Oinutsik korrika egiteko jaioak gara
2010/02/21 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Eta, bitxia badirudi ere, desberdin egiten dugu korrika oinutsik eta oinetakoekin. Harvard Unibertsitateko ikertzaile batzuek oinutsik eta oinetakoekin aritu ziren hainbat korrikalariren korrika-saioak aztertu dituzte, eta Nature aldizkarian eman dute azterketa horren berri. Besteak beste, esan dute oinutsik korrika eginez hobeki arintzen dugula oinek lurraren kontra egiten duten talka.
Dirudienez, horren guztiaren gakoa da korrika egitean ez ditugula berdin jartzen oinak lurrean oinutsik gaudenean eta oinetakoak jantzita ditugunean . Ikertzaileek azaldu dutenez, oinetakoak jantzita ditugunean, lurra jotzen duen lehenengo gorputz-atala orpoak dira. Oinutsik korrika aritzean, berriz, oinen aurrealdea edo oin-zola osoa jartzen dugu lurraren kontra.
Oinak nola jartzen ditugun, halako inpaktua jasango dute gure oinek urrats bakoitzean. Lurraren kontra zuzenean orpoek jotzen badute, jakina, berek jasaten dute urrats bakoitzaren talka. Bada, ikertzaileek ikusi dute gorputzaren pisuaren halako hiru izatera irits daitekeela talka horien indarra, oinetakoek motelgailuak badituzte ere.
Korrika oinutsik aritzen direnen kasuan, aldiz, orpoek jasaten duten talka gorputzaren pisuaren % 60ra jaisten da. Izan ere, oinen kuxinekin jotzen dute lehenengo lurra, eta, gainera, oinetako eta hanken azpialdeko giltzadurek, tendoiek eta giharrek talka arintzeko aukera dute.
Herrialde garatu deritzenetan, oso txikia da oinutsik ibiltzeko eta korrika egiteko ohitura (Argazkia: Mark Steele).
Adibidez, orkatila oso moldagarria da eta giltzadura malgua du. Malgutasun horri esker, asko arintzen du gorputzaren pisuak lurraren kontra egiten duen indarra. Baina gaitasun horri oinutsik aritzen diren korrikalariek atera diezaiokete probetxua. Oinetakoekin doazenei, berriz, oinetakoaren zolak bakarrik arintzen die talka.
Ezin bat-batean oinutsik hasi
Oinek inpaktu txikiagoa jasaten badute, logikoa da pentsatzea oinutsik aritzen direnek min eta lesio gutxiago izango dituztela. Eta horixe iradoki dute Harvardeko ikertzaileek. Baina, esandakoa, abantaila horiek guztiak oinutsik korrika egitera ohituta daudenek bakarrik dituzte; alegia, oinak indartuta eta gogortuta dituztenek.
Herrialde garatu deritzenetan, oso txikia da oinutsik ibiltzeko ohitura. Oinetakoekin ibiltzen gara gehien-gehienetan, eta haiek babesten dituzte gure oinak beira-zatietatik, harri puntadunetatik, gainazal gogorretatik eta abarretatik.
Oinetakoekin doazenei, oinetakoaren zolak bakarrik arintzen die talka, eta ez oinetako kuxinek eta giltzadurek (Argazkia: Morten Liebach).
Hala ere, oinutsik korrika egitearen alderdi on horiek kontuan hartuta inork erabakiko balu oinutsik hastea, jakin dezala pixkanaka egokitzen hasi beharko lukeela. Ikertzaileetako batek aitortu du bera dagoeneko hasi dela egokitzapen hori egiten.
Egia esan, ez da gai horri buruz hitz egiten den lehenengo aldia. Interneten bilaketa eginez gero, milaka webgunetan ageri dira horri buruzko ikerketak, aholkuak eta oharrak, eta askotan aipatzen dute pixkanakako egokitzapen hori. Adibidez, Australiar batek 2001ean Sportscience aldizkarian horri buruz idatzitako artikulu batean esan zuenez, oinutsik ibiltzen hastea izan liteke lehenengo urratsa. Behin oin-zolak gogortuta, 3-4 asteren buruan, korrika hasteko moduan egongo ginateke.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia