Ozeano Atlantikoa hiru egunean
2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun, Ozeano Atlantikoa alderik alde zeharkatzeko, 7 bat egun behar dituzte merkantzia-ontziek. Bi urte barru, baliteke bidaia 3 egunean egitea, hainbat enpresaren egitasmoak errealitate bihurtzen badira.
Merkantzia-ontziei abiadura handia hartzea eragozten dien faktore garrantzitsuena ‘olatu gatibua’ da. Olatu gatibua itsasontziaren bultzadak sortu eta itsasontziarekin batera higitzen den olatua da eta, itsasontziak olatuaren abiadura gainditzen duenean, marruskadura-arazo handiak sortzen ditu. Fenomeno horren eraginez, merkatari-ontzi modernoak ez dira 42 km/h abiadura gainditzeko gai.
Nigel Gee ingeniariak Pentamaran deritzon diseinua erabili nahi du olatu gatibua gainditu eta merkantzia-ontziak 70 km/h abiaduran jartzeko. Ontziak ohikoak baino luzeagoak eta estuagoak izango dira, olatu txikiagoa sortuko dute eta haiek zeharkatzeko gai izango dira.
FastShip Atllantic konpainia ere helburu beraren atzetik dabil, baina ontzi estuagoak egin ordez, branka oso sakona eta V itxurakoa izango dute eta popa, berriz, sakonera gutxikoa eta zapala. Diseinu hidrodinamiko horri esker, asko murriztuko dute olatu gatibuaren marruskadura.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia