Nolako odola, halako bakterioa
2004/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ultzera eragiten duen bakterioa, Helicobacter pylori , jendearen odol-taldera egokitzen da. Hori eman dute aditzera ikertzaile batzuek, eta, haien arabera, horrek argitzen du zergatik duten hainbeste ultzera eta urdaileko minbizi Hego Amerikako indigenek.
Urdaila infektatzeko, bakterioa urdaileko paretara lotzen da; hain zuzen, odol-taldeak definitzen dituen antigeno berera lotzen da. Oraingo ikerketak argitu du odol-talde guztiak nahasian dituzten populazioetan bakterioa edozeinetara lotzen dela, bereizketarik gabe. Hego Amerikako populazio indigenetan, berriz, bakterioa O odol-taldeko antigenora bakarrik lotzen da. Hain juxtu, hori da odol-talde nagusia han.
Ikertzaileek jakin dute zein gene den odoleko antigenora lotzearekin zerikusia duena, eta ikusi dute bi kasuotan gene horren sekuentzia ez dela guztiz berdina. Hortik ondorioztatu dute Hego Amerikako populazio indigenen bakterioa inguruan nagusi den odol-taldera egokitu dela, eta espero dute aurkikuntza honek balioko duela tratamendu hobeak aurkitzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia