}

Partenogenesi bidez primateen zelula amak lortu dira

2002/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Partenogenesia ernaldu gabeko obulu batetik izaki heldua sortzean datza. Zenbait ornogaberen ohiko ugalketa-modua da, eta beste landare- eta animalia-espezie batzuetan noizbehinka gerta liteke. Horrela, sortu berria den izakiak amaren informazio genetiko bera izango du, ez baita aitaren parte-hartzerik egon.

Gaur egun, laborategian arrunta da partenogenesi bidez klonak diren saguak lortzeko prozesua. Orain arte, ordea, ez da horrelakorik egin ahal izan primateekin. Alabaina, Science aldizkariak jakinarazi duenez, Advanced Cell Technology (ACT) enpresak erronka hori gainditu berri du. Eta ez da kaleratu duen berri bakarra izan, behi baten belarriko zelulatik abiatuta giltzurruna osatzea lortu dutela ere eman baitute jakitera.

Hain zuzen ere, ACTko ikertzaileek makako baten ernaldu gabeko obulutik zelula amak lortu dituzte. Obulua kitzikatzeko eta zatitzera behartzeko, espermatozoideen antzeko gai kimikoak dituen nahastea erabili dute. Diotenez, lortutako zelula amekin gaixoen ehun kaltetuak ordezkatuko lituzkeen ehunak sortzea da helburua, adibidez, Parkinsonen gaitzaren ondorioz suntsitutako neuronak ordezkatzeko neurona osasuntsuak sortu ahal izatea.

Dena dela, partenogenesia primateekin egin izana lorpen handia bada ere, horretan oinarritutako tekniken bidez gaixotasunak sendatu ahal izatea oso urruti dago oraindik. Hortaz, badirudi antzeko berriek eragindako oihartzuna eta benetako aplikazioak ez datozela bat. Gainera, ingeniaritza genetikoaren erabileraren auzia argitu gabe dago momentuz. Ikerketa horien helburua betetzen den ala ez jakiteko, beraz, oraindik itxaron egin beharko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia