Ozono-geruza, Artikoan ere ahul
2011/04/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Zehazki, azken asteotan zegoen ozonoaren erdia suntsitu da Artikoan, Poloen eta Itsasoaren ikerketarako Alfred Wegener Institutuaren arabera (AWI). Gainera, kondizio klimatologikoek bere horretan irauten badute, egoera are okerragoa izango dela ohartarazi dute AWIko ikertzaileek. Horrenbestez, udaberri honetan, Ipar hemisferioaren goi-latitudeetan eta latitude ertainetan, larruazala bereziki babesteko gomendatu dute.
Ikertzaileen arabera,Artikoaren gaineko ozono-geruzaren erdia galdu da asteotan.
(Argazkia: R.J.Salawitch )
Izan ere, ozono-geruza estratosferan dago, lurrazaletik 15-35 km-ra, eta Eguzkitik datorren B erradiazio ultramorea (UVB) iragazten du. Hortaz, geruza mehetzen bada, ohi baino erradiazio gehiago iristen da lurrazalera, eta horrek areagotu egiten ditu erradiazio-mota horrek bizidunetan eragiten dituen kalteak.
Bereziki, larruazaleko minbiziarekin lotzen da UVBa: erradiazioak aldaketak eragiten ditu zelulen DNAn, eta horrek asko handitzen du minbizia garatzeko arriskua. Horregatik, hain juxtu, dute erradiazio ultramore horren aurkako iragazkia eguzkitik babesteko kremek.
Horrez gain, begiei ere egiten die kalte B erradiazio ultramoreak, eta immunitate-sistema ahultzen du. Beste bizidun batzuetan ere, landareetan eta uretako ekosistemetan, esaterako, kalteak eragiten ditu. Alegia: ozono-geruzarik gabe, Lurrean ez litzateke gaur egun dagoen bizia.
Hala eta guztiz ere, 1970eko hamarkadan zientzialariak ohartu zirenean industrian erabiltzen ziren gas batzuek (klorofluorokarbonoak) ozono-geruza suntsitzen zutela, kosta egin zitzaien gizartea eta politikariak horrekin kezkatzea. Azkenean, 1987ko irailean, Montrealgo Protokoloa sinatu zuten 29 herrialdek. Geroztik, protokoloaren zenbait berrikuspen egin dira, eta beste hainbat herrialdek ere hitzeman dute ozono-geruza suntsitzen duten gasak ez erabiltzea.
Antartidan ez ezik, Artikoan
Ez da nahikoa izan, ordea. Nahiz eta urte batzuetan, 2007an adibidez, ozono-geruza bere onera etortzen ari zela zirudien, Antartida gainean sortzen den zuloa kezka-iturri izan da maiz. Izan ere, haizeen, urte-sasoiaren eta beste faktore batzuen arabera, leku batzuetan besteetan baino meheagoa da ozono-geruza, eta Antartida gainean nahiko mehea da berez. Eta are gehiago mehetu da klorofluorokarbonoen eraginez; zulatzeraino, hain juxtu.
Orain, antzeko egoera sortu da Ipar hemisferioan, Artikoan, eta, ikertzaileen ustez, klima-aldaketak zerikusia izan dezake horretan. Hain zuzen, berotegi-efektua sortzen duten gasek beroari eusten diote atmosferaren beheko geruzetan. Horrek esan nahi du beroak ez duela ihes egiten estratosferara; horren ondorioz, estratosferan ezohiko hotza egiten du. Eta hotzak areagotu egiten du klorofluorokarbonoek ozonoa suntsitzeko duten eraginkortasuna . Beraz, litekeena da erlazioa egotea klima-aldaketaren eta ozono-geruza mehetzearen artean.
Ikertzaileek aitortzen dutenez, oraindik ez dute ondo ezagutzen klimaren eta ozono-geruzaren arteko elkarrekintza. Hala, mundu osoan hainbat proiektu daude horren inguruko alderdiak argitzeko. Eta, alde batetik, baikor ere badaude: iraganean atmosferara askatutako klorofluorokarbonoak desagertuz joango dira denborarekin, eta, hamarkada batzuk barru, ozono-geruzak ez du haien erasoa jasango. Beti ere Montrealgo Protokoloari eusten bazaio, eta ez badira halako gas gehiago sortzen, noski.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia