Paleolitoko artearen sorrera, galdegai
2018/11/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Borneoko haitzulo batean aurkitutako marrazki batzuek 40.000-52.000 urte dituztela frogatu du ikertzaile-talde batek. Horrek Paleolitoko artearen sorrerari buruzko galderak piztu ditu, Europako kobazuloetakoa jotzen baitzen arte zaharrenatzat (antzinakoenek gehienez ere 40.000 urte inguru dituztela kalkulatzen dute). Non eta noiz sortu zen lehenik labar-artea? Horren gaineko gogoeta egin du Diego Garate Maidagan labar-artean espezializatutako arkeologoak, orain arte dauden datuetan oinarrituta.
Lubang Jeriji Saléh kobazuloan (Borneo) aurkituta margo horiek 40.000 urte dituzte gutxienez. Arg. Luc-Henri Fage
Lubang Jeriji Saléh kobazuloan (Borneo) aurkitutako bobido gorrixka bat da ezagutzen den marrazki figuratibo zaharrena, Maxime Aubert arkeologoaren eta haren taldearen arabera. Nature aldizkarian baieztatu dutenez, duela 40.000 urte margotu zuten bobidoa gutxienez, eta eskuen negatibo ugari dituen panel batean dago; esku horiek are zaharragoak direla ere frogatu dute. Gainera, inguruko beste hiru kobazulotan Paleolitoko labar-artearen adibide gehiago aurkitu dituzte, eta haien datuak ere erabili dituzte arte-mota horren kronologia eta bilakaera fintzeko.
Argitaratutako emaitzak aintzat hartuta, ikerketa “aipagarria” da Diego Garate Maidagan labar-artean adituaren iritziz: “Bi alderdi nabarmenduko nituzke: datazioa bera, eta arte-mota horren sorreraz azaleratu duen galdera”.
Hain zuzen, Garatek gogorarazi du Indonesian, Borneon baino lehen, Timorren eta Silawesin ere aurkitu izan direla Paleolitoko margoak: "Ez dira oraingoak bezain zaharrak. Timorrekoak berriagoak dira, baina Goi Paleolitokoak, edonola ere; eta Silawesikoak, basurde-antzeko animalia hori, adibidez, duela 35.400 urtekoak dira. Borneoko hauek, berriz, 40.000-52.000 urte dituzte. Kontua da badirela hor hiru irla, zeintzuk guztira dozena bat kobazulo baino gehiago dituzten, datazioekin, eta denak dira Goi Paleolitokoak eta duten artea oso homogeneoa da".
Dioenez, nahiz eta izenburu askotan arte figuratibo zaharrena topatu dutela esan duten, "hori ezin da egiaztatu, Europa erdialdean, Alemanian, bai baitaude 42.000 urteko bolizko eskulturak; ez dakigu ziur zein den zaharrena. Baina horrek ez digu axola, guretzat ondorioak dira garrantzitsuenak; artearen sorrera eta harekin lotutako alderdiak hobeto ezagutzea da gure helburua".
Masusta-koloreko eskuen negatiboak, okrez margotutako beste batzuen gainean. 20.000 urteko tartea dago bien artean. Arg. Kinez Riza
Hala, ikerketek erakutsi dute bi gune daudela Goi Paleolitoko artearekin: bat Ozeanian eta bestea Europan. Eta agertzen diren irudiak --eskuen negatiboak, animaliak-- nahiko antzekoak dira batean zein bestean. Garateren esanean, ez dago zalantzarik bien artean erlazioa dagoela; "bestela oso zaila baita azaltzea zergatik duten itxura berbera".
Animalia desberdinak agertzen dira Indonesian eta Europan, leku bakoitzean bizi ziren espezieak ere desberdinak baitziren, baina silueten formak, perspektiba, haien barruko xehetasunak adierazteko modua (ileak, adibidez), kobazuloetako hormetara egokitzeko era, erabilitako teknika... izugarrizko antzekotasuna dute, eta eskuen negatiboak berdinak dira. "Borneoko bobidoa hartu, eta Danbolinzulon (Zestoa) edo hemengo beste kobazulo bateko marrazkien artean jarriko bagenu, ia-ia ez ginateke konturatu ere egingo", erantsi du Garatek, txantxetan.
Hipotesiak eta baieztapenak
Bi hipotesi daude bi lekuetako artearen ezaugarriak hain antzekoak izatea azaltzeko: garai berean, bi lekuetan eta bakoitzean bere aldetik, arte-mota berbera garatu zuten; edo biek jatorri bera dute, eta handik datoz.
Garatek bigarren hipotesiaren alde egiten du: "Nire ustez, zentzuzkoena da pentsatzea bi lekuen arteko tokiren batean garatu zela arte-mota hori, eta hura egiten zutenek, migratzean, beren artea eraman zutela batera zein bestera. Giltza leku hori topatzea da, baina Afrikan edo Ekialde Hurbilean egon daiteke. Hura aurkitzea da koska, leku asko baitaude oraindik ikertu gabe".
Beste hipotesia askoz ere gertagaitzagoa delakoan dago: "Hori gertatzea oso zaila da, eta ez dugu inolako ebidentziarik hori hala izan zela pentsatzeko. Edonola ere, hipotesia hor dago, ezin baitugu baztertu bestearen aldeko frogak aurkitu arte".
Horrenbestez, baieztatuta dagoena nabarmendu du: batetik, ia antipodetan dauden bi gunetan dagoela orain arte ezagutzen den arte figuratibo zaharrena, eta, beraz, Europakoa ez dela ez bakarra, ez zaharrena; eta, bestetik, Homo sapiens espezieari lotuta dagoela, espezie hori leku horietara iritsitakoan azaltzen baita arte-mota hori, ez lehenago.
Datazio zehatzak lagun
Zalantzarik ez dago historia osatzeko ezinbestekoa dela datazioak fidagarriak izatea, eta horixe da hain justu, Garatek Aubertek gidatutako ikerketatik azpimarratu duen beste alderdia: "Uranio/torio desintegrazioaren teknika erabili dute, baina laginak hartzeko prozedura erabili ohi dena baino askoz ere zientifikoagoa da".
Azaldu duenez, laser bidezko ablazioa erabili dute laginak hartzeko. "Horri esker, xafla meheak hartzen dituzte, eta, estratigrafiaren bitartez, geruza guztiak ikusten dira: margoaren azpiko kaltzita, margoaren geruza, eta haren gaineko kaltzita. Orduan, badakite nola garatu den kaltzita, noiz egin den margoa, eta, haren gainean berriro kaltzita sortu bada, nola gertatu den". Gainera, kaltzitaren konposizioa ere aztertzen dute; horrela, kalkuluak egiteko algoritmoak ere ohi baino osatuagoak dira.
Hori bai: laser bidezko ablazioaz, laginek txanpon baten neurria dute, gutxi gorabehera, eta Europako aztarnategietan kontserbazioak du lehentasuna; beraz, ez da metodo hori erabiltzen laginak hartzeko. Horren ordez, bisturi batekin karraskatuta, lagin txiki bat hartzen dute, margoa ahalik eta gutxien suntsitzeko. Horren ifrentzua da ez dela estratigrafiarik egiten, eta kaltzita ere ez da analizatzen; horrenbestez, emaitzak ez dira hain zehatzak, inondik inora ere. "Datazioen fidagarritasuna txikia da, Indonesian erabilitako prozedurarekin alderatuta", dio, garbi, Garatek.
Horrek ez du esan nahi Europako datazioek ez dutela baliorik: "Europako kobazuloetan datazio asko egin direnez, datu ugari ditugu. Hala, ertzetako emaitzak kenduta, bat egiten duen gehiengoak nolabaiteko ziurtasuna ematen digu. Adibidez, Chauveten (Frantzia) berrehun datazio inguru egin dituzte, eta % 5 arraroak dira. Gainerakoak koherenteak dira, eta laborategi desberdinetan egin dira. Hortaz, nahiko ziurtzat jo daitezke".
eu es fr en ca gl
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia