Partikula poluitzaile txikiek heriotza eragin dezakete
2000/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Airean esekitako partikula mikroskopikoen eraginez, hirietako biztanleek gazte hiltzeko aukera gehiago omen dute. Partikula horien arriskuaren gaineko eztabaida 1993. urtean hasi zen, New England Journal of Medicine aldizkarian lana argitaratu ostean.
16 urtez Estatu Batuetako 6 hiri poluituenetako 8.000 bat pertsona aztertu ziren eta heriotza goiztiar eta poluzio-mailaren artean zuzeneko erlazioa aurkitu zen. Airean zenbat eta partikula mikroskopiko gehiago egon, gazte hiltzeko aukera handiagoa zen.
1995. urtean hasita, American Cancer Society erakundeak 550.000 pertsona gehiago aztertu zituen 7 urtez eta, berriz ere, aireko partikula-kopurua eta heriotza-tasaren arteko lotura sendoaz ohartu ziren. Hala ere, hirien arteko bestelako desberdintasunek heriotza-tasa alda zezaketela eta, Massachussets-eko Health Effect institutuak 3 urte eman ditu datu guztiak berriz aztertzen.
Dozenaka azalpen aztertu dira: hildakoen heziketa-maila, arraza, maila ekonomikoa, zerbitzu medikoengana jotzeko aukera, bestelako poluitzaileak, tenperatura, hezetasuna... Baina faktore horiek guztiak kontuan hartuta ere, aireko partikula-kopurua eta heriotza-tasaren artean zuzeneko lotura dagoela berretsi dute analisiek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia