}

Olatu-energia Mutrikun

2005/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsaso zakarreko egun batean olatuak kostaldearen aurka apar eta bitsetan lehertzen ikustea aski da ohartzeko olatuek energia itzela dutela. Zientzialari eta teknologoak aspalditik ari dira energia horretaz baliatu ahal izateko sistema baten bila.

Olatuen energia zinetikoa eta potentziala energia elektriko bihurtzeko hainbat sistema asmatu dira orain arte: olatu-bihurgailuak dira, finkoak zein flotagarriak, itsas hondoan ainguratuak zein kostaldean finkatuak.

Itsaso zabalean olatuen energia 3-8 aldiz handiagoa da kostaldean baino. Alde horretatik, itsaso zabaleko olatuak erabiltzea izan liteke egokiena, baina energia elektrikoa itsasotik lehorrera eramatea oso garestia da; hori dela eta, asmatu diren sistema gehienak kostaldean bertan edo kostalde ondoan kokatzekoak dira.

Euskadin, itsasoko olatuen energia ustiatuz energia elektrikoa sortzeko lehen instalazioa kokatzeko Mutriku udalerria aukeratu dute. Zehazki, Mutrikuko portua babesteko eraikiko den dike berriaren kanpoaldean jarriko da instalazio berria. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Saila instalazioaren obra zibilaz arduratuko da, eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE), aldiz, energia-instalazioaz.

480 kW-eko potentzia instalatuko da. Beraz, urtean 970 MWh inguruko energia sortuko da, gutxi gorabehera mila pertsonari urtebetez argindarra emateko bestekoa. Sortuko den energia elektriko guztia elektrizitatea banatzen duen sareari salduko zaio. Ingurumenaren ikuspuntutik, egitasmo hau martxan jarrita, atmosferara urtean mila tona CO 2 isurtzea saihestuko da –energia-kantitate hori ekoizteko mila tona CO 2 isuriko lirateke energia-iturri fosilak erabiliko balira–.

Dena den, Mutrikun bertan zenbaitek ez du begi onez ikusten dike hori eraikitzea. Mutrikuko natur taldea, esate baterako, proiektuaren kontra dago. Izan ere, dikea 432 m zabal eta 16 m altu da, eta, horrek, besteak beste, herriko hondartza desagertzea eta itsasoaren gertuko presentzia betiko galtzea ekarriko luke hein handi batean, haien ustez. Natur taldearen arabera, gutxi gorabehera 246.932 m 2 itsaso zementu-eremu bihurtuko lirateke.

Instalazio berezia

Mutrikuko portua babesteko dikean egingo den energia-instalazioa jartzeko aukeratu duten sistemak hainbat berezitasun ditu. Erabiliko duten teknologia ur-zutabe oszilakorreko bihurgailuan datza (OWC, oscilating water column deritzona). Horixe da, hain zuzen ere, gaur egun olatuen energia ustiatzeko dagoen teknologiarik garatuena edo helduena. Turbina anitzeko konfigurazioa aukeratu dute, ganbera-turbinako 16 unitate dituena, instalazioa dikean hobeto integratzeko asmoz.

Gure kostaldeko itsasgora eta itsasbeherek olatuen energia aprobetxatzeko aukera ematen dute.

OWC sistema edo teknologia erabiltzen duten instalazioen funtzionamendua ez da batere konplexua, eta ez dute inolako eraginik ingurunean. Olatua heltzen denean, ur-zutabeak gora egiten du ganberen barruan, eta, barruan dagoen airea konprimitu ondoren, goiko aldean dagoen zulo txiki batetik presio handiz irteten da konprimitutako aire hori. Presio eta abiadura handiz ateratzen den aire konprimitu horrek turbinei eragiten die, eta birarazi. Beraz, aire konprimituak berak eragiten die turbinei, eta ez itsasoko urak zuzenean. Hala, turbinei lotutako sorgailu elektrikoek energia elektrikoa ekoizten dute. Ur-zutabea jaisten denean, ganbera hutsik gelditzen da, goiko aldeko zulotik airea xurgatzen da eta horrek berriro ere turbinei eragiten die. Turbina horien diseinua dela eta, bai airea xurgatzen dutenean, bai airea kanporatzen dutenean, noranzko berean biratzen dira turbinak.

Munduan badaude bi instalazio olatuen energia ustiatzeko horrelako teknologia erabiltzen dutenak, bata Eskozian eta bestea Azore uharteetan. Hala ere, Mutrikuko instalazioak turbina bat baino gehiago izango du. Halaber, dike berri batean erabat integratuko den lehen instalazioa izango da.
Itsaso zabaleko olatuak erabiltzea energetikoki errentagarriagoa izan arren, kostaldean kokatzen diren mota honetako olatu-bihurgailuek badute abantaila bat itsaso zabalean lan egiten duten sistemen aldean: sorgailu elektrikoa, turbina eta ekipo elektrikoa lehorrean daude, eta, beraz, konpontze- eta mantentze-lanak askoz merkeagoak dira. Bestalde, ingurumenean duen eragina kontuan hartu beharrekoa da, paisaia-inpaktua, besteak beste.

Olatuen energia ustiatzeko OWC instalazio baten oinarrizko eskema

Itsas energia

Itsasotik hainbat eratara lor daiteke energia, energia hori biltzen edo metatzen den moduaren arabera. Hala, itsasoko energia ustiatzeko mareen energia, energia termiko ozeanikoa, itsaslasterren energia eta olatuena balia daitezke. Ustiapen horietako bakoitzerako teknika ugari garatzen ari dira.

Mutrikuko portuan jarriko dute olatuen energia ustiatuz energia elektrikoa sortzeko instalazioa.

Euskadin ez dago instalaziorik itsasoko energia ustiatzeko. Gainera, kontuan hartu behar da ahalbideak edo potentzialak oso ezberdinak direla ustiapen-motaren arabera. Gaur egun eskuragarri dagoen teknologia erabiliz, energia termiko ozeanikoa, mareen energia eta itsaslasterren energia ustiatzeko aukerak urriak dira gurean.

Horrelako instalazioak jartzeko, gutxieneko baldintza batzuk behar dira, eta euskal kostaldeak olatuak ustiatzeko behar direnak betetzen ditu. Gure kostaldean itsasgoraren eta itsasbeheraren arteko aldeak, batez beste, urtean 5 metro baino gutxiagokoak dira, eta 30 kW/m inguruko energia-fluxua dute. Ondorioz, olatuen energia ustiatzea bideragarria da EAEn, OWC teknologiaren bitartez.

2007an abian izango dela iragarri dute. Eta, energia-azpiegituren esparruan ezarritako helburuei dagokienez, 2010. urterako 5 MWeko potentzia instalatua izatea espero da.

Egia esan, orain arte olatuen energia benetan erabili duten bakarrak surflariak izan dira, baina azken urteotan saioak ugaritzen ari dira eta, oraindik proiektu hasiberriak badira ere, errentagarritasunaren muga gero eta hurbilago dago.

Mareen energia

Mareen energiatik energia elektrikoa lortzeko teknologia ez da gaur egungoa, aspaldi asmatu zuten. Hala ere, orain arte ezin izan da behar bezala garatu, errentagarritasun- eta ingurumen-arazoak tarteko ez baita aprobetxatzerik izan.

Duela gutxi arte marea-energia erabiltzeko lekurik hautatuenak estuarioak izan dira, horietan ur-bolumen handia iragaten baita toki estu batean barrena, eta, ondorioz, abiadura handiko ur-lasterrak sortzen dira. Horrelakoetan, estuarioaren sarreran presa bat eraikitzen da eta itsasgora hasten denean sarbidea itxi egiten da. Ondorioz, presaren itsasoko aldean uraren maila igo egiten da beste aldekoarekiko. Itsasgoraren azken bi orduetan atakak ireki eta itsasoko ura estuariorantz abiatzen da turbinetan barrena, eta, hala, energia elektrikoa sortzen da. Itsasgoraren une gorenean atakak itxi egiten dira berriro, eta ura estuarioan metatuta uzten da itsasoan marea behera doan bitartean. Itsasbeheraren amaieran atakak ireki eta ura estuariotik itsasorantz isurtzen da, turbinak mugitu eta berriz ere energia elektrikoa sortzen da.

Teknologikoki egokia da sistema, baina baztertu egin da, ingurumen-arazo larriak sortzen baititu. Izan ere, horrelako zentralen eraginez, besteak beste, estuarioetako habitata hondatu egiten da.

Horren antzerako teknologia batean oinarrituta, baina ingurumen-arazoak saihesteko asmoz, beste sistema bat ere garatu da: urmaelak. Marea goian dagoela urmaela urez betetzen da, eta ura metatua gelditzen da han marea jaisten hasten denean. Marea behean dagoela urmaeleko ura eta itsasokoa ez daude maila berean, eta, atakak irekita, urmaeleko ura itsasora isurtzen da turbinetan barrena. Hor energia elektrikoa sortzen da. Hustu ondoren, urmaeleko ura eta itsasoko ura maila berean geratzen dira. Orduan, urmaelerako sarbidea itxi egiten da. Hala, marea igotzen denean berriro ere maila desberdinetan egoten dira itsasoko ura eta urmaelekoa. Balbulak ireki eta itsasoko ura urmaelera sartzen da turbinetan barrena, eta energia elektrikoa sortzen da. Urmaela betetzen denean berriro hasten da zikloa.