Osasun-zientzietako ikertzaile euskaldunen bigarren topaketak eta gogoetak
2014/07/01 Agirregoitia Marcos, Ekaitz - Udako Euskal Unibertsitateko Osasun Sailburua Iturria: Elhuyar aldizkaria
Herri txiki batean bizi zarenean, hizkuntza minorizatua duen herri batean, zaila da jakitea arlo espezializatuetako gogoeta kolektiboak egiteko masa kritikorik dagoen ala ez. Zalantza hori eduki genuen osasun-zientzietako ikertzaile euskaldunak biltzea erabaki genuenean. Izan ere, ez dago osasun-zientzietako ikertzaile euskaldunen erregistroa egin duen erakunderik eta, are gutxiago, Euskal Herri osoko osasun-ikerkuntzaren erradiografia eta etorkizuneko norabideaz arduratuko den instituziorik. Halere, gure senari kasu egin, eta animatu ginen: 2010eko "bizi-zientzietako ikertzaileen 1. topaketetatik" 2014ko "osasun-zientzietako ikertzaileen 2. topaketetara" salto egiteko hautua egin genuen; eta gaur esan dezakegu erabaki egokia izan zela. Euskal Herrian badago osasun-ikerkuntza euskaraz egiten duten ikertzaile asko.
Ez ginen zerotik abiatu, baina ia...
Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Osasun Sailetik antolatu genituen topaketak. Izan ere, Osasun Sailean aspaldi ari gara gogoetak egiten, arloz arlo, eta oso pozgarria izan da ikustea Sailera jende berria hurbildu zaigula topaketak prestatzeko. Halere, inurrien lana egin behar izan dugu: 2010eko esperientzia bageneukan, baina, osasun-zientzietan zentratuko ginela jakinda, lan zorrotza egin behar izan genuen ikertzaileekin harremanetan jartzeko. Beraz, osasun-arloko Euskal Herriko ikerkuntza-zentroetako, unibertsitateetako eta enpresetako webguneetan sartu ginen, eta helbide elektronikoak banan-banan kopiatu genituen. Horretaz gain, irakasle garenok gure gradu eta masterreko ikasleei bidali genien hitzordua, baita UEUren kontaktu-zerrendakoei ere, eta sare sozialetan argitaratu genuen. Azkenik, antzinako app bat erabili genuen: ahoz ahokoa. Argi daukagu miaketan hainbat eta hainbat ikerlari bidean utzi genuela. Baina argi daukagu, halaber, sarearen lehenengo hariak lotzen hasi ginela.
Erantzun ezin hobea jaso genuen
Topaketak gauzatzeko, alde batetik, osasun-ikerkuntzan diharduten laguntzaile ezin hobeak izan genituen: Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE), Ekaia (EHUko zientzia eta teknologiaren aldizkaria), Elhuyar eta Teknovas enpresa bioteknologikoa.
Maiatzaren 30erako jarri genuen hitzordua UEUko egoitza akademikoan, Markeskoan (Eibar). Egun hartan, 20 sail eta zentrotatik etorritako 53 ikerlari batu ginen, nahiz eta, orotara, 36 sail eta zentrotako 96 ikerlarik sinatu ikerketa-lan guztiak. Halere, zenbakiak zenbaki, interesgarriena izan zen Euskal Herriko ikerkuntza-zentro ia guztietako ikertzaileak bildu izana.
Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat sailetakoak ziren parte-hartzaile gehienak (Immunologia eta Mikrobiologia, Genetika eta Antropologia Fisikoa, Erizaintza, Fisiologia, Biologia Zelularra, Neurozientziak, Farmakologia, Biokimika eta Biologia Molekularra, Kimika Analitikoa, Farmazia, Otorrinolaringologia, SGIker zerbitzua, eta abar). Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak ere izan genituen. Gurutzeta eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleetatik, eta Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) lagunek ere parte hartu zuten. Ikerketa-zentro puruei dagokienez, Bizkaiko BioCrucesetik eta CIC Biogunetik, Arabako Neiker-Tecnaliatik eta Nafarroako CIMAtik etorri ziren.
Puntako ikerkuntza hizkuntza zaharberrituan
Topaketei hasiera emateko, Jon Zarate Sesma Ekaia aldizkariko zuzendariak " Ekaia : Goi-mailako euskarazko zientzia eta teknologiaren plaza" hitzaldia eskaini zigun. Esanguratsua izan zen ikustea entzuleetariko askok lehenengoz jakin zuela ikerketak euskaraz publikatzeko lekurik badagoela. Hitzaldiaren ostean, parte-hartzaileen aurkezpenak hasi ziren eta berehala sortu zen jakin-mina entzuleen artean. Galdera-erantzunen dinamika oso polita abiatu zen hasieratik, eta horrek giroa asko alaitu zuen.
Askotariko 24 lan aurkeztu ziren, bai poster-formatuan, bai ahozko komunikazioen bidez. Lehenengo blokean, minbizi-mota bat baino gehiago (prostata, uteroaren lepoa, giltzurruna, kolona, hezurra, eta abar) sendatzeko egiten ari diren oinarrizko ikerketak azaldu zizkiguten. Ondoren, lau taldek azaldu ziguten zer garrantzi duen kannabinoide sistemak hainbat prozesu fisiologikotan. Azkenik, proteomikaren erabilerak nola berritu diren azaldu ostean, elkarrekin lotura zuzenik ez zuten beste hainbat gai jorratu ziren: ugalkortasuna, hipoxia-iskemia, alzheimerra, eritasun zeliakoa, terapia genikoak, psikologia, eta abar. Oinarrizko ikerkuntzan buru-belarri diharduten ikerlariek parte hartu zuten, eta, agian, faltan bota genituen arlo klinikoan dihardutenak. Beraz, oinarrizko ikerkuntza eta ikerkuntza aplikatuaren arteko zubiak sortzeko ahaleginak egin beharko ditugu hurrengo hitzorduetarako.
Parte-hartzaile gazteen artean, batzuek lehenengoz hitz egin zuten publikoaren aurrean, eta beste batzuek beren datuak euskaraz plazaratu zituzten lehenengoz. Aitortu ziguten hitz eta esamolde askorekin zalantza izan zutela, baina argi ikusi zuten euskararen normalizazioaren parte zirela. Horixe bera adierazi ziguten hizkuntzalariek GARATERM proiektua aurkeztean. Haren helburu nagusia da euskararen erregistro akademiko-profesionalen garapen naturala egitea eta, erregistro horien bidez, profesionalentzako tresnak eta baliabideak garatzea.
IkerForum: osasun-zientzietako ikertzaileen eztabaidagunea
Zortzi ordu igaro eta gero, topaketei bukaera emateko, ikertzaileak iraunkorki sarez lotzeko tresna aurkeztu zen: IkerForum ( www.ikerforum.net ). Duela lau urteko lehenengo topaketetatik gaur arte, argi ikusi da ikertzaileen arteko harremana mantentzea oso zaila dela; baina horrek ez du esan nahi ikertzaileon arteko harremanik behar ez dugunik. Horregatik, UEUko Osasun Sailetik, ikertzaileon harremana iraunkorra izateko plaza sortu dugu. IkerForum erabili ahalko dugu gure ikerketa-lerroei buruz hitz egiteko, tekniketan sortzen zaizkigun zalantzak elkarrekin partekatzeko, ibilbide zientifikoa gauzatzeko lan-deialdiak aztertzeko, euskara zientifikoaren terminologiari buruzko zalantzen gogoeta egiteko eta, azken finean, ikertzaileen arteko elkarrekintza iraunkorra garatzeko.
Hurrengo hitzordua hemendik 4 urtera?
Horrela amaitu ziren 2014ko osasun-zientzietako ikertzaileon topaketak. Ez dakigu ikertzen duguna lehentasunezkoa den edo ez euskal herritarrentzat. Izan ere, hasieran esan bezala, ez dago Euskal Herriko ikerkuntza-taldeen zerrendarik, ezta talde horien ikerkuntza-lerroen sailkapenik ere. Halere, zalantza horiek ebazten joateko pauso txiki bat eman dugu topaketa hauetan.
Alde batetik, ikertzaile euskaldunen komunitatea elkartzeko eta identifikatzeko pauso bat eman dugu, baina, beste alde batetik, osasun-zientzietako ikertzaileen bigarren topaketok berezitasun oso garrantzitsua erakutsi digute: ikertzaileen lantokiaren izena gaindituz, Euskal Herriko ikerketa-zentro askoren ikerkuntza-lerroak aurkezteko foruma izan dela. Hau da: Euskal Herrian egiten den osasun-ikerkuntzaren erradiografia txiki bat egiteko aukera izan dugu; eta hori, gaur egun, hain da ezohikoa, ezen berebiziko garrantzia baitauka. Izan ere, euskal zientzia-komunitatearen ikuspegitik, berebizikoa da Euskal Herriko zientzialari, ikasle, irakasle, mediku eta ikertzaileok forum bat izatea: 1) krisi-garaian zientziak, ikerkuntzak eta osasungintzak jasan dituzten murrizketek piztutako eztabaida aztertu nahi badugu; 2) ongizaterako berebizikoak diren alorrotan lehentasunez bultzatu beharreko ildo estrategikoei buruzko gogoeta egin nahi bada; eta 3) planifikazio eraginkorra egin nahi bada. Soilik horrela eman ahalko dugu gure iritzia indarrez. Gainera, osasun-zientziak publikoaren esanetara jartzeko bidea hartuko du behingoz, eta gardentasunez, gainera.
Ikertzaileon sarea sortzeko helburuarekin jarraituko bagenu, euskal jendarteak epe ertainera nabarituko lituzke trukearen emaitzak eta onurak. Jarraituko dugu bada, sarea sortzen, ikertzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia