Obuluen ingurunea gako da haien garapenean eta zahartzean

Obuluen ingurunea gako da haien garapenean eta zahartzean


Orain arte, obuluen kantitatea eta kalitatea jaistea jo izan da adinarekin ugalkortasuna galtzeko arrazoi nagusitzat. Orain, baina, kontua konplexuagoa dela ikusi dute, eta obuluak inguratzen dituzten zelulek, nerbioek eta ehunek ere funtsezko zeregina dutela.

Science aldizkarian argitaratu dute obuluen garapenari buruzko azterketa. Ikertzaileek saguen eta emakumeen obulutegien 3Dko mapa egin dute, berariaz sortutako teknika batekin.

Teknika horri esker, geruzetan ebaki ordez, osotasunean ikusi ahal izan dute obulutegiaren egitura. Ohartu dira obuluak ez direla berdin banatzen obulutegian, baizik eta poltsetan multzokatzen direla. Poltsa horien dentsitatea jaitsi egiten da adinarekin; eta badirudi, obulutegi beraren barruan izanda ere, poltsaren inguruneak eragina duela obuluen garapenean. Ekosistema bat osatzen dute, nolabait esateko.

Proxesu konplexua

Horrez gain, ia 100.000 zelulen analisi genetikoa egin dute, jakiteko zer gene dauden aktibo zelulak zahartu ahala. Horren bidez, 11 zelula-mota identifikatu dituzte; tartean, zelula glialak eta nerbio sinpatikoak. Azken horiek “eraso ala ihes” erantzunaren parte dira, eta ikusi dute sare trinko bat sortzen dutela obulutegian, adinarekin are gehiago trinkotzen dena. Saguetan nerbio horiek genetikoki inaktibatuz gero, obuluak erreserban geratzen zirela ikusi zuten, eta ez zirela heltzen. Zientzialariek iradoki dutenez, litekeena da zelula glialek nerbioen funtzioan laguntzea, folikuluak inguratzen dituzten odol-hodietatik seinale kimikoak bidaliz.

Azpimarratu dute saguen eta pertsonen obarioek antzekotasun handiak dituztela, eta horrek ikertzen jarraitzea errazten duela. Hain zuzen, obuluen garapena eta zahartzea ondo ulertzea da helburua, ugalkortasun-arazoak konpontzeko ez ezik, baita osasun hobea izateko ere, menopausiaren ondoren.

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna