Pasteur, Louis
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1822-1895)
Louis Pasteur Jura-ko Dole-n jaio zen 1822ko abenduaren 27an. Gaztetan ez zen ikasle ona izan. Pinturarako interesa erakutsi zuen eta matematikarako ere bai zertxobait, baina gainerakoan (kimikan adibidez) nota txarrak ateratzen zituen.
Ikasle zelarik, Jean Baptiste Dumas-en hitzaldietara joan zen eta onduan kimikarako grina sortu zitzaion. Unibertsitatean ikasi ondoren, azido tartarikoak argi polarizatuan duen eragina ikertu zuen.
1848an Louis Philipe erregearen aurka matxinatu egin ziren eta Pasteur iraultzaileekin atera zen. Iraultzaileek irabazi egin zuten eta Pasteur Tartratozko kristala mikroskopioz aztertzeari jarraitu zitzaion. Tartrato-kristalak bi taldetan banatu zituen. Talde bateko kristalek argiaren polarizazio-planoa alde batera biratzen zuten eta beste taldekoek beste aldera. Pasteurrek 26 urte besterik ez zuen polarimetriaren lehen oinarriak finkatu zituenean.
Pasteurrek fama batez ere biologia eta medikuntzan irabazi zuen. 1854an Lille-ko Unibertsitatean Zientzi Fakultateko dekano zelarik, ardoa eta garagardoa denboran zehar askotan ozpindu egiten zirela ikusi zuen. 1856an berriz, Lille-ko industrial batek arazoa azter zezala eskatu zion.
Pasteurrek bere mikroskopioa hartu eta zero ikusi zuen berehala: ozpintzen zen ardo eta garagardoan zelula hartzigarri luzeak zeudela. Bi motako zelula hartzigarriak zeuden beraz; alkohola sortzen zutenak (onak) eta azido laktikoa sortzen zutenak (txarrak).
Pasteurrek orduan hartziduran bizidun organismoek parte hartzen zutela adierazi zuen eta ardoa nahiz garagardoa ez ozpintzeko erremedioa zein zen ere bai. Ardoa eta garagardoa egiten zenean, poliki-poliki 66 gradu zentigradoraino berotu behar ziren: pasteurizatu egin behar ziren organismo mikroskopikoak hiltzeko.
Pasteur orduan bizitza mikroskopikoaren sorreraz arduratu zen. Batzuek mikroorganismoak ezerezetik berez sortzen zirela zioten, baina Pasteur oso erlijiosoa zen eta biziaren egilea Jaungoikoa zela zioen. Pasteurrek aireko hautsean esporak zeudela eta hortik organismoak ugal zitezkeela frogatu zuen.
1865ean zeta-industrian arazo larria zegoen. Zeta-harrak gaitz batek iota hil egiten ziren eta guztiek Pasteurrengana zorroztu zituzten begiak. Pasteurrek zeta-harrak eta marzurera-hostoak kutsatzen zituen bizkarroi txiki bat aurkitu zuen eta berehala kutsatutako guztia (zeta-harrak eta hostoak) deuseztatzea agindu ere bai. Horrela salbatu zen zeta-industria.
Baina Pasteurrek beste ideia batzuk ere bazituen buruan. Gaitza batek besteari kutsatzeko era desberdinak egon zitezkeela pentsatu zuen: doministiku egindakoan botatako tantotxoen bidez, gorotza bidez, ukimenez, etab. Teoria horrek berebiziko garrantzia izan du medikuntzan. Izan ere biologoak orduan bakterioak ikertzen hasi ziren jo eta ke.
1868an Prussia eta Frantzia gerran hasi ziren. Ospitale militarren higiene-faltaz kezkaturik, medikuek beren tresnak ur irakinetan pasa zitzaten arduratu zen. Mediku-titulurik ez zuen arren, Frantziako Medikuntza Akademiako partaide egin zuten bere emaitzak ikusita.
Gero abereen zatar izeneko gaitzaz arduratu zen. Mikroskopioz frogatu zuenez, gaitzaren sortzaileek beroa jasaten zuten eta esporatan zeuden. Gaitzak jotako abereak kendu beharra zegoen, baina gaitza pasatako ganadua inmunizaturik geratzen zen. Mende-erdi bat lehenago Edward Jenner-ek gaitz kaltegarri bat neurri txikitan inokulatuta gaixoa inmunizatzea lortu zuen eta Pasteurrek horretarako zatar-dosi txikiak (indar txikikoak alegia) prestatu zituen. 1881ean ardi batzuk txertatu egin zituen zeta-harren kontra eta beste batzuk ez. Gero ikusi ahal izan zuenez, ardi txertatuak ez zituen gaitzak jo eta besteak hil egin ziren.
Antzeko sistemok erabiliz, hegaztien kolera eta amorruaren kontrako txertoak prestatu zituen 1885ean eta 1888an Pasteur Institutua sortu zen amorruak jotako gaixoak sendatzeko.
Louis Pasteur kimikari ospetsua Paris ondoko Villeneuve-L'etans-en hil zen 1895eko irailaren 28an.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia