}

Oinetako minak

1991/02/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oinak adaptazioaren adibide bikaina dira: bipedo izateak eta zapata desegokiak erabiltzeak oinetako lesio espezifikoak eragiten dituzte.
Zapata desegokiak erabiltzeak oinetako lesiosak eragiten dituzte.

Oinak adaptazioaren adibide bikaina dira: muskuluak, hezurrak eta tendoiak ongi baino hobeto moldatzen dira gorputzaren beharrizanetara. Baina bipedo izateak (gizakia bi oinen gainean egon eta ibili ohi bait da) eta zapata desegokiak erabiltzeak oinetako lesio espezifikoak eragiten dituzte.

Oinaren egiturak bobeda baten antzekoa behar luke izan, oinarriak (oinzolak kasu honetan) pisu guztia jasateko. Horixe da, hain zuzen, oinaren egiteko nagusia. Baina normalean, eginkizun hori ez da baldintzarik onenetan gauzatzen. Aitzitik, denborak aurrera egin ahala, modaren eraginez, gure zapatak helburu estetikoz gero eta laburtzenago joan dira, oina zauritu eta mutilatzera iristeraino. Hori ebitatzea da, beraz, prebentzioaren arau nagusia.

Ikus ditzagun orain lesiorik usuenak:

Joanikoteak

Hauxe da oinetako behatzetan agertzen den lesiorik usuena. Behatz lodiaren desbiazioan datza; oin batean zein bietan. Batzuetan oinean sortzen diren hezur-alterazioak direla eta, koskor edo irtenune handiak ere agertzen dira eta jendeak horiei deitzen die joanikote .

Horrelakoak agertzeko arrazoiak asko dira, hasi eritasun erreumatikoetatik eta zapata desegokietaraino, desoreka muskularrak edo hezurreko alterazioak tartean egonik. Usuagoa dela ikusi da, bestetik, oin egiptiarretan (lehen behatza, potoloa alegia, bigarrena baino luzeagoa dutenetan).

Tratamendua desbiazioaren eta minaren araberakoa izango da. Dena den, horrelakorik ez agertzea nahi bada, zapata luzeak eta aurrekaldetik zabalak erabiltzea komeni da; takoia gehienez jota ere 5 cm-koa dutenak. Prozesua oso aurreratua dagoenean bakarrik gomendatzen da operazio kirurgikoa.

Metatartsalgiak

Joanikoteak. Hauxe da oinetako behatzetan agertzen den lesiorik usuena.

Edo oinaren aurrekaldean (metatartsoan) mina ematen duten eritasunak. Arrazoiak asko eta desberdinak dira, baina % 89tan emakumezkoek pairatzen dituztela kontuan izanik, gehienetan zapatak zeregin garrantzitsua du, takoi altuak bereziki, orpoa jasotzean oinaren aurrekaldeari pisuaren gainkarga bat eragiten dion heinean.

Bestelako zergatiak bazter utzi ondoren, soluzioa zapata antianatomikoak ordeztean datza, mina ebitatuko duen plantila bat ezartzeaz gainera.

Talalgiak

Oinaren atzekaldeko (bereziki orpoaren inguruko) minak.

Umeak hazkunde bitartean jasandako minak, eritasun erreumatikoak eta beste arraroago batzuk aparte utzita, normalean bi arrazoigatik izaten dira: orpo-hezurreko ezproiagatik eta burtsitisagatik.

Ezproi kalkaneoak ez dira zapata desegokiengatik sortzen, baina sintomak desagertu egiten dira plantila egoki batekin, barne-ezproi hori lurzoruaren gainean zuzenean apoiatzen ez delako.

Zapata oso estuek kontrahorma orpoan iltzatzen dute, eta zapata handiegiek, bestalde, oina behin eta berriz kanporantz irtetea dakarte, eta horrela sortzen den marruskadurak burtsitisak sorterazten dituzte. Hauen tratamendua, zapata egokiak erabiltzea da.

Mailu gisako behatzak

Adaptazioaren adibide bikaina dira oinak.

Behatzen atzerapena edo erretrakzioa: lehenengo falangea edo behatz-hezurra oso hedatua dagoen bitartean besteak flexionatuak daude eta horrek gogortasunak (kailuak) eta burtsitisak eragiten ditu behatzek zapaten puntarekin duten marruskaduragatik. Tratamendua kirurgikoa da.

Bostgarren behatz “varoa”

Joanikotearen alderantzizko deformazioa da, alegia bostgarren behatza barnerantz desbiatua egotea. Sortzetik edukitzeko arrazoiak usu dira, baina baita gero hartuak izateko ere. Tratamendua eta prebentzioa joanikoteenak bezalakoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia