}

Oroitzapenak: hau bai, hau ez...

2001/03/15 Astobiza, Amaia

Gogoz saiatuz gero, posible da gogoko ez ditugun oroitzapenak ahanztea. Hala zioen Sigmund Freudek psikoanalisiaren inguruan argitaratutako teoriak eta horrela diote, mende bat geroago, Oregon Unibertsitateko adituek.

Freudek zioenez, oroitzapen mingarriak nahita ahantz ditzakegu eta, bere ustez, abusuak jasan dituzten haurrek mekanismo horren bidez ahanzten dituzte iraganeko jazoera lazgarriak. Plazaratu eta mende bat geroago, teoria horrek hainbat eztabaidarako bide ematen jarraitzen du. Izan ere, oroitzapen traumatikoak gizakiaren emozioen sarearen korapiloen artean harrapatuta daude eta ez da, ez, erraza sare hori laborategian askatzea.

Oroitzapenen errepresioaren mekanismoa ulertzeko bide egokia Eugengo Oregon Unibertsitatean lanean diharduten Michael Anderson eta Collin Green adituek erabili dutena izan daiteke. Adituen aginduei jarraiki, ikasleek antzeko esanahia duten hitz-pareak ikasi behar zituzten. Hartara, hitz bat erakustean haren bikotekidea gogoratzeko gai ziren. Ondoren, ikasleek bikoteko bigarren hitza ahanzten edo gogoratzen saiatu behar zuten. Horretarako, ikasle batzuek hitz-bikotea gogoratu eta ozenki esan behar zuten. Beste batzuek, ordea, hitz horretaz ez pentsatzen saiatu behar zuten.

Proba egin eta gutxira, konturatu ziren askoz zailagoa zela pentsamendutik ezabatzen saiatutako hitza gogoratzea, ahots-goran esandakoa gogoratzea baino. Badaezpada ere, memoria xaxatzeko, hitzaren truke dirua eskaini zieten ikasleei, baina aurreko emaitza berak lortu zituzten.

Lortutako emaitza horiek ikusita, Andersonek dio posible dela oroipenak kontzientziatik kanporatu eta ahanztea. Beraz, haurrek ere antzeko estrategia erabil lezakete oroitzapen gogorrak ahanzteko. Are gehiago: haurraz abusatu duena bere ezaguna bada, haurrak ezezaguna bada baino errazago ahantz dezake jazotakoa. Horren arrazoia, Andersonen ustez, haurraren ahanzteko beharrean legoke; ezaguna ikusten duen bakoitzean, haurra oroitzapen mingarri horiek ahanzten saiatzen da eta, azkenean, guztiz ahanztea lortzen du. Beraz, badirudi oroitzapenen errepresioa traumaren oroigarriei etengabe aurre egin behar zaienean bakarrik gertatzen dela. Horren adibide gisa, gerra bukatu ondoren ere Vietnamen bizitzera behartuak dauden beteranoen kasua aipatzen du, horientzat errazagoa baita gerrako traumak ahanztea, beren herrira itzuli eta gerra-garaia gogorarazten dien edozer ekiditen saiatzen direnentzat baino.

Andersonen hurrengo helburua gomutek erreprimituta iraun dezaketen denbora eta erreprimitutako gomutak berreskuratzeko dauden benetako aukerak aztertzea da. Eta, pentsatzekoa da, hortik ateratako ondorioek umezaroko abusuen oroipenen inguruko eztabaida piztuko du. Izan ere, seme-alabez abusatzeaz akusatutako guraso askok, beren burua zuritze aldera, berreskuratutako oroipenak faltsuak direla esaten baitute sarri.

Baina ez pentsa, gero, oroitzapenen inhibizioa haurtzaroko traumak ahanzteko bakarrik erabiltzen dugunik; izan ere, egunero eta etengabe darabilgun mekanismoa baita. Ostiraleko afariaren ostean gertatutakoa gogoratu nahi izanez gero, kasu, beharrezkoa da larunbateko biharamuna eta igandeko pelikula ahanztea. Ostiralekoa oroitzeko gogorik ez baduzu, ordea...zer moduz igandeko pelikula?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia