Palmondo-itxurako uharte artifizialak
2004/02/03 Elhuyar Zientzia
Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan, egiteko asmoa daukaten bi uharteetako bat ageri da irudian. Uharteak berdin-berdinak izango omen dira, eta, ESAk egin duen irudiaren arabera, nabarmena da emango dieten itxura: palmondoarena.
Bi uharteak eraikitzeko mila eta berrehun milioi euro gastatuko dituzte. Gehiegikeriak gainezka egingo du; eta hainbat eta hainbat eraikin eta aisialdirako gune izango ditu: luxuzko 60 hotel, 5.000 txalet eta beste hainbat apartamentu, parke tematikoak, jatetxeak, kirol-instalazioak, bainuetxeak eta abar.
Obrak 2001ean hasi zituzten eta 2008rako amaitzea espero dute. Ehun milioi metro kubiko harri eta hondar erabiliko dituzte, eta, hala, Dubaik 120 kilometro kosta gehiago izango ditu.
Kostalde horrek azken urteetan jasandako aldaketa ikusgarria da. ESAk sateliteen bidez ateratako irudiek hori erakusten dute. Bi palmondo-uharte horiek bukatzen dituztenean ere ikustekoak izango dira irudiak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia