}

Opioideek eta kanabinoideek espermatozoideetan eragiten dute

2008/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Opioideek eta kanabinoideek espermatozoideetan eragiten dute
2008/09/01 | Elhuyar
(Argazkia: E. Agirregoitia)

Orain arteko ikerketek ondorioztatu dutenez, opioideek eta kanabinoideek ugaltze-funtzioan eragin dezakete. Jakina da bai kanpo-opioideek (heroinak, metadonak) eta -kanabinoideek (haxixak), bai gorputzak berak sortzen dituenak nerbio-sistema zentralaren bitartez erregulatzen dutela ugaltze-funtzioa. Baina EHUn aurkeztutako doktore-tesi baten arabera, espermatozoideetan kokatzen diren opioide- eta kanabinoide-hartzaileek ere kontrola dezakete funtzio hori. Izan ere, opioide- eta kanabinoide-hartzaile mota guztiak giza espermatozoideetan daudela egiaztatzen den lehen aldia da.

Opioide- eta kanabinoide-hartzaileen espresioa eta kokapena zehaztu, eta haiek aktibatzeak espermatozoideen mugikortasunean duen eragina aztertu du EHUko Ekaitz Agirregoitia doktoreak. Haren ikerketaren arabera, espermatozoideen mugimenduari eusteko, gutxienez DELTA opioide-hartzaile batzuek aktibatuta egon behar dute; MU opioide-hartzailea aktibatzeak, berriz, espermatozoideen mugikortasuna inhibitzen du, eta KAPPA opioide-hartzaileak ez du mugikortasunean eragiten. Sistema kanabinoideoari dagokionez, CB1 eta CB2 hartzaileak aktibatzeak higidura azkarra eta progresiboa duten espermatozoideen portzentajea jaistea ekartzen du.

Lan horrek hainbat patologia diagnostikatu eta tratatzeko atea ireki dezake epe luze/ertainean. Esate baterako, espermatozoideek eta emakumeen ugaltze-aparatuak arrazoi ezagunik gabe izaten dituzten ugalkortasun-arazoak hobeto uler daitezke sistema opioideoaren eta kanabinoideoaren osagaien azterketa eginez.

1
245
2008
9
012
Biokimika; Biologia; Medikuntza
Berriak labur
7

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia