}

Odolari laguntzeko, muskuluari eragin

2003/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Muskulu-zeluletatik abiatuta egin dituzte odol-hodiak Duke Unibertsitateko ikertzaile batzuek, Ipar Karolinan. Dagoeneko zortzi zentimetro luze diren lau arteria egin dituzte, eta, metodoa segurua suertatzen bada, bihotzeko kirurgian erabiltzeko baliabide garrantzitsua bilaka daiteke.

(Argazkia: G. Roa).

Prozedura deigarria da: hTERT izeneko gene bat gehituta muskulu-zelulak hazi egiten dira; gene horrek zelularen bizitza luzatu egiten du. Horrela hazitako zelulek hodi-itxurako egitura sor dezaten, bi hilabetez sartzen dituzte polimero biodegradagarri batez egindako molde batean. Azkenik, egitura estaltzen duten zelulak gehituta, arteriak osatzen dira.

Terapia horren bitartez hazitako hodiek ez lukete errefusik sortuko, pazientearen muskulu-ehunetik abiatuta egingo lirateke eta. Bestalde, odol-hodiak laborategian haziko liratekeenez, ez litzateke hodiak lortzeko arazorik egongo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia