}

Osasun-konpainiek mezu feministak baliatzen dituzte oinarri zientifikorik gabeko zerbitzuak saltzeko

2024/02/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

osasun-konpainiek-mezu-feministak-baliatzen-dituzt
Arg. Matthew Henry/Freerange Stock/CC 0

Konpainiak mugimendu feministen aldarrikapenak eta mezuak erabiltzen ari dira, osasun-arloko zerbitzuak eta produktuak eskaintzeko, oinarri zientifikorik gabe. Halaxe salatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek, British Medical Journal aldizkarian.

Artikuluaren arabera, merkatuak beti baliatu du emakumeak ahalduntzea eta boteretzea aitzakia modura, baita osasunaren aurkako produktuak saltzeko ere, hala nola alkohola eta tabakoa. Orain, berriz, antzeko mezuak erabiltzen dituzte bestelako zerbitzuak eta produktuak saltzeko, baina, oraingoan, osasunaren mesedetan ari direla aldarrikatzen dute. Alabaina, ikertzaileek salatu dute ez dagoela ebidentzia zientifiko nahikorik hori esateko; aitzitik, kalte ere egin dezakete: alferrikako kezka sortzen dute, medikalizazioa bultzatzen dute, eta, gainera, indibidualismoa indartzen dute. Hain zuzen, osasuna eta berdintasuna eros daitezkeela iradokitzen dute marketin-kanpainek, baldintzatzaile sozialen eragina erabat ahaztuz.

Ikertzaileek hainbat adibide aipatu dituzte artikuluan: bularreko minbizia diagnostikatzeko testak, menopausia arintzeko hormona-tratamendua, disfuntzio sexuala tratatzeko botika (flibanserina), hilekoaren zikloa jarratzeko aplikazioak, obuluak izozteko eskaintzak… Guztiek ere ideia hau sustatzen dute: norberaren esku dago osasuna eta ugalketa kontrolatzea, gorputza hobeto ezagutuz, eta horretan laguntzen dute zerbitzu eta produktu horiek (“Ezagutza boterea da”). Baina saltzen dutena zuzenean kaltegarria izan gabe ere, zabaltzen duten ideia faltsua da, eta arriskutsuak izan daitezke. Adibidez, obuluak izozteko eskaintzetan ez dute aipatzen, berez, ez dutela bermatzen gero egokiak izango direnik ernaltzeko. 

Horrez gain, gogorarazi dute emakumeen osasuna behar baino gutxiago ikertzen dela, eta, beraz, nabarmenagoa dela marketinaren eragina. Haien ustez, mugak jarri beharko lirateke, eta gardentasun handiagoa beharko litzateke. Ohartzen dira kritikak misoginotzat edo aitakeriatzat har daitezkeela, baina berretsi dute, emakumeen autonomia errespetatzeko, ezinbestekoa dela gardentasuna eta ziurgabetasuna argi adieraztea, eta osasun-arloko marketina zorrotz arautzea. Eta, horrekin batera, ahalegin handiagoa egin behar dela emakumeen osasuna ikertzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia