsen hedapena murrizteko plataforma horietan, eduki biralen birbidaltzea mugatuz. Googlek eta Twitterrek ere antzeko neurriak iragarri dituzte beren plataformetan informazio faltsua ez zabaltzeko.
Baina fake newsen hedapenaren erantzuleak ez dira Facebook, WhatssApp, Twitter edo antzeko sare sozialak. Pertsonen arteko aurrez aurreko harremanetan ere fake newsak hedatzen dira, lagunekin hizketan gaudela aipatzen diren txutxu-mutxuen bidez, adibidez. Pertsonak gara, beraz, benetako informazioen eta informazio faltsuen hedapenaren erantzuleak. Horregatik, gure ardura da fake newsen hedapena saihestea, iristen zaigun, aurkitzen dugun eta partekatzen dugun informazioarekin kritikoak eta analitikoak izanik; eta, gure esku dago albiste faltsu horietako baten aurrerabidea etetea.
Baina, nola bereizten dira albiste errealak eta fake newsak? Hurrengo lerroetan, Pilar Rodríguez Franco Biologia Ebolutiboko Institutuko komunikazio-arduradun eta dibulgatzaile zientifikoak emandako aholkuak aurkeztuko ditugu. Aholku horiek lagungarriak izan daitezke albisteak «pentsalari kritikoaren betaurrekoekin» irakurtzeko eta informazioa erreala den edo fake newsa den identifikatzen laguntzeko:
-
Ez erreparatu albistearen titularrari bakarrik: Garrantzitsua da artikuluak aurkezten dituen xehetasunak aztertzea. Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta errazagoa izango da haren sinesgarritasuna zehaztea.
-
Bilatu informazio-iturria: Aurkitu eta aztertu informazioaren jatorria. Aurkikuntza zientifikoei, osasunari eta aurkikuntza harrigarriei buruzko berriek —bai eta gainerako informazioek ere— iturriari egin behar diote erreferentzia. Beraz, zalantzan jarri informazio-iturririk gabe jasotzen dituzun informazioak.
-
Eszeptizismoz aztertu oso harrigarriak diren baieztapenak: aztertu behar da ea ebidentzietan oinarritutako baieztapen baten aurrean gauden edo, aldiz, albiste gehiegizko edo faltsu baten aurrean.
-
Informazioa egiaztatu: Informazio deigarri edo alarmista bat leku batean bakarrik agertzen bada (webgune bat, komunikabide bat...), zalantzan jarri, eta saiatu aurkitzen informazio bera edo horri erreferentzia egiten dioten beste informazio batzuk beste webgune edo komunikabide batzuetan, aurrekoaren egiazkotasuna berresten laguntzeko.
-
Ez birbidali edo zabaldu kritikoki aztertu ez duzun informaziorik: Jasotzen dugun informazio bat egiazkoa den aztertu gabe birbidaltzeak informazio faltsua zabaltzen lagundu dezake. Sarritan, informazioa argitaratzen duen erakundearen webgunearen azterketa batek edo informazioa egiaztatzeko interneten egindako bilaketa azkar batek agerian utz dezake albiste faltsu bat dela.
Baina, aipatu den bezala, fake newsak ez dira internet bidez bakarrik hedatzen, pertsonen arteko zuzeneko elkarrizketetan ere zabaltzen da informazio faltsua. Adibidez, azken hilabeteetan COVID-19aren inguruan hitz egin duzunean jendearekin, seguru asko entzungo zenion norbaiti ustez egia zen zerbait esaten, nahiz zuk aurrez jakin gezurra zela. Seguruenik, ezjakintasun hutsez ariko zen, hau da, fake news bat zabaltzen, asmo txarrik gabe bazen ere.
Internet bidezko mezu baten bidez zein aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez informazio faltsu bat jasotzen dugunean, oso garrantzitsua da informazio horren igorleari, gertuko pertsona bat bada behintzat, oker dagoela esaten jakitea. Askotan ez da erraza izaten, baina saiatu behar dugu ikusarazten oker dagoela. Fake newsak identifikatzen dituen maldita.es webgunean, psikologo adituekin hitz egin ondoren, egoera honen aurrean jokatzeko hurrengo gomendioak argitaratu zituzten:
-
Ez egin erasorik inori eta ez barregarri utzi oker dagoen eta fake newsa bidali duen pertsona: enpatiaz jokatu, eta argi izan momenturen batean zuk ere informazio faltsu bat sinetsi eta zabaldu dezakezula. Horrela, aurrean duzun pertsona ez da defentsiban jarriko, eta errazagoa izango da helarazi nahi diozun mezuari erreparatzea eta horri buruz hausnartzea.
-
Saiatu ulertzen zerk bultzatu duen fake newsa zabaltzera: zer esaten duen, nola esaten duen eta zer asmorekin esaten duen aztertu behar da. Gertuko pertsona bada, litekeena da asmo txarrik ez izatea, eta, beraz, oso garrantzitsua da haren arrazoibidea ulertzen saiatzea oker dagoela konbentzitzen saiatu aurretik. Batzuetan, beldurrak, egoera bat ez kontrolatzeak edo bakardadeak bultza dezake pertsona bat informazio faltsu bat sinestera.
-
Kontua ez da gure azalpenarekin bestearen gainetik geratzea, oker dagoela azaltzea baizik: oker dagoela frogatu behar dugu, baina errespetuz, betiere azalduz haren informazioari kontra egiten dioten argudio sendo eta hobeak daudela.
-
Hobe da zentzu positiboan hitz egitea negatiboan baino: Adituen ustetan, garrantzitsua da komunikazio positiboa baliatzea, esaldi positiboak erabiltzea. Adibidez, hobe da “txertoak seguruak dira” esatea, “txertoek ez dute gaixotasunik eragiten” esatea baino. Gainera, fake newsa bidali duen pertsonak beste batean ekarpen baliotsuak egiten dituenean edo informazioren bat zuzentzen duenean, garrantzitsua da jarrera hori gure onespen sozialaren bidez indartzea.
-
Adeitasunez, baina zuzenketa beti egin behar da: informazio faltsu bat zabaltzen ari den pertsonarekin hitz egitean, nahiz eta egoera deserosoa izan, fake news bat zabaltzen ari dela esan behar zaio, eta gaiari buruzko informazio ofizialera bideratzea komeni da.
-
Argumentu erraz baina sendoekin konbentzitzen saiatu: Esaten duena egia ez dela ikusarazteko erabiltzen dugun informazio-kopurua ere zaindu behar da. Kontua ez da informazio eta datu pila ematea, egokienak ematea baizik.
-
Noiz eta non hitz egin behar dugu fake news bat bidaltzen digun pertsona batekin? Komunikazioa hobea da aurrez aurrekoa denean, baina beti ez da posible. Nolanahi ere, hobe da komunikazioa esparru pribatuan eta momentu lasai batean izatea. Horrela, etenak saihestuko dira, eta bien arteko eztabaida eta argudioen azalpen lasaia sustatuko da. Onlineko komunikazioetan, errazagoa da elkarrizketa etetea eta informazio-iturrietara jotzea, baina jokoz kanpo geratzen da norberaren emozioak azaltzeko eta bestearenak identifikatzeko hain garrantzitsua den gorputz-hizkuntza.
Desinformazioaren hedapena murrizteko, oso garrantzitsua da aurreko gomendio guztiei jarraitzea; Izan ere, fake newsek Espainian duten eraginari buruzko ikerketa baten arabera, Espainiarren % 86k zailtasunak ditu informazio faltsuak eta egiazko albisteak bereizteko, eta inkestatutakoen % 4k dio albiste faltsuren bat sortu duela, eta haietako erdiek onartzen dute zabaldu egin dituztela.
Aurrekoagatik guztiagatik, adi egon behar dugu iristen zaizkigun eta zabaltzen ditugun informazioekin, askoz errazagoa baita fake news bat sortzea eta zabaltzea informazio faltsu bat gezurtatu eta haren hedapena saihestea baino.
Beraz, informazio faltsuen ugaritze horren aurrean, pentsamendu kritikoa erabili behar dugu; izan ere, fake newsek pentsamendu kritikorik ez duten eta irakurtzen edo entzuten duten guztia sinesten duten pertsonen bidez egiten dute aurrera.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Falazia bat, arrazoibide baliogabea edo engainagarria da, itxura zuzena eta sinesgarria duena. Falaziaren alderdirik txarrena da batzuetan identifikatzen zaila izaten dela. Falazia ugari daude, eta kontuz ibili behar da haiekin. Hurrengo lerroetan, askotan erabiltzen diren falazia batzuk aurkezten dira:
Argumentum ad ignoratiam:
Argumentum ad ignoratiam deritzon falaziak onartzen du ezen zerbaiten kontrako ebidentziak ez ezagutzea aldeko ebidentzia bat dela. Beste modu batera esanda, informazio bat defendatzen saiatzen da kontrakoa frogatzen duen ebidentziarik ez dagoela argudiatuz.
Falazia hori erabiltzean, beraz, argudioak ez dira ezagutzan oinarritzen, ezagutza faltan baizik; hau da, ezjakintasunean. Adibidez: “Inork ez du frogatu beste planeta batzuetan bizia dagoenik; beraz, ez dago”, “Mamuak existitzen dira, inork ez baitu frogatu ez direla existitzen”, “Inork ezin du frogatu astroek ez dutela eraginik gure bizitzan; beraz, astrologiaren iragarpenak egiazkoak dira” eta abar.
Argumento ad verecundiam:
Askotan gertatzen da pertsona batek informazio jakin bat zabaltzea, egia izan ala ez, bere ospea edo boterea baliatuta. Hala, gerta daiteke norbait bere ospeaz edo autoritateaz baliatzea gai bati buruzko (polemikoa normalean) iritzi pertsonalak zabaltzeko eta benetako informazioa zapuzteko (interes jakin batengatik ala ez).
Autoritate politikoa, ekonomikoa edo kulturala duen norbaitek bere esparruarekin zerikusirik ez duen zerbaiti buruz hitz egiten edo iritzia ematen duenean, errazagoa da esaten duenaren sinesgarritasuna zalantzan jartzea; baina, zer gertatzen da autoritatea zientifikoa denean? Bermatuta dago esaten duenaren sinesgarritasuna? Ez beti, eta informazioaren sinesgarritasuna bermatzeko, oso garrantzitsua da jakitea zer iritzi duen komunitate zientifikoak adituak esandakoaz.
Kontuz, beraz, nolabaiteko ospea edo autoritatea duen norbaitek ematen duen informazioarekin. Izan ere, pertsona baten ospeak edo autoritateak ez du bihurtzen erabateko egiaren jabe.
Aurreko paragrafoetan azaldutakoa falazia-mota batekin erlazionatu daiteke, Argumento ad verecundiam izenaz ezagutzen denarekin, hain zuzen: informazio baten sinesgarritasuna defendatzeko, gai horretan jakituna den (edo nolabaiteko autoritatea duen) norbait aipatzea esan nahi du, bestelako arrazoirik eman gabe. Adibidez: “Arrazoia du berak; biologia ikasi zuen, eta asko daki horri buruz”. Pertsona horrek arrazoia izan dezake esaten duen horretan, baina ez biologia ikasi zuelako.
Argumentum ex populo:
Informazio bat irakurtzean jendea bat badator hor esaten denarekin, like asko jasotzen ditu, baina horrek ez du egia bihurtzen. Hori oso lotuta dago argumentum ex populo deritzon beste falazia batekin. Ex populo argumentuak diskurtso populistetan, politikan, komunikabideetan eta eguneroko eztabaidetan erabiltzen dira, eta horrelako esaldiak erabiltzen ditu: “Eta ez dut nik esaten, mundu guztiak esaten du”, “Jende gehienak nire iritzi bera du”, “Mundu guztiak daki hori horrela dela”, eta abar.
Falazia hori logikaren erabilera desegokian oinarritzen da, gauzak ez baitira inoiz egiazkoak norbaitek ezagutzen dituelako (edo mundu guztiak ezagutzen dituelako), baizik eta frogatutako ebidentziekin bat datozelako. Beraz, kontuz Like asko dituzten edo trending topic bihurtzen diren informazioekin, jarraitzaile-kopuruak ez baitu haien sinesgarritasuna bermatzen.
Cum hoc ergo propter hoc:
Argudioak, parametro neurgarrien datuekin osatzen direnean, sinesgarriagoak dira, baina datu horiek ere sinesgarriak izan behar dute; beraz, edozein baieztapen argudiatzeko erabiltzen diren datuak ere zuzenak direla egiaztatu behar da. Zientzian datuek ez dute ezertarako balio estatistikarik gabe, eta, onargarriak izateko, baldintza minimo batzuk bete behar dituzte.
Korrelazioa da argudio bat ematerakoan kontu handiz erabili behar den kontzeptu estatistiko bat, korrelazioak ez baitu beti kausalitatea esan nahi. Kausalitatea fenomeno baten kausari eta efektuari dagokio, non zerbaitek beste zerbaiten aldaketa eragiten baitu zuzenean. Korrelazioa, berriz, bi aldagairen edo gehiagoren artean egindako konparazioa edo deskribapena da. Beraz, korrelazioak ez du beti kausalitatea esan nahi, hau da, bi fenomeno aldi berean gertatzeak ez du esan nahi batek bestea sortu duenik.
Honekin lotuta badago beste falazia bat, Cum hoc ergo propter hoc izenarekin ezagutzen dena eta horixe dio, hain zuzen: batera gertatzen diren bi gertaera ditugunean, bata bestearen kausa dela.
Adibidez, aztertu dezagun hurrengo argudioa: Droga kontsumitzaile askok arazo psikiatrikoak dituzte, eta arazo psikiatrikoak dituzten askok droga kontsumitzen dute. Beraz, droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sortzen ditu. Ondorioa egia izan daitekeen arren, argumentua faltsua da, drogaren kontsumoaren eta arazo psikiatrikoen arteko korrelazioak ezin baitu bermatu kausa-efektu erlazioa. Droga kontsumitzeak arazo psikiatrikoak sor ditzake, baina gerta liteke arazo psikiatrikoek drogaren kontsumoa eragitea ere; edo biak hirugarren batek eragindakoak izatea; edo, bi gertaeren artean erlaziorik ez egotea eta kasualitate hutsa izatea.
Bi gertaera aldi berean gertatzen direnean, tentagarria izan daiteke batak bestea eragiten duela onartzea, baina, korrelazio estatistikoaz gain, informazio gehiago behar da gertaera baten eta bestearen artean kausazko erlazioa dagoela behar bezala ondorioztatzeko.
Argumentum ad hominem:
Argumentum ad hominem izenarekin ezagutzen den falazia erabiltzen duenak ez ditu aurkezten arrazoi egokiak; horren ordez, baieztapen bat aldezten duen pertsona gaitzesten du, edo pertsona hori bere ezaugarri edo ideiengatik erasotzen du, eta baieztapenaren sinesgarritasuna ezeztatzen saiatzen da.
Telebistan ikus daitezkeen eztabaida politiko asko horren erakusgarri dira: arrazoiak oihuka eta besteen argudioak gutxietsiz ezarri nahi dituzten tertuliakideek ad hominem argudioa erabiltzen dute askotan aurkako alderdiaren iritziei aurre egiteko, norberaren argudioei inolako kritikarik egin gabe, objektibotasunik gabe, eta iritzi guztiak hizlarien joera ideologikoak markatuta.
PPko Celia Villalobos diputatuak, adibidez, Podemoseko diputatuei eta haien itxurari buruz hitz egin zuen, ordura arte Diputatuen Kongresuan ohikoa zen traje eta gorbataz osatutako jantziaz aldentzen zirelako. Hain zuzen ere, hau esan zuen Alberto Rodríguez Rodríguez diputatuari buruz: “niri berdin dit rastak eramatea, baina garbiak eraman ditzala, niri zorriak ez kutsatzeko”. Telebistan egindako adierazpen horiekin, Villalobosek, Podemoseko diputatuaren iritziak argudioekin kritikatu beharrean, itxura mespretxatuz saiatu zen haren ideiak zapuzten.
Baina, horrelakoak ez dira bakarrik telebistan ikusten. Gure egunerokoan ere ohikoa da, adibidez, mugimendu feministaren kontrako arrazoiak ematerakoan “feminazi” hitza erabiltzea. Horrela, feministen aldarrikapen eta iritziei kontra egiteko arrazoiak errespetuz adierazi ordez, eraso egiten da haren alde dauden pertsonak gaitzesten saiatuz. Hau da, feminista bat nazi batekin parekatzen da, gizabanakoa (feminista) eta mugimendua (feminismoa) difamatzen saiatuz.
Pentsalari kritiko batek, jakin behar du informazio baten inguruan besteek dituzten argudioak entzuten eta analizatzen, eta bere iritziak ebidentzietan oinarritutako argudioak emanez defendatzen. Besteen argudioetan falaziak identifikatzen saiatuko da eta falaziak erabiltzea saihestuko du bere ideiak defendatzeko erabiliko dituen argudioetan.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Esteka interesgarria: https://falacias.escepticos.es/
Argi dago pertsona batek ezin duela dena jakin. Izan ere, zientzialariek ere ez dute zientziaren arlo guztiei buruzko prestakuntza, arlo jakin batzuetan espezializatzen baitira. Baina zerbait ez ezagutzeak edo zerbaiti buruz ezer ez jakiteak ez du esan nahi existitzen ez denik; bakarrik adierazten du gai horri buruz ez dakigula ezer.
Eta hori ez da txarra, ezjakintasun hori gaiari buruzko jakin-mina pizteko gai baldin bada; hau da, premisak ezagutzeko, inferentzia (premisetatik ondorio batera heltzeko prozedura) egokien bidez argudioak hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko, kausen eta ondorioen arteko erlazioa aztertzeko, eztabaida sustatzeko eta hainbat informazio-iturri kontrastatzeko baliagarri baldin bada.
Baina badira ezjakintasunak deseroso sentiarazten dituen pertsonak ere, ezjakintasun hori harrokeriaren bidez ordezten saiatzen direnak, zalantzan jarriz ezagutzen ez duten hori, funtsik gabeko informazioak erabiliz argudio gisa, eta beste batzuen ezagutza ere ukatuz.
Gaur egun asko dira, koronabirusaren inguruan dagoen ezjakintasunaren aurrean, zientziak poliki-poliki argitzen duen informazioa zalantzan jartzera ausartzen direnak.
Koronabirusaren inguruko horrelako esaldi pila entzungo zenituen ziur asko: “Musukoaren erabilerak ez du ezertarako balio”, “Pandemia ez da existitzen”, “Sars-Cov-2a laborategian sortutako birusa da”, “Asintomatikoek ez dute birusa kutsatzen” eta abar. Bada, inolako oinarri zientifikorik gabeko baieztapenak dira, eta, nahiz eta oraindik asko dugun ikasteko koronabirusari buruz, zientzia gai da horiek guztiak ezeztatzeko, metodo zientifikoa erabiliz sortutako ezagutzarekin.
Koronabiruaren negazionistek, Lurra laua dela defendatzen duten “terraplanistek” eta sasizientzietako jarraitzaileek funtsik gabeko argudioetan oinarritzen dituzte beren baieztapenak, metodo zientifikoa erabili gabe. Metodo zientifikoa erabiliz erauzten den ezagutza ordea, poliki-poliki sortzen bada ere, sendoagoa izango da ezjakintasunetik bat-batean eta funtsik gabeko argudioekin sortutakoa baino. Gainera, ebidentzietan oinarritutako ezagutza denez, oso erabilgarria izango da funtsik gabeko baieztapenei aurre egiteko.
Pentsalari kritiko batek ezer ez dakien zerbaiti buruzko informazio bat jasotzen duenean, ez ditu esango burura datozkion lehenengo ideiak eta iritziak, gai horri buruzko bere ezjakintasuna ezkutatzeko asmo hutsez. Ezjakintasuna onartu, eta gaiari buruz ikasten saiatuko da. Horretarako, jasotako informazioa beste iturri batzuekin kontrastatuko du, eta beste pertsona batzuek (adituek/komunitate zientifikoak) horri buruz duten iritzia ezagutzen saiatuko da. Eta hori ez du aplikatuko informazio zientifikoak jasotzen dituenean soilik; izan ere, berdin-berdin joka dezake edonork egunerokoan jasotzen dituen informazioekin.
Bada beste falazia bat hemen azaltzen denarekin estu lotua: Argumentum ad ignoratiam deritzo. Falazia horrek dio defendatzen den ideiaren kontrako ebidentziak ez ezagutzea aldeko ebidentzia bat dela. Beste modu batera esanda, informazio bat defendatzen saiatzen da kontrakoa frogatzen duen ebidentziarik ez dagoela argudiatuz. Falazia hori erabiltzean, beraz, argudioak ez dira ezagutzan oinarritzen, ezagutza faltan baizik; hau da, ezjakintasunean. Adibidez: “Inork ez du frogatu beste planeta batzuetan bizia dagoenik; beraz, ez dago”, “Mamuak existitzen dira, inork ez baitu frogatu ez direla existitzen”, “Inork ezin du frogatu astroek ez dutela eraginik gure bizitzan; beraz, astrologiaren iragarpenak egiazkoak dira” eta abar.
Aurrekoagatik guztiagatik, ezagutzen ez dugun gai bati buruzko informazioa jasotzen dugunean, gaiari buruzko gure ezjakintasuna agerian uztea mehatxutzat hartu beharrean, ikasteko aukera gisa hartu behar dugu, betiere ebidentzietan eta iturri fidagarrietan oinarrituz.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Pentsamendu kritikoa garatzeko ezinbestekoa da METODO ZIENTIFIKOA zer den jakitea eta metodo honek dituen pausoak ezagutzea. Beraz, goazen bada poliki-poliki metodo zientifikoa zer den ikustera.
Metodo zientifikoa da helburutzat ezagutza sortzea duen sistema bat, urrats desberdinez osatua, eta fenomeno eta gertaera enpirikoak egiaztatzen dituena. Metodo zientifikoan, behaketa erabiltzen da hipotesiak proposatzeko eta, esperimentazioaren bidez, hipotesi horiek egiaztatzeko edo ezeztatzeko. Oso garrantzitsua da metodo zientifikoa erabiliz sortutako ezagutza gizarteratzea (argitaratzea), jakintza berri horiek beste jakintza batzuen osagarri edo oinarri izan baitaitezke.
Beraz, metodo zientifikoa ezagutzan aurrera egiten laguntzen diguten tekniken eta prozeduren multzoa da, bi euskarri nagusitan oinarritua: errepikagarritasuna (beharrezko prestakuntza eta tresnak dituen edozeinek behaketa edo esperimentua errepikatu dezake) eta faltsutzea (gure teoria edo hipotesiek emaitza batzuk iragarri behar dituzte, eta, halakorik egin ezean, emaitza horiek ukatu egingo lirateke).
Esan bezala, metodo zientifikoa zenbait pausoz osatuta dago.
Galdera: jakin nahi denaren inguruko galdera planteatzea da metodo zientifikoaren aurreneko pausoa.Fenomeno natural bat behatzeagatik, problema bat ebazteko beharragatik edo ustekabeko aurkikuntza batengatik sor daitezke galderak. Gainera, beste ikerketa batzuetatik sortutako ezagutza berriek, beste zientzialari batzuekin trukatutako ideiek eta artikulu zientifikoak irakurtzeak galdera berriak sor ditzakete, eta, hala, ikerketa berri baterako oinarriak eraikitzen dira.
Behaketa (Dokumentazioa): Errealitateaz eta jakin nahi denari buruz dagoen ezagutzaz egiten den azterketa, zerbait ulertzeko asmoz. Ohikoena ikertu nahi den gaiari buruzko bibliografia- bilatzea da. Oso garrantzitsua da azterketa sakona egitea, gaiaren inguruan egin diren ikerketak ezagutzeko eta alferrikako lanik ez egiteko.
Hipotesia: Ulertu nahi dena azaltzeko planteatzen den ideia bat da. Ideia ondo oinarritutako hipotesi batean formalizatu behar da, esperimentalki modu eraginkorrean baieztatu/ezeztatu ahal izateko, hipotesi txar batek diseinu esperimental txarra ekar baitezake.
Esperimentazioa: Hipotesia baieztatzeko egiten diren probek eta esperimentuek osatzen dute esperimentazio fasea. Hipotesiaren baieztapen/ezeztapen esperimentala metodo zientifikoaren faserik garrantzitsuena da, eta esperimentuen diseinu egokiaren, hautatutako aldagaien eta neurketa-metodoen mende dago. Okerreko diseinu esperimentalak ez du balio, eta zientziaren erreproduzigarritasuna zailtzen du (esperimentuek baliozkoak izateko errepikagarriak izan behar dute).
Emaitzen analisia: Esperimentuetan lortutako datuak aztertu egin behar dira, emaitzak taldekatu, bistaratu eta kuantifikatzeko. Horri esker, emaitzak eztabaidatu, eta ebidentzietan oinarritutako ondorioak inferitu daitezke. Emaitzen analisi zorrotza egiteko, nahitaezkoa da estatistika erabiltzea.
Ondorioak: Ondorioek, lortutako emaitzen azterketan oinarrituta sortutako teoriaz baliatuz, gure hipotesia onartzeko, eraldatzeko edo baztertzeko balio dute. Ikerkuntzaren emaitzetatik inferitzen diren ondorioak hipotesiarekin bat badatoz, hurrengo pausora pasatuko gara. Ondorioek hipotesia baieztatzen ez badute, birplanteatu egin beharko da hipotesia.
Hipotesi berriarekin, esperimentazio berria diseinatu eta egin behar da; berriz aztertzen dira emaitzak, eta ikusten da ea bigarren hipotesia baieztatzen duten ondorioak inferitzen diren ala ez.
Sortutako ezagutza gizarteratzea: Sortzen den ezagutza gizarteratzen ez bada, ez du askorako balio. Lortutako emaitzen komunikazioaren bidez eraikitzen da ezagutza zientifikoa, eta modu zehatz eta fidagarrian egin behar da. Ikerketen emaitzak aldizkari zientifikoetako artikuluen bidez argitaratzen dira. Artikulu guztiak balioztatze-metodo batetik pasatzen dira, eta, metodo horretan, eremuan adituak diren zientzialariek artikuluaren ahultasunak ebaluatzen dituzte, eta artikulua onartu, berrikusi edo errefusatzea iradokitzen dute.
Baina ezagutza zientifikoa eta teknologikoak ez du adituen esku bakarrik egon behar; beraz, oso garrantzitsua da ezagutza zientifiko-teknologikoa dibulgazio zientifikoaren bitartez gizarteratzea. Hala, gizartearen pentsamendu kritikoa garatuko da, gizarteak zientzia eta teknologiaren garapenean parte har dezan sustatuz.
Hain da garrantzitsua ezagutza zientifikoa gizarteratzea, ezen Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) onartu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 27. artikuluan aipatzen baita.
“Pertsona orok du eskubidea komunitateko kultur ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta aurrerabide zientifikoan eta haren ondoriozko abantailetan parte hartzeko”
Hurrengo irudian, metodo zientifikoan jarraitzen diren pausoen eskema azaltzen da:
Metodo zientifikoaren adibide bat: Edward Jenner eta Baztangaren txertoa.
SARS-Cov-2 birusaren ondorioz sortutako pandemia dela-eta, mundu osoko ikertzaile asko erlojuaren kontra ari dira lanean gaitzaren kontra babestuko gaituen txertoaren bila. Txertoa garatzen ari diren ikerkuntza-laborategi horietan metodo zientifikoa darabilte. Baina gaur egungo ikertzaileak ez dira gaitz baten kontrako txertoa garatzen metodo zientifikoa erabili duten lehenengoak. Esaterako, Edward Jenner (1749-1823) ikertzaile, mediku eta poeta ingeles ospetsua, metodo zientifikoan oinarritu zen milioika hildako eragin zituen eta txertaketaren bitartez desagerrarazi zen lehenengo gaitz birikoaren kontrako txertoa garatzeko. Baztangaren kontrako txertoa, alegia.
Jennerren garaian, baztanga oso gaixotasun arriskutsua zen gizakiontzat; birusarekin infektatzen ziren portzentaia altu bati heriotza eragiten zion gaitzak. Gainera, bizirik irteten zirenei betirako geratzen zitzaizkien gaitzak eragindako zaurien orbainak, eta, kasu larrienetan, itsutasuna eragiten zuen.
Alabaina, behien baztanga gaixotasun arina zen, eta animalietatik gizakiak kutsa zitezkeen. Ohikoa zen behitegietako langileak, gaitza zuten behien errapeetako zauriak ukitzean, animalien baztangaz kutsatzea. Baina horrelako kutsadurak gertatzen zirenean, azkar sendatzen ziren gaixoak, eta ez ziren hain erraz kutsatzen gizakien baztangaz. Aurretik beste mediku batzuek ikusitakoan oinarrituta, Jennerren lana erabakigarria izan zen gaitzaren inokulazio-prozedura eta haren aplikazio arrakastatsua ulertzeko eta baztangaren kontrako txertoa garatzeko. Honako hauek izan ziren metodo zientifikoa aplikatuz Jenerrek jarraitu zituen pausoak:
Behaketa: Ikusi zuten ezen behitegietan baztangaz gaixo zeuden animaliekin kutsatzen ziren langileen artean eragin txikiagoa zuela gizakion baztangak; hori kontuan harturik, aurretik egindako lanei buruzko informazioa kontsultatu zuen.
Hipotesia: Behien baztangarekin kutsatutako pertsonek gizakion baztangaren aurrean immunitatea sortzen zutela formulatu zuen hipotesi gisa.
Esperimentazioa:
-
1796ko maiatzean, Sarah Nelmes behitegi bateko langileak eskuan atera zitzaion zauri batez galdetu zion, eta, Sarah aztertu ondoren, Jenerrek behien baztanga diagnostikatu zion.
-
Edward Jenner konturatu zen hura aukera egokia zela frogatzeko nolako babes-ezaugarriak zituen behien baztangak gizakion baztangaren aurrean, eta, beraz bere hipotesia baieztatzeko.
-
Esperimenturako, behien baztanga eta gizakion baztanga sekula pairatu ez zuen norbait behar zuen eta, James Phipps, bere lorezainaren 8 urteko semea, aukeratu zuen.
-
Jenerrek harramazka batzuk egin zizkion Jameseri beso batean, eta Sarahren eskuko zaurietako materiala igurtzi zuen haietan.
-
Egun batzuk pasata, James behien baztangaz gaixotu zen, baina, aste baten bueltan guztiz osatuta zegoen, eta ez zuen gaixotasunaren sintomarik. Hala, Jennerrek baieztatu zuen behien baztanga animalietatik pertsonetara pasatu zitekeela, bai eta pertsona batetik bestera ere.
-
Hurrengo urratsa izan zen egiaztatzea ea behien baztangak James gizakion baztangatik babestuko ote zuen, eta, Jennerrek gizakion baztangarekin kontaktuan jarri zuen mutikoa (behiaren baztangarekin kutsatzeko egin zuen antzeko prozesua erabiliz).
Emaitzen analisia: Jennerrek aurreratu zuen bezala, Jamesek ez zuen gizakion baztanga garatu, ez proba horretan, ezta immunitatea probatzeko ondoren egin zituen beste proba askotan ere.Jennerrek esperimentua beste pertsona askorekin errepikatu zuen, eta bere esperimentuaren errepikagarritasuna baieztatu zuen.
Ondorioak: Bere hipotesia baieztatu zuen. Pertsona bat animalien baztangarekin kutsatzen eta sendatzen bada, gizakion baztangaren kontra babesten da.
Sortutako ezagutza gizarteratzea: 1798an baztangari buruzko bere ikerkuntza osoa liburu batean argitaratu zuen, eta, hurrengo bi urtetan beste esperimentu batzuen emaitzak argitaratu zituen, behien baztangak gizakion baztangaren aurrean babesten zuela zioen bere teoria baieztatuz.
Baztangaren txertoaren aurkako mugimendua
Gaur egun gertatzen den bezala, Jennerren garaian ere txertoen aurkako mugimendua sortu zen, eta berak aurkitutako baztangaren txertoaren kontrako mugimenduak ere egon ziren. Mugimendu horietako kideek zioten txertatutako pertsonek behien ezaugarriak garatuko zituztela, baina ez zuten metodo zientifikoa erabili baieztapen horiek egiteko, eta ezin izan zuten frogatu esaten zutena ebidentzietan oinarritutako arrazoiekin.
Hurrengo irudian James Gillray britainiar satirikoak baztangaren txertoaren kontrako mugimenduak sortutako eztabaida karikaturizatzeko egin zuen irudia ageri da(The Cow Pock edo The Wonderful Effects of the New Inoculation (James Gillray, 1802)).

Gillrayk 1802an The Punch aldizkarian argitaratutako karikaturan, Londreseko Saint Pancrasko ospitalean Jenerren txertoa inokulatzeko eszena bat irudikatzen da. Irudiaren erdian, Jenner ageri da eserita dagoen emakume bati txertoa jartzen. Eskuinean, txertoa jaso duten eta gorputzean behien atalak ateratzen ari zaizkien pertsonak agertzen dira.
Metodo zientifikoak balio dezake gure eguneroko bizimoduko arazoak konpontzeko?
Metodo zientifikoa ezagutza berria sortzeko erabiltzen da, baina baliagarria izan daiteke gure eguneroko bizimoduko arazoak edo zalantzak argitzeko ere, eta askotan, konturatu gabe erabiltzen dugu. Hurrengo paragrafoan, edonori edonoiz gerta dakioken egoera bat aurkezten da:
“COVID-19aren kasuak Euskal Herrian gora egin dutela entzun duzu, eta, Teleberrin emango dituzten azken albisteak ikusteko irrikaz, etxean sartu bezain pronto urrutiko aginteko botoia sakatu, eta telebista piztu duzu. Alabaina, telebista ez da pizten. Nola aplikatuko zenuke metodo zientifikoa zer gertatzen den jakiteko?
Erantzun posible bat:
-
Behaketa: telebista urrutiko kontrolarekin pizten saiatzean, ez da pizten.
-
I Hipotesia: telebista deskonektatuta dago.
-
I Esperimentazioa: konexiora hurbildu eta ikusi kablea konektatuta dagoen ala ez.
-
I Emaitzen analisia:telebista konektatuta dago.
-
I Ondorioak : ez da konexio-arazo bat.Hipotesia birplanteatzen duzu.
-
II Hipotesia: urrutiko agintearen pilak agortu dira.
-
II Esperimentazioa: etxean pila berriak ez dituzunez sukaldeko irratiari pilak kendu eta urrutiko agintean jarri dituzu, eta ea telebista pizten den probatu duzu.
-
II Emaitzen analisia: telebista pizten da.
-
II Ondorioak: urrutiko agintearen pilak agortuta daude. 2. hipotesia baieztatzen da.
-
Emaitzak gizarteratzea: Etxeko erosketak egiteko erabiltzen den zerrendan telebistako urrutiko aginterako pilak apuntatu.
Aurreko adibidearekin argi ikus daiteke metodo zientifikoa oso erabilgarria dela gure eguneroko bizimoduan gertatzen zaizkigun arazoak konpontzeko; gainera, askotan, konturatu gabe ere erabiltzen dugu
Pentsamendu kritikoa garatzeko ere oso baliagarria da metodo zientifikoa; askotan, iristen zaigun informazio bat sinesgarria den ala ez aztertzeko tresna gisa erabiltzen dugu.
Dokumentua deskargatzeko sakatu hemen.
Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.
ERANSKINAK
Elhuyar Zientzia













