}

Ozeano Artikoa, geroz eta izotz gutxiago

2000/02/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ozeano Artikoaren bilakaera klima-aldaketaren adierazle finenetakoa da. Ikertzaileek etengabe so egiten diote bertako izotzari eta azterketa berriek izotza uste baino azkarrago urtzen ari dela adierazi dute.

Ipar Poloa eta Hego Poloa: izotzezko bi mundu, baina mundu arras ezberdinak. Hego Poloan Antartika dago, izotz azpian ezkutatutako kontinente ikusgarria. Ipar Poloan berriz, Ozeano Artikoa; hau da, Ipar Poloan lur gutxi eta ur asko aurkituko dugu, mundu osoko kliman zer esan handia duen ur-masa.

Ozeano Artikoa Zirkulu Polar Artikoa baino iparralderago kokatutako ozeano izoztua da. 14.000.000 km karratuko azalera, 988 metro eskaseko batez besteko sakonera eta 5.502 metroko sakonera maximoa dauzka eta, horren ondorioz, edo horri esker, munduko Ozeanorik txikien eta sakonera gutxien duena da. Gainera nahiko ozeano itxia da, Eurasiak, Ipar Amerikak eta Groenlandiak ia erabat inguratzen baitute. Ozeano Artikoak bere ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak baldintzatzen dituen izotzezko geruza iraunkorra du gainean. Sasoien arabera, izotz-geruza horrek azalera handiagoa edo txikiagoa estaliko du; negu hotzean hegoalderago ditu mugak eta udan, noski, iparralderago. Baina oso iparraldera, 75 graduko latitudetik gora, izotza iraunkorra izan ohi da. Ozeano Artikoa eta Ozeano Atlantikoa Groenlandia eta Norvegiako Svalbard artxipielagoaren arteko pasaguneak batzen ditu eta hortik datozkigun ur hotzek munduko ozeanoen batez besteko tenperaturan eta munduko klima globalean eragiten dute. Ozeano Artikoko ur hotzek higiarazten dute, esaterako, Golkoko itsaslasterra, Europako mendebaldean bizi garenok dugun klima leunaren eragileetako bat.

Ozeano Artikoa kliman eragiten duen modura, klimak eta klimaren aldaketak berebiziko eragina daukate Ozeano Artikoan. Bertako izotz-geruza -Estatu Batuak estaltzeko adina- gaineko aireak eta azpiko ozeanoak izaten dituzten aldaketekiko oso sentikorra da eta, horregatik, klimaren aldaketa ikertzen dabiltzan guztien ohiko erreferentzia da. Ikerlariek Ozeano Artikoa estaltzen duen izotz-geruzak urtetik urtera azalera txikiagoa duela oharturik zeuden baina prozesua kezkagarria izanik ere, ez zen asaldagarria. Udan izoztuta geratzen den ozeanoaren azalera % 3 txikiagotu da hamarkadaz hamarkada azken urteetan baina, abiada horretan, beste 350 urte behar izango lirateke Ozeano Artikoa udan izotzez erabat libre ikusi ahal izateko. Neurketa berriek, ordea, kalkulu horiek hankaz gora jarri dituzte erabat, eta arestian aipatutako "ikuskizuna" gure begiez ikusi ahal izango dugula iragarri dute.

1978 eta 1998 urteak bitartean satelite bidez eta itsaspeko bidez eginiko neurketek Artikoko izotz-geruza azkar mehetzen eta gaztetzen ari dela adierazi dute. Sateliteak azaleko izotzak igorritako uhinak jasotzen ditu eta uhin horien izaeraren arabera izotza sortu berria edo zaharra den jakin dezake; itsaspekoek berriz soinu-uhinen bidez neurtzen dute izotzaren loditasuna. Baina ikerketa-metodoak baino gehiago horien ondorioak dira garrantzitsuak guretzat eta ondorioek hauxe diote: azken 20 urteetan urte bete baino gehiago duen izotzaren azalera % 7 txikiagotu dela eta izotz-geruzaren lodiera berriz, batez beste 3,1 metro izatetik 1,8 metro izatera pasa dela; hau da, hamarkadako lodieraren % 15 galdu du Ozeano Artikoko izotz-geruzak. Bi fenomeno horien abiadura izotza-azaleraren galera-abiaduraren bikoitza eta laukoitza dira hurrenez hurren. Laburbilduz, hiru hamarkada eskas behar izan dira Ozeano Artikoak duen izotz geruzaren bolumena % 40 txikiagotu zedin! Gauzak horrela, hamarkada gutxi barru Ozeano Artikoak neguan besterik ez du izango izotzik. Baina zergatik da horren kezkagarria izotz-masa horren galera? Askotan eta askotan aditu dugu urtze horren eragin zuzena itsas mailaren igoera izango dela, eta Europa zein Ipar Ameriketako kostaldeko herri eta hiri asko ur azpian desagertuko direla. Eta hala da; baina begi bistaz ikusten ez diren eraginak ere baditu urtze horrek:

Ozeano Artikoak ur hotzez hornitzen ditu munduko beste ozeanoak. Itsaso eta ozeanoak itsaslasterrez beterik daude, ur hotz eta beroen mugimenduek higiarazten dituztenak, eta itsaslaster horiek klima eta tenperatura baldintzatzen dituzte. Ozeano Artikoak itsaslaster horien ponpa gisa joaktzen duela esan genezake, ur beroa jasoz eta ur hotza bidaliz. Baina bidalitako ur hotzezko itsaslaster horiek izotz-geruzaren urtze/izozte zikloekin loturik daude. Esandakoa atzekoz aurrera irakurri eta begien aurrean daukagu ondorioa: Ozeano Artikoaren urtze/izozte zikloa aldatzen bada, eta aldatzen ari da, ozeanoek jasotako ur hotzen emariak aldatuko dira, itsaslasterren mugimendu globalak aldatuko dira eta tokian tokiko klima eta tenperatura aldatuko dira. Erlazioa korapilotsua baina zuzena da.

Ozeano Artikoaren izotz-geruzaren eginkizuna ez da hor bukatzen, hotza bidaltzeaz gain beroa ere bidaltzen baitu. Izotzak ispilu erraldoi modura jokatuz, Eguzkitik jasotako argia eta berotasunaren % 80 islatu egiten du -horregatik jarri behar izaten ditugu betaurrekoak eskiatzera goazenean- eta islatutako bero horrek atmosferan gertatzen diren hainbat eta hainbat prozesutan eragiten du, haize-lasterren zirkulazioan, esaterako. Izotza urtuko balitz, beroa islatzen duen izotz-geruza izan ordez beroa zurgatzen duen itsasoa izango genuke eta horrek hemen hain ugariak diren eurijasen eta ekaitzen mugimenduen aldaketak eragin ditzake.

Ozeano Artikoaren izotz-geruza urtzeak, beraz, itsas mailaren igoera soila baino ondorio latzagoak ekar ditzake. Eta itsas mailaren igoera soila diot, ez larria ez delako, arazo horren gain nolabaiteko kontrola izan genezakeelako baizik. Itsaslasterren aldaketen gain, berriz, prebentzioa da aukera bakarra.

Ondorioetan ados jartzen badira ere, izotzaren urtzearen eragileak zeintzuk diren azaltzeko eztabaida biziak dituzte ikertzaileek. Batzuen iritziz, ziklo naturalen ondorio dira aldaketak. Gure planetaren historian zehar halakoak lehenago ere gertatu dira eta Ipar Poloak gainera, badu hain ezaguna den El Niño fenomenoaren antzerako beste bat. Oszilazio Artikoa deritzon fenomeno natural horrek izotzaren loditasuna murrizten du eta indar gehiago edo gutxiagoko zikloak ditu; oraingoa ziklo gogorra litzateke. Gaitzerdi arrazoia hori balitz, Ozeano Artikoaren izotz-geruza berreskuratzeko esperantza baigenuke orduan. Uste nagusia ordea, bestelakoa da: gizakiak eragindako berotegi-efektua dela izotzaren urtze azkarraren erantzulea eta, horren lekuko, berotegi-efektuan oinarritutako hainbat simulazio informatiko daude. Izotz-geruzaren azken urteetako gainbehera nabarmenegia omen da fenomeno naturalari bakarrik egotzi ahal izateko. Bi usteak zuzenak izatea ere baliteke, hau da, berotegi-efektuak gogortu izana El Niño Artikoa. Arrazoiak arrazoi, Ozeano Artikoak geroz eta izotz gutxiago du eta joerak bere horretan dirau.

Europa hozten ari da

Paris Montreal baino iparralderago dago, baina klima askoz leunagoa du. Europaren mendebaldean bizi garenok asko zor diogu Golkoko itsaslasterrari; izan ere, hark Mexikoko golkotik dakarren ur beroari esker da gure klima Ipar Ameriketakoa baino epelagoa. Golkoko itsaslasterrak joan-etorriko bidea egiten du Mexikoko golkotik Norvegiaraino, ur beroa ekarriz eta ur hotza eramanez. Ur-lasterrak bi ponpa nagusi ditu, bata Labrador-eko itsasoan eta bestea Groenlandiako itsasoan eta, horiei esker, itsaslasterraren mugimenduak bere horretan irauten du. Berotegi-efektuaren eta planetaren beroketaren ondorioz Golkoko itsaslasterrak mugitzeari utz ziezaiokeela iradoki zuten zenbait zientzialarik duela urte batzuk, baina orduan ez zuten inolako frogarik. Orain ordea, froga horiek aurkitu dituztelakoan daude. 1893tik Shetland eta Faroe irlen artean -Britania Handiko iparraldean- egindako gazitasun-mailaren 17.000 neurketa baino gehiago aztertu dituzte eta azken bi hamarkadetan itsaso haietako uren gazitasun-maila eta, ondoriz, baita dentsitatea ere, asko jaitsi dela ondorioztatu dute. Aldaketa azken 100 urteetako handiena da (50.eko hamarkadan itsas aparatuak kalibratzeko erabiltzen zen gazitasun-maila, hain zen balio egonkorra) eta bat dator egindako beste neurketekin: sakoneko ur hotzak, lehenago hegoalderantz higituz Golkoko itsaslasterra bultzatzen zutenak, azalerantz igo dira 1988 eta 1997 urteen artean kontrako noranzkoa hartu dute. Horren guztiaren eragina, berotegi-efektuaz ikasi dugunaren kontra, ez da tenperaturak igotzea, jaistea baizik. Golkoko itsaslasterrak higitzeari uzten badio, gure kostaldeak goxatzen dituen berotasuna ez zaigu iritsiko eta Europa hoztu egingo da.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia