Nuklearrak krisian
2009/10/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Urtebete eskas igaro da Energiaren Nazioarteko Agentziak 2030erako zentral nuklearren kapazitatea % 80 areagotzea proposatu zuenetik. Agentziaren esanean, asmoa zen IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernu-arteko Erakundearen helburua betetzea; hau da, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioak ez gainditzea 450 ppm-ko muga. Hain zuzen, iazko errekorra 387 ppm-koa izan zen, eta urte batetik bestera 2,1 ppm hazten dela kalkulatzen dute. Horrenbestez, neurriak hartu ezean, 30 urte igaro baino lehen muga hori gainditzeko arriskua legoke.
Finlandiako Olkilutoko bi erreaktore nuklearrak; irudiaren ezkerrean, erreaktore berria ikusten da, eraikitze-fasean. Orain geldirik dago.
(Argazkia: Kallerna)
Nonbait, hori eragozteko egin zuen proposamena Energiaren Nazioarteko Agentziak. Ez zen, hala ere, aurrera eramateko erraza, kapazitatea % 80 areagotzeak esan nahi baitu urtean 25 erreaktore martxan jarri beharko liratekeela, aurten hasi eta 2030era bitartean.
Dena dela, giroa horren aldekoa zen, eta zentral nuklear berriak eraikitzeko asmoa zuten iaz, besteak beste, Frantziak, Britainia Handiak, Estatu Batuek, Txinak, Finlandiak, Errusiak, Marokok... Baina ia plan guztiak geldirik daude. Arrazoia: ez dute behar adina diru. Edo, beste hitz batzuetan esanda, "Wall Street-ek ez du gogoko energia nuklearra", Arjun Makhijani -k, Energia eta Ingurumen Ikerketarako Institutuko lehendakariak The Nation astekari estatubatuarrari adierazi zionez.
Izan ere, zentral nuklearrak eraikitzea oso garestia da, eta errentagarri izaterako urteak igaro behar dute. Eta, jakina, hauek ez dira garai onenak epe luzeko inbertsioak egiteko. Horrek ondorioak izango ditu, ez bakarrik berotegi-efektuan edo klima-aldaketan, baita energia nuklearrak besteekiko duen pisuan ere.
Hain zuzen ere, aditu batzuek uste dute industria ez dela gai izango zahartzen diren unitateak ordezkatzeko. Iritzi hori du, esaterako, Mycle Scheneider energia nuklearreko aholkulariak, eta, gainera, langile espezializatuen gabezia ere egon daitekeela aurreikusten du. Haren esanean, energia nuklearraren berpiztea "mito bat" da.
Txinako eta Finlandiako kasuak
Hala eta guztiz ere, herrialde guztietan egoera ez da berdina. Adibidez, Txinak zentral berriak eraikitzeko egitasmoari eutsi dio. Nature zientzia-aldizkariak emandako datuen arabera, gaur egun duen kapazitatea laukoizteko helburua du Txinako gobernuak. Hala, 2020rako, 40 gigawatt izango lituzke instalatuta. Aurten, zortzi zentral nuklear hasi dira eraikitzen munduan, eta horietatik sei Txinan daude (beste biak Errusian eta Korean daude).
Baina ez da dirudien bezainbeste. Scheniderrek eta Antony Froggatt ikertzaileak Chinadialogue erakundearen webgunean argitaratutako artikuluan , beste datu batzuk ematen dituzte: 2008aren hasieran, Txinan 11 erreaktore soilik zeuden martxan, eta herrialdean sortutako elektrizitatearen % 1,9 ekoizten zuten (2003an % 2,2). Zentral nuklearrak dituzten gainerako herrialdeetatik, ehuneko txikiena da Txinakoa. Hortaz, Txinaren proiekzioak ez du sinesgarritasunik Energiaren Nazioarteko Agentziarentzat.
Energia nuklearren gainbeheraren adibide garbiena Finlandiako Olkiluotoko erreaktore berria da. Une honetan, Finlandian lau erreaktore daude martxan, eta herrialdean sortzen duten elektrizitatearen ia % 30 ekoizten dute. Horrez gain, beste erreaktore bat egin nahi zuten. Baina proiektua geldirik dago, finantziazio-arazoengatik.
Zehazki, hasieran kalkulatu zutena baino hiru aldiz gehiago kostatzen ari da, eta atzerapena gero eta handiagoa da. Azkenean, enpresa eraikitzaileak eta sustatzaileak (Frantziako Areva eta Finlandiako TVO taldea) elkarri indemnizazio handiak eskatu dizkiote, eta, bitartean, bertan behera utzi dute Olkilutoko erreaktore berriaren eraikuntza.
Jarraituko du...(?)
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia