Non dago ur gehien?
2002/03/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Tokioko Teknologia Institutuko ikertzaileek mantuaren behealdea aztertu dute, 650 eta 2.900 kilometroko sakoneran dagoen geruza, eta osagaien % 0,2 (pisutan) ura izan daitekeela iragarri dute. Ez pentsa gero, haraino zuloa egin eta uraren eskasiaren arazoa konponduko dugunik, baina geologoek diotenez, urak gure planetaren formazio-prozesuari eta plaken tektonikari buruzko hainbat aztarna eman diezaguke.
Planeten formazioa aztertzen denean, kontuan hartzen da hasierako uneetan zenbat material lurrunkor zegoen eta, karbono dioxidoa eta ura horien artean daude. Ikertzaile japoniarren kalkuluetatik ondorioztatu denez, Lurraren jatorrizko nahastea ez zen uste bezain trinkoa.
Bestalde, behe-mantuan dagoen ur-kopuruak plaken tektonikan ere eragiten du. Urak behe-mantuko harkaitzen urtze-puntua txikitu eta ingurunearen likatasuna handitzen duenez, ur asko duen mantua azkarrago mugitu eta nahasiko da. Mugimendu horrek plakak gidatu eta materialak nahasten dituenez, behe-mantuko urak plaka tektonikoen higidura baldintzatzen du. Ikertzaileen ustez, urari esker plakak azkarrago eta errazago hondoratzen dira.
Eskala txikiko mantua laborategian
Ikerketa egiteko, behe-mantua laborategian erreproduzitu dute. Ustez eskualdearen osagai nagusiak diren hiru mineralak (magnesioan eta kaltzioan aberatsak diren bi eta magnesio eta burdina-oxidoaren nahaste den beste bat), 1.600 ºC-tan eta 2.5000 atm. ko presioan jarri eta hidrogeno-edukia neurtu dute. Harkaitzen hidrogenoa harrapatutako uretik datorrela uste denez, hidrogenoa uraren adierazletzat hartzen da. Japoniarrek egindako esperimentutik ondorioztatu ahal izan da behe-mantuan espero baino askoz ur gehiago dagoela.
Eztabaida, noski, bizia izango da geologoen artean, orain bi urte antzeko ikerketa bat egin eta behe-mantuan apenas zegoela urik ondorioztatu baitzen. Goi-mantuaren eta behe-mantuaren artean, 400 eta 650 km artean, hainbat ozeanoren bolumena bezainbeste ur dagoela jakin arren, azpian ez zegoela uste zen. Baina "behe-mantuko mineralek goikoek baino hamar bider ur gutxiago edukitzeko gaitasuna badute ere, bolumena askoz handiagoa da eta ur asko egon daiteke bertan" azaldu dute japoniarrek.
Informazio gehiago:
Nature aldizkariaren web gunean
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia