}

Odol-zelula amak laborategian sortu dituzte

2017/05/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

odol-zelula-amak-laborategian-sortu-dituzte
Giza zelula ama pluripotenteetatik eratorritako odol-zelula amak. Arg. Rio Sugimura

Odol-zelula amak laborategian sortzeko bi metodoren berri eman dute Nature aldizkarian argitaratutako bi lanetan. Denbora asko zeramaten mundu osoko zientzialariek hori lortu nahian. Aurrerapauso garrantzitsua izan liteke, besteak beste, terapia zelularrerako, botiken testak egiteko, eta leuzemia ikertzeko eta tratatzeko.

Hezur-muinean dauden odol-zelula ametatik sortzen dira odoleko zelula guztiak. Odol-zelula ama horiek, berriz, enbrioiaren garapenean sortzen dira odol-hodien paretetako zelula endotelial berezi batzuetatik, zelula endotelial hemogenikoetatik. Bihurketa horren mekanismo molekularrak ez dira ezagutzen oraindik, baina uste da gako direla laborategian odol-zelula amak lortzeko. Eta hain zuzen ere horretan oinarritu dira bi ikerketa-taldeak.

Ryohichi Sugimura eta kideak giza zelula ama pluripotenteetatik abiatu ziren. Gorputzeko edozein zelula sortzeko gaitasuna dute zelula horiek. Kasu honetan, lehenengo, zelula endotelial hemogenikoak sortzeko zegoen metodo bat egokitu zuten, eta gero zelula horiek odol-zelula ama bihurtzea eragiten duten zazpi transkripzio-faktore identifikatu zituzten. Faktore horiek erabilita odol-zelula ama gazteak lortu zituzten, eta horiek heltzeko saguen hezur-muinean sartu zituzten.

Raphael Lis-ek eta kideek, berriz, sagu helduen zelula endotelialak zuzenean odol-zelula ama bihurtzea lortu dute, lau transkripzio-faktore erabilita (horietako bi, beste taldekoek erabilitako berak dira). Eta kasu honetan, zelulak heltzeko zilbor-hestetik hartutako zelula endotelialen kultibo batean jarri zituzten.

Bi taldeek garatutako odol-zelula amak arrakastaz txertatu zituzten saguetan, eta haietatik odol-zelula mota nagusiak garatu ziren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia