Odol-analisi bidez, errefusei antzemateko aukera
2011/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Odolean emailearen DNA-kantitateak gora egitea errefusaren adierazle izan liteke
Transplanteak egin zaizkien pazienteei odolean antzeman dakieke organoak errefusatu dituzten edo ez. Hori proposatu dute Stanford Unibertsitateko ikertzaile batzuek PNAS aldizkarian. Haiek diotenez, gaur egun errefusa gertatu den jakiteko erabiltzen den teknika saihesteko aukera dago; teknika horren bidez, transplantatutako organoaren biopsiak egiten dira aldian-aldian
Gorputz batek transplantatutako organoak errefusatzen dituenean, haren zelulak hil egiten dira pixkanaka, eta DNA-zatiak hartzailearen odolera sartzen dira. Beraz, odolean emailearen DNA beti agertzen den arren, errefusa gertatzen denean DNA-kantitatea handitu egiten da. Hala ikusi dute Stanfordeko ikertzaileek: zazpi hartzaileri jarraipena egin zieten, eta, odol-analisi bidez, transplantearen egoeraren berri izan zuten. Batez beste, ikusi zuten emailearen DNA odolean ageri den DNA guztiaren % 1etik behera denean ez dela arazorik egoten. % 3-4ra igotzeak, berriz, hartzailea transplantea errefusatzen ari dela adierazten du.
Errefusa gertatzear zeuden egoeren % 83 identifikatu zituzten odol-analisien bidez. Beraz, oraindik doitu beharreko teknika bat da, eta saio eta entsegu gehiago egin behar dituzte, baina ikertzaileek uste osoa dute potentzial handia izan dezakeela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia