Paleotermometroa, iraungitako espezieen gorputz-tenperatura neurtzeko
2010/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iraungitako espezie ornodunen gorputzen tenperatura neurtzeko baliagarria izan daitekeen lehenbiziko metodoa garatu berri dute Floridako Unibertsitatean. Aurkikuntzari esker, karbonoa eta fosiletako isotopo astunak aztertuz, doitasun handiagoz zehaztu ahal izango lukete zientzialariek animalia haiek odol-berokoak edo hotzekoak ote ziren, adibidez. Aldi berean, iraungitako animaliak bizi ziren garaietako giro-tenperaturen estimazio hobea ere lor lezakete.
Metodo berriak iraungitako ornodunen hortz, hezur eta arrautza-oskoletako karbono-13 eta oxigeno-18 isotopoak baliatzen ditu. Bioapatita deritzon minerala hortz, hezur edo oskoletan sortzen denean, elkartzeko joera dute bi isotopo horiek. Baina beroak oztopatu egiten du prozesu hori. Hala, zenbat eta tenperatura baxuagoa, orduan eta proportzio handiagoan agertzen dira elkartuta. Aglutinazioa doitasun nahikoaz neurtuz gero, mineral bat zein tenperaturatan sortu zen kalkula lezakete ikertzaileek. Eta hortz eta hezurren kasuan, organismoaren gorputz-tenperaturaren berri izango lukete.
Oraingoz, egungo espezie biziekin frogatu dute metodoa; Indiako elefante batekin eta Niloko krokodilo batekin, hain juxtu. Eta, ikertzaileen esanean, gradu bakar bat edo biko errore-marjinarekin kalkulatu dituzte haien tenperaturak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia