Onddoak, uste baino askoz lehenagokoak

Arg: dmarr515/Pixabay - dmarr515/Pixabay


Onddoak uste baino askoz lehenagokoak direla ondorioztatu du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Hainbat datazio-teknika konbinatuta kalkulatu dute 900 eta 1.400 milioi urte artean sortu zirela, landareak baino ehunka milioi urte lehenago. Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian.

Landareek eta animaliek ez bezala, erregistro fosil oso urria utzi dute onddoek, haien egitura bigun eta harikarak kontserbatzea oso zaila baita. Ondorioz, haien historia ebolutiboa ezagutzea oso zaila izan da. Orain, hiru informazio-iturri ezberdin eta osagarri konbinatu dituzte zientzialariek: eskuragarri dauden fosil bakanak, ehun onddo espezie baino gehiagoren sekuentzia genomikoak eta geneen transferentzia horizontalak.

Azken hori izan da, batez ere, elementu giltzarri eta berritzailea. Transferentzia horizontala gene bat espezie batetik bestera igarotzeari esaten zaio. Ez da askotan gertatzen, baina oso informazio baliotsua ematen du. Izan ere, gene batek espezie batetik bestera salto egiten duenean, badakigu biak elkarrekin bizi izan zirela une berean. Eta horrek denbora-erlazio erlatiboak ezartzeko aukera ematen du, leinu emailearen edozein ahaidek leinu hartzailearen edozein ondorengo baino zaharragoa izan behar baitu nahitaez. Teknika horiek tresna konputazional berriekin batera erabilita, ehun onddo espezie baino gehiagoren eboluzio-kronograma berriak lortu dituzte, orain artekoak baino askoz zehatzagoak eta sendoagoak.

Hala, ondorioztatu dute onddoak (perretxiko, lizun, legami eta abar) uste baino askoz zaharragoak direla. Oso litekeena da duela mila milioi urte baino gehiago existitzea, eta, beraz, eukarioto zaharrenetakoak lirateke; animaliak (600 milioi urte inguru) eta lehorreko landare zelulaniztunak (500 bat milioi urte) baino nabarmen zaharragoak izango lirateke.

Gainera, ikertzaileen ustez litekeena da onddoak gako izana algei eta landare primitiboei lur lehorrean ezartzen, sinbiosien bidez, gaur egun egiten duten moduan. Bestetik, landareak agertzen hasi ziren arte lur biluzi eta mortuak irudikatzen badira ere, onddoak dagoeneko ekosistemak garatzen ariko ziren. Onddo primitibo haiek lehen lurzoruak sortzen lagunduko zuten arrokak apurtuz, mineralak degradatuz eta elikagaiak birziklatuz; finean, inguru bizigarriago bat eginez.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali