}

Nuklearren berpizte eztabaidagarria

2008/08/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

“Patetikoaâ€, hitz horrekin definitu zuen WWF erakunde ekologistaren bozeramaleak G-8ak bere azken bileran sinatutakoa. Izan ere, ez zuten konpromiso sendorik hartu karbono dioxidoaren emisioak gutxitzeko. Hala ere, klima-aldaketak arazo nagusia izaten jarraitzen du herrialde industrializatuetako gobernuentzat, eta, irtenbidea bilatu nahian, gero eta gehiago ari dira azaltzen energia nuklearren alde. Eurobarometro erakundearen arabera, ordea, Europako biztanleek, behintzat, ez dute auzia agintariek bezain garbi.

Edozein modutara, zentral nuklear berriak eraikitzeko asmoa duten herrialdeen zerrenda luzatzen ari da egunez egun, Europan eta mundu osoan: Frantzia, Britainia Handia, Estatu Batuak, Txina, Finlandia... Klima-aldaketak eta petrolioaren krisiak aitzakia ezin hobea eman die gizartea energia nuklearraren onuraz konbentzitzeko: zentralek ez dute petrolioa erabiltzen energia sortzeko, eta elektrizitate asko ekoizten dute, karbono dioxidorik edo berotegi-efektua areagotzen duen beste gasik isuri gabe atmosferara.

Energia berriztagarri gehienek ere ezaugarri horiek dituzte; alegia, eguzki-energia, eolikoa, geotermikoa, hidraulikoa eta itsas energia ere ez daude petrolioaren menpe, eta ez dute klima-aldaketan eragiten duen gasik isurtzen. Horiekin alderatuta, ordea, abantaila garbiak ikusten dizkiote energia nuklearrari haren aldekoek. Horietako bat sortzen duten energia-kantitatea da: funtzionatzean, besteek baino askoz ere energia gehiago sortzen dute, eta modu jarraituan, etengabe. Ez daude eguzkiaren edo haizearen menpe.

Beste abantaila bat ere badu energia nuklearrak, eta hori lehengaia da. Zentral nuklearrek uranioa erabiltzen dute energia elektrikoa sortzeko, eta uranioaren merkatua petrolioarena baino egonkorragoa da. Hain zuzen ere, uranio-meategi handienak herrialde politikoki egonkorretan daude: Australian, Estatu Batuetan eta Kanadan. Hamarkada batzuetarako erreserbak dituzte, eta uranio-mea berriak bilatzen hasiak dira.

Antza denez, zentral nuklearren aldekoen diskurtsoak eragina du jendearengan, eta, Europan behintzat, jarrera aldatzen ari da. Europako Batasuneko biztanleen iritzia biltzen du Eurobarometro erakundeak, eta haren azken txostenean argi islatzen da hiru urtean, 2005etik hona, asko leundu dela zentral nuklearren erabateko errefusa: 2005ean % 24 zegoen guztiz aurka, eta aurten, berriz, % 17. Are gehiago, 2005ean, % 31 zegoen nahiko aurka, eta 2008an, % 28. Hortaz, duela hiru urte, erdiak baino gehiago agertzen ziren aurka, neurri batean edo bestean (zehazki % 55), baina orain ez da erdira iristen zentral nuklearren aurkako iritzia dutenen proportzioa (% 45).

Aurkakotasuna jaitsi den ia neurri berean indartu da aldeko iritzia: 2005ean, % 7 zegoen erabat alde eta % 30 nahiko alde; orain, % 11 dago guztiz alde eta % 33 nahiko alde. Gizonezkoak dira aldekoenak: gizonezkoen erdiak alde daude, eta emakumezkoen heren bat baino ez. Joera politikoaren arabera ere badago aldea iritzietan: eskuinekoen aldeko jarrera nabarmenagoa da ezkerrekoena baino. Eta lanean goi-karguak dituztenak ere aldekoagoak dira lanpostu xumeagoak dituztenak baino. Hori bai, kontuan izan behar da kargudunak gehienetan gizonezkoak direla, eta asko eskuinekoak direla...

Segurtasuna auzitan

Ingeniari-talde bat Yucca Mountain-eko biltegira sartzen.
(Argazkia: D. Mayer)

Eurobarometroaren txostenean azaltzen den hurrengo galdera energia nuklearraren aurkakoei bakarrik egin zieten, eta hauxe da: hondakin nuklearrentzat behin betiko soluzio seguru bat egongo balitz, zentral nuklearren alde edo kontra egongo zinateke? Kasu horretan, inkestatutakoen % 39k iritzia aldatuko luke; % 48k, ordea, ez. Horrez gain, % 8k erantzun zuen aukera hori ez dela posible; alegia, ezinezkoa dela soluzio seguru eta behin betikoa topatzea hondakin nuklearrentzat. Eta erantzun hori ez zegoen inkestan, aukeren artean; berez sortu zen. Hala ere, inkestagileek jaso egin zuten.

Horrenbestez, joera aldatzen ari bada ere, hondakin nuklearrek oraindik ere kezka handia sortzen dute. Inkestaren arabera, europarren % 93k uste du hondakinentzat irtenbidea orain topatu behar dela, arazoa hurrengo belaunaldientzat utzi gabe. Baina ez dira oso baikorrak: 10etik 7ren iritziz, ez dago modu segururik erradioaktibitate-maila altuko hondakin nuklearrak gainetik kentzeko.

Oraingoz, zentral nuklearren hondakinak sortu diren zentraletan daude gordeta, desaktibazio-urmaeletan. Urak material erradiaktiboek askatzen duten erradiazioa eta beroa xurgatzen ditu, eta, bide batez, pixkanaka (oso pixkanaka) erradioaktibitate-maila jaisten doa.

Aurrera begira, geologikoki egonkorrak diren guneen bila dabiltza, sakonean lurperatzeko. Oraindik ez dituzte horrela gorde inon, baina dagoeneko ari dira prestatzen halako biltegiak; adibidez, Estatu Batuetako Yucca Mountain-en. Diseinatu duten ingeniarien esanean, erabat segurua da. Hondakinak hara eramateko moduak ere guztiz segurua izan beharko du...

Segurtasun-neurri handienak hartuta ere, ordea, beti dago istripuak gertatzeko arriskua. Espainian, alarma piztu duen azken gertakaria Ascon gertatu zen: joan den urteko azaroan, erradiazio-ihesa egon zen. Hilabete batzuk geroago, ihesa hasieran esandakoa baino handiagoa izan zela aitortu zuen Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ; zehazki, 750 aldiz handiagoa. Halakoek mesfidantza eta kezka sortzen dute gizartearen zati batean; haientzat, zentral nuklearrek dituzten arriskuek ezerezean uzten dituzte aldekoen argudioak.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia