Otso iberikoaren populazioek dibertsitate genetiko txikia dute
2012/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Otso iberikoa ez dago desagertzeko arrisku bizian, baina, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Doñanako Estazio Biologikoko adituek egindako ikerketa baten arabera, arriskuan egotera irits daiteke, otso-taldeek dibertsitate genetiko txikia dutelako.
Egia da otsoaren populazioak gora egin duela azken urteetan. 60ko eta 70eko hamarkadetan minimo bat izan zuen; adituek kalkulatzen dute 500 ale bizi zirela orduan, eta gerora kopuruak gora egin du. Gaur egun, uste dute 2.000 otso iberiko daudela, gutxi gorabehera. Hala ere, biologoak kezkatuta daude, etorkizunean irauteko, ale asko izateaz gainera, espezie guztiek dibertsitate genetikoa izan behar dutelako. Populazioak isolatuta daudenean, elkarrekin gurutzatzeko aukerarik izan gabe, ez da gertatzen material genetikoaren trukerik, eta horrek endogamia-arazoak eragiten ditu.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Doñanako Estazio Biologikoko adituek otso iberikoaren populazioak XX. mende osoan zehar izan duen gainbehera aztertu dute, eta, horrekin batera, gaurko otso-taldeen azterketa genetikoak egin dituzte. Haien arabera, otsoaren egoera uste baino okerragoa izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, eta horregatik dute gaur egun dibertsitate genetiko oso txikia. Taldeak Errusiako otsoak ere ikertu ditu, eta ikusi du hango populazioek ez dutela izan hemengoen adinako gainbehera eta haien dibertsitate genetikoa hobea dela. Eta hala izan arren, hango otso-taldeak ere nahiko isolatuak daude, eta epe luzean haiek ere arazo genetikoak izan litzakete.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia