Ozeanoetako Ituna, urrats bat Itsaso zabala babesteko

Nazio Batuen Ozeanoetako ituna indarrean sartu da; hala ere, oraingoz, 80 herrialdek besterik ez dute berretsi ituna.

Itsas dortoka eta biodibertsitatea


Indarrean sartu da Nazio Batuen Ozeanoetako ituna. Berez, itunaren izen ofiziala Nazioen Jurisdikzioaren Kanpoko Eremuetako Itsas Aniztasun Biologikoaren Kontserbaziorako eta Erabilera Jasangarrirako Akordioa da. Beraz, izenak itunaren helburua adierazten du, baina ez du adierazten nolako garrantzia duen itun hau berretsi izanak. Itsasoko nazioarteko uretan dagoena babesteko urrats garrantzitsua da.

Herrialde guztiek daukate beren kostaldeko itsasoaren gaineko eskumena. Baina zer da herrialde baten kostaldeko itsasoa? Bada, kostatik itsaso zabalerako bidean, hainbat eremu daude. Kostatik 12 itsas miliarainoko itsaso-tartean herrialdeak erabateko eskumena du ustiatzeko (22,2 kilometrorainokoa). Hurrengo 12 miliatan, herrialdeak baditu ur horien gaineko eskubide batzuk. Eta gehiago urrutiratu eta 200 milia arteko tartea ekonomikoki ustia dezake. Baina 200 milia horretatik harago, nazioarteko urak dira, eta gizadiaren ondaretzat hartzen dira.

Hor dator oraingo aldaketa. Indarrean sartu den itunaren helburua da nazioarteko ur horien ustiaketa jasangarria izan dadila eta bertako biodibertsitatea babestu dadila. Lehen aldiz sinatu da itsaso zabala babestuko duen itun lotesle bat.

Arazoa da herrialde guztiek ez dutela berretsi ituna. Txinak bai. Baita Alemaniak, Japoniak, Frantziak, Brasilek, Espainiak eta beste herrialde batzuek. 80 herrialdek, guztira. Baina ez dira denak, eta AEB ez dago zerrenda horretan, ezta Errusia, Erresuma Batua edo India. Mzee Ali Haji itunaren negoziaketa zuzendu duen diplomatiko tanzaniarrak dio, bere ustez, etorkizunean herrialde guztiek berretsiko dutela ituna. Herrialde guztiak konturatuko direla komeni zaiela itunaren barruan egotea.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali