Ongi etorria Pirinioetara!
1996/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pirinioetatik albiste pozgarria heldu zaigu berriki. Orain arte zurrumurru hutsa zena baieztatu egin du Pyrénées Magazine izeneko aldizkariak bere azken zenbakian: Aspe eta Ossau bailaretan hartz arrearen (Ursus arctos) kume bat jaio zen pasa den udaberrian.
Aldizkari horretako azken zenbakian Jean Jacques Camarra-ren argazkiak ikus daitezke esandakoaren froga gisa. Izan ere, irudi horietatik ondorioztatu ahal izan da pasa den udaberrian jaioa dela hartz-kumea. Bertako biztanleen eta biologoen artean berehala zabaldu da albistea eta hasierako pozak kezkari zabaldu dio bidea. Izan ere, hartz-kume berriak ezagutuko duen ingurunean zenbait proiektu berri martxan da, horien artean bere habitata erabat aldaraz dezakeen Sonporteko tunela.
Proiektu horiek guztiak bizi-baldintza berriak ezarriko dizkiote jaioberriari eta horietara egokitzeko gauza izango ote den ikusteke dago oraindik. Horrez landa, legez kanpoko ehiztarien aurrean inork babesterik izango ote duen argitu beharko da beranduegi izan baino lehen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia