}

Orion izar-habia

1990/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomi instrumentazioan garatu den azken aurrerapenetako bat erabiliz astronomoak Orion nebulosaren hauts-hodeian barneratu dira eta izar-habiaren argazkiak atera dituzte.

Argazkiak, infragorrizko kamera elektroniko baten bidez lortu ziren. Kamera, astronomo optikoek erabiltzen dituztenen antzekoa da, baina argi ikuskorra detektatzeko emultsioa izan beharrean, infragorri gertuko (uhin-luzera ikuskorretik gertu dagoen argi infragorriko) erradiazio-detektoreak dauzka. Izarrarteko hautsa erradiazio infragorriarekiko gardena denez, erradiazio hori azterturik hauts-hodeien gibelean dagoena detekta daiteke.

Duela hiru bat urtera arte, infragorrizko detektoreek ez zuten nahikoa sentikortasunik bakan dauden iturriak desberdintzeko.

1987.eko abenduan, NASAko Mark MacCaughrean eta Hilo-ko (Hawaii) Astronomi Zentruko Colin Aspin astronomoek 26 x 58 pixeleko infragorrizko kamera 3,8 m-ko Mauna Kea-ko infragorrizko teleskopioari konektatu zioten.

Hiru iragazki desberdin erabiliz, 145na irudi hartu zituzten; 435 irudi guztira. Irudi horiek ordenadorez konbinatuz, kolorezko irudi bat lortu zuten.

Irudiak masa txikiko bostehunen bat izar erakusten ditu (hauetako bosten bat optikoki ere ikusten da) Trapezium-en zentraturik. Trapeziuma lau izar urdin masiboz osatuta dago eta nebulosaren ionizazioaren erantzule dira. Izar-kumulu honen ia partaide gehienak oso gazteak dira astronomi ikuspegitik. Izan ere, duela milioi bat urte bakarrik jaio ziren.

Kamera berriek infragorrizko astronomia mila bat bider bizkortu dute. Tresna zaharrak erabiliz urtetan garatu behar ziren proiektuak gau gutxitan burutzen dira orain, zeren kamera berriez astronomoek zeru-zati handien bereizmen handiko infragorrizko irudiak lor bait ditzakete. Unibertso infragorria sakon erakutsiko digute, Galileoren teleskopioak unibertso optikoa erakutsi digun legez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia