}

Ordulari biologiko unibertsal bat aurkitu dute zelulen arnasketan

2012/05/31 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ordulari-biologiko-unibertsal-bat-aurkitu-dute-zel
Kai proteinak (irudiaren erdigunean) ezagutzen diren mekanismo zirkadiano zaharrenak dira eta zelula prokariotoetan bakarrik ageri dira. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek egindako neurketek koeboluzioaren zantzuak aurkitu dituzte mekanismo honen eta metabolikoaren artean. Arg. Guogang Dong, Haitao Guo/John Buchner/Susan Golden

Oxigenoaren arnasketaren ondorioz sortzen diren albo-produktu toxikoak erauzten dituzte zeluletatik peroxierredoxina izeneko entzimek, eta bizidun ia denek baliatzen dituzte horretarako. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendutako ikerketetan ikusi dute entzima horiek 24 ordu inguruko zikloak osatuz oxidatzen eta erreduzitzen direla bizidunen erreinu guztietan, gauaren eta egunaren zikloarekin bat.

2011n giza globulu gorrietan eta O. tauri algan detektatu zuten peroxierredoxinen ziklo zirkadianoa; orain jakinarazi dute gauza bera ikusi dutela saguetan, fruta-eulietan, landareetan, bakterioetan eta baita arkeoetan ere. Bi ikerketak Nature aldizkarian argitaratu dituzte, eta ikertzaileen esanean, “peroxierredoxinen 24 orduko oxidazio-erredukzio zikloa biziaren domeinu guztietan gertatzen dela ikusi ondoren, geroz eta onargarriagoa da zelulen erritmo zirkadianoek jatorri molekular komuna izateko aukera”.

Ordulari biologikoak bizidun askotan aurkitu dira, eta azken urteetan mekanismoa ere argitu da. Gene jakin batzuen espresio-errepresio zikloen bidez kontrolatzen dute denbora zelulek: geneek espresatzen duten produktuak berak eragiten du geneak erreprimitzea, 24 orduko zikloan. Mekanismoa komuna izanagatik, geneak desberdinak dira espezietik espeziera, eta, ondorioz, ordulari biologikoa hainbatetan modu independentean “asmatu” den hipotesia gailendu da azkenaldian.

Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileen aurkikuntzak zabaldu eta osatu egiten du ikuspegi genetikoa. Alde batetik, peroxierredoxina entzimen zikloa ez delako genetikoa, metabolikoa baizik. Eta, bestetik, mekanismo bataren eta bestearen arteko elkarrekintzak ere ikusi dituztelako ikertutako bizidunetan. Kasu guztietan ikusi dute bi sistema zirkadianoak gai direla bestea gabe ondo funtzionatzen segitzeko, baina eragiten diotela elkarri. Egileek mekanismo zirkadianoen koeboluzioa aipatzen dute argitaratutako artikuluan: “Gure emaitzek iradokitzen dute erritmo metabolikoak ordulari filumekiko espezifikoak bezain zaharrak direla gutxienez, eta, askotan, zaharragoak, baina erabat integratuta daudela haiekin organismo modernoetan”.

Peroxierredoxinen mekanismo zirkadianoa duela 2.500 milioi urte sortu zela argudiatzen dute ikertzaileek. Bizidun fotosintetikoen jardueraren ondorioz, Lurraren atmosferan oxigenoa pilatu zen orduan; fotosintesiaren zikloaren erritmoari jarraitu eta oxigenoaren albo-produktu toxikoak ezabatzeko gai ziren mekanismoak faboratuak izan ziren, eta zabaldu egin ziren bizidunen artean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia