Obsesio terrorista:
zientzia-aldizkarietan ere bai
2003/02/17 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Estatubatuarrak terrorismoarekin itsututa eta zeharo beldurtuta daude, eta bertako zientzia-aldizkariak ez dira salbuespena. Hogeita hamasei aldizkaritako editoreek terroristek arma biologikoak egiteko erabil dezaketen informazioa tratatzeko protokoloa aurkeztu dute. Izen handiko aldizkari asko daude tartean, besteak beste, Estatu Batuetako Science , PNAS eta New England Journal Of Medicine eta Britainia Handiko Nature aldizkaria.
Aldizkari horietako eta beste askotako editoreek, Mikrobiologiako Elkarte Amerikarrak deituta, bilera egin zuten urtarrilaren hasieran. Elkartea kezkatuta zegoen bakterioei eta gaixotasunei buruzko artikuluak terroristentzat informazio-iturri izan daitezkeelako. Zer eta nola publikatu aztertzea proposatu zuten, energia nuklearraren inguruko ikerketekin egiten den moduan.
Han bildutako editoreek baterako editorial baten bidez aurkeztu dituzte bileraren emaitzak eta atariko protokoloa. " Emaitza zientifikoen trukea zentsurarik gabe " izenburua jarri diote PNAS aldizkarian editorialari, baina ez da hori tonua. Itsutasunak aldizkari zientifikoak ere harrapatu ditu.
"Hainbat zientzialari eta politikari kezkatuta daude aldizkari zientifikoetan argitaratutako ikerketak asmo gaiztoak dituztenentzako laguntza izan daitezkeelako" idatzi dute editorialaren hasieran. Asmo gaiztoko pertsonak, bai.
Hori baino larriagoa da, ordea, bi paragrafo geroago idatzitakoa: "Bilerako ia denok uste dugu, terroristek erabiltzeko arriskua dela eta, publikatu behar ez den informazioa egon badagoela. Baina informazio hori ezin da definizio edo zerrenda zehatz batzuekin detektatu; beraz, identifikazio hori nola eta zein bidetatik egin bilatzen segituko dugu, egia delako baita ere, eta horrekin denok ados gaude, ikerketak zentsurarik gabe publikatzea ez dela soilik osasun publikoarentzat onuragarria. Terrorismoaren aurkako borrokan ere erabilgarria da".
Horra hor zentsuraren kontrako argumentu biribila. Argitalpenak ez dira zentsuratu behar asmo txarreko pertsonen aurka baliagarri izan daitezkeelako.
Argi dago editoriala eraso terroristekin itsututako gizarte bati begira idatzi dela, azalpen sinpleak entzutera ohitu den gizarte bati begira, gainera. Eta pentsatu nahi dut aldizkari horietako editoreentzat zentsuraren kontua aditzera eman dutena baino konplexuagoa eta larriagoa dela. Baina hori ere ez da batere lasaigarria. Aldizkari zientifiko espezializatuetan ezin dira eztabaida konplexuak argudio sinple eta, batez ere, sinplisten bidez azaldu.
Lau deklarazio
Larunbatean ezagutzera emandako editorialean, zoritxarreko sarrera hori egin ondoren, lau deklarazio egin dituzte 36 aldizkarietako ordezkari eta idazleek. Lehenengoan prozesu zientifikoaren osotasuna babestea ezinbestekoa dela esan dute, eta argitalpenek ikerketak errepikatu ahal izateko adinako kalitatea izango dutela ziurtatu behar dela. Eskerrak.
Segidan, honako hau aitortu dute: publikatutako informazioaz abusatzeko kezka legitimoak sorrarazi dituela panorama terroristak. Aldi berean, ordea, arlo horietako ikerketek defentsarako erronkak betetzen lagun dezaketela uste dute eta, beraz, segurtasuna mehatxa dezaketen gaiekin modu arduratsuan jokatzeko konpromisoa hartu dute.
Hirugarren deklarazioan artikulu arriskutsua aztertzeko mekanismoak sortzea proposatu dute eta, laugarrenean, artikuluak aldatu edo ez publikatzea, inoiz, arriskua balizko onura sozialak baino handiagoa dela ondorioztatzen bada.
"Informazio zientifikoa beste bideetatik ere ezagutaraz daiteke, mintegietan, biltzarretan, posta elektroniko bidez..." justifikatu dute. "Aldizkariek eta elkarte zientifikoek zeregin garrantzitsua izan dezakete ikerketen emaitzak onura publikoak maximizatu eta gaizki erabiltzeko arriskuak minimizatzeko moduan komunika daitezen". Horrelaxe amaitzen da editoriala.
Aldizkarien iritzia bakarka
Baterako editorialarekin batera, bakarkako iritziak ere argitaratu dituzte aldizkarietan. PNAS aldizkariarena ez da oso lasaigarria. Orain arte esplizituki egin ez badute ere, segurtasunarekin lotutako artikuluetan alderdi hori kontuan hartu dutela azaldu dute. Bileraz geroztik, aldiz, markatxo bat jarri diete artikulu horiei, 20 guztira, eta guztiak aldaketarik gabe publikatu dira. Oraingoz.
Science aldizkarian , berriz, desadostasun handiagoa nabaritzen da. Zientzia ona eta txarra moduko terminoak komatxo artean idatzi dituzte, baita intentzio txarreko pertsonak bezalakoak ere. Bere editorialean bi kulturaz hitz egiten du, zientziaren eta segurtasunaren kulturez, eta bien arteko tentsioez. Bileran –kontatu du– hondoko tentsio apur bat nabaritzen zen: zientzialariek galdegiten zuten segurtasunaz arduratzen den jendeak zenbateraino ezagutzen duen zientzia, eta besteek, zientzialariak zenbateraino jabetzen diren arriskuaz eta ‘gaizkileen’ adimenaz. Hala ere, bilera bi kulturak hurbiltzeko baliagarria izan zela azpimarratu du, eta baterako editoriala zentzuzkotzat jo du.
Antzerako tentsioek lehenago ere zalaparta handia sortu dutela gogoratu du Science aldizkariak. Adibidez, 1980ko hamarkadaren hasieran, bat-batean, oinarrizko ikerketari aplikatu zitzaizkion armen inguruko informazioa babesteko neurriak, eta ia-ia haustura sortu zen bi kulturen artean. Nolabait konpondu zuten, orduan, baina geroztik behin baino gehiagotan egon dira krisialdiak.
Arma biologikoen eta terroristen inguruko auzia bera da Science aldizkariarentzat. Funtsen, aspaldiko auzi bera da: ikerketa eta aurrerapen zientifikoen erabilera zientzialarien ardura den ala ez den. Hain juxtu, bai baterako editorialean bai PNASen editorialean, zientzialariei espreski eskatzen zaie euren lanen erabilera bikoitza aintzat hartzeko.
Informazio osagarria:
Baterako editoriala
Nature aldizkariaren berria
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia