Ozeanoetako biztanle ezezagunak

Ozeanoetako biztanle ezezagunak


Ozeanoetako biztanle ezezagunak
2011/01/01 | Elhuyar
Suzko sifonoforoa. 2005ean aurkitu zuten Marrus orthocanna ikusgarria. Gainerako sifonoforoak bezala (besteak beste, Physalia physalis karabela portugaldarra), hainbat alez osatutako kolonia bat da. Arg.: Kevin Raskoff.

2000. urtean hasi zen, eta 2010ean bukatu. Hamar urtez lanean aritu dira mundu osoko ia 3.000 zientzialari, erronka bat betetzeko: Itsasoko Biziaren Errolda egitea. Ozeanoko bizidunen dibertsitatearen, banaketaren eta ugaritasunaren aurrekaririk gabeko argazkia. Polotik polora, tropiko beroetan barrena, kostaldeko harkaitzetatik hondorik sakonenetara, mikrobioetatik baleetara.

Proiektu erraldoia izan da, eta halakoak dira datuak ere. Jaso dituzten milioika laginetatik 1.200 espezie berri deskribatu dituzte, eta deskribatzeke beste 5.000tik gora dituztela jotzen dute. Espezieen banaketa geografikoa jasotzen duen OBIS datu-basean 6,5 milioi behaketa berri sartu dituzte. Eta, hamar urte hauetan, 2.600 artikulu zientifiko argitaratu dituzte.

Ikusi dute itsasoko biomasaren % 90 mikroorganismoek osatzen dutela. Hondar gramo bakarrean 5.000-19.000 bakterio-mota daudela kalkulatu dute, eta, ur litro batean, 38.000. Bestalde, ezagutzen ditugun espezieen % 20 krustazeoak dira; % 17, moluskuak, eta % 12, arrainak.

Dunbo olagarroa. 2009an aurkitu zuten Dunbo olagarroa ( Grimpoteuthis sp. ), Atlantikoko dortsalean, 1.600 m-ko sakoneran. 2 m-ko eta 6 kg-ko olagarro hegastun bat da. Hain zuzen, Dunboren belarriak diruditen hegats horiekin egiten du igerian. Arg.: David Shale.

Orain lehen baino gehixeago ezagutzen dugu urpeko mundu ezezagun hori. Baina ezagutzeko falta zaigunaz ere eman dute daturik: esaterako, ozeanoen bolumenaren % 20ri buruz ez dago datu bakar bat ere.

2
271
2011
1
016
Ozeanografia; Biologia; Zoologia
Mundu ikusgarria
20

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ozeanografia