}

Nyaragongo

2002/01/22 Elhuyar Zientzia

Afrikako sumendirik aktiboenetakoa da Nyaragongo. Izan ere, Virunga mendietan dago, Afrikako ekialdeko failan lerrokatuta dauden zortzi sumendien multzoan. 1994. urtean kraterrean azaldu zen laba, baina ez zen erupziorik gertatu. Joan den astean, aldiz, eztanda handi baten ondoren, laba-lasterrak 60 kilometro orduko abiaduran jaitsi ziren sumendiaren magaletik. Laster horiek ehunka pertsona hil eta Goma hiria ia guztiz suntsitu dute. Gainera, labak gasolindegi bat leherrarazi du, eta, ondorioz, beste 50 pertsona hil dira.

Laba Kivu lakuraino iritsi da eta ura poluitzeko arriskua handia da. Hori dela eta, elikagaiekin batera, ura edangarri bilakatzeko tresneria heltzen ari da Gomara. Adituen ustez, beste erupzio batzuk gerta litezke hurrengo egunotan, baina lurpeko gas-poltsek eztanda egiteko arriskua behintzat jadanik baztertu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia