Ordularirik zehatzenak
2001/03/21 Elhuyar Zientzia
Einstein-ek argi utzi zuen denbora eta espazioa ez direla magnitude independenteak, baina erlatibitatearen inguruko postulatu eta kontzeptu ilunetan sartu gabe, bata bestearen baitan aldatzen direla eta batak bestea neurtzeko balio duela buruan izatea nahikoa da hurrengo lerroak ulertzeko.
Adibidez, argazkiko ordularia John Harrison arotz ingelesak eraiki zuen XVII. mendean. Orduan, itsasgizonek arazo larriak zituzten non zeuden zehazki jakiteko. Izan ere, ordu lokala eguzkiaz baliatuz kalkula bazezaketen ere, longitudea kalkulatzeko erreferentzia-puntu bateko ordua behar zuten. Horrela, bi puntuetako ordua jakinda eta 15 graduz behin ordubete galdu edo irabazten zutela jakinda, longitudea zehatz kalkula zezaketen. Garai hartan ez zegoen, ordea, itsasoan denbora zehatz neurtzen zuen ordularirik eta, beraz, itsasoratutakoan itsasontziko ordularia erreferentzia-puntuarekin sinkronizatzeak ez zuen ezertarako balio. John Harris-en ordulariak segundo bateko gorabehera sufritzen zuen egunero, baina longitudea 500 metroko zehaztasunez kalkulatzeko bidea eman zien itsasgizonei.
Egun, zehaztasun askoz handiagoa eskaintzen duten ordulariak erabiltzen dira, bereziki satelite bidezko nabigazio-sistemetan. Europako Espazio Agentzia satelite bidezko Galileo nabigazio-sistema prestatzen ari da 2004rako eta, han, ordulari atomikoak erabiliko dira posizioa kalkulatzeko. Sateliteek, seinale batek satelitetik helburura iristeko behar duen denbora neurtuz, kalkulatzen dute objektuen posizioa. Kontua da, seinale horiek argiaren abiaduran higitzen direla eta, beraz, segundo-zatiki oso txikiak oso zehatz neurtu behar direla. Hori, ordulari atomikoek soilik egin dezakete.
Galileo sistemako sateliteek rubidioan eta hidrogenoan oinarritutako ordulari atomikoak izango dituzte. Bi ordulariek teknologia desberdina erabiltzen badute ere, printzipio bera dute oinarrian: atomo batek energia-egoera batetik bestera salto egiten duenean, maiztasun oso egonkorra duten mikrouhinak igortzen ditu. Galileo sistemako sateliteek denboraren erreferentzia gisa erabiliko dute maiztasun hori eta objektu baten posizioa 45 cm-ko zehaztasunez neurtu ahal izango dute.
Sateliteetako ordulari atomikoak are zehatzagoak diren lurreko beste batzuekin sinkronizatuko dira aldizka, akatsik txikiena ere eragotzi ahal izateko. Europa ahalegin handia egiten ari da satelite bidezko nabigazio-sistema propioa eraikitzeko, GPS sistema ospetsua Estatu Batuetako armadak kudeatzen baitu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia