}

Nolako kolorea, halako ondorengoak

2009/04/26 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Espezie gehienetan genetikak erabakitzen du enbrioiaren bilakaera: y kromosoma daramatenak arrak dira, eta gainerakoak emeak. Beste espezie batzuetan, berriz, sexu batekoa edo bestekoa izatea tenperatura-kontua da. Adibidez, krokodiloetan, inkubazio-tenperaturak baldintzatzen du kumeen sexua —tenperatura ez da berdina habiaren erdialdean eta kanpoaldean—: tenperatura baxuetan emeak jaiotzen dira, eta tenperatura altuetan arrak; dortoketan, juxtu alderantzizkoa gertatzen da.
Goulden diamante emea gora begira dago; buru gorriko edo beltzeko arra aukeratzen ari da.
Sarah Pryke

Goulden diamanteen kasuan, emeak du azken hitza. Izan ere, Sydney-ko Macquarie Unibertsitateko biologoen arabera, Goulden diamante emeek neurri batean kumeen sexua erabaki dezakete beren bikotekidearen itxuraren arabera. Australia aldeko txori koloretsuak dira Goulden diamanteak ( Erythrura gouldiae ). Buru gorria edo beltza izan dezakete. Hortaz, Goulden diamante emeak buru gorriko edo beltzeko arrak ditu aukeran. Aukeraketa horren arabera, kume ar edo eme gehiago edo gutxiago jaiotzen dira.

Buru gorriko eta beltzeko Goulden diamanteak gurutzatzen direnean, kume asko —bereziki emeak— hil egiten dira. Horren harira, ikertzaileek jakin nahi dute Goulden diamante emeek kume arren eta emeen proportzioa kontrolatzeko aukerarik duten edo ez. Izan ere, horrela balitz, kolore ezberdineko arrekin gurutzatzean, emeak ez luke alferrikako energiarik galduko hilko diren kume emeak sortzen.

Hori horrela den edo ez frogatzeko, ikertzaileek buru gorriko eta buru beltzeko zenbait Goulden diamante hartu dituzte, eta haien artean gurutzatu dituzte; gorriak gorriekin, beltzak beltzekin eta gorriak eta beltzak elkarrekin. Buru gorria eta buru beltza dituzten Goulden diamanteak gurutzatzen direnean gehienbat kume arrak jaiotzen direla ikusi dute; arrautza-multzoaren % 82 arrak dira, hain zuzen ere. Kolore bereko burua duten bi Goulden diamante gurutzatzean, berriz, jaiotzen diren kume arren eta emeen proportzioa antzekoa da. Emeak kontrolatzen al du hori?

Gouldendiamanteen kopurua nabarmen gutxitu da XX. mendean.
Sarah Pryke

Hori argitzeko, buru gorria eta buru beltza dituzten zenbait Goulden diamante hartu dituzte, eta haien buruak gorriz nahiz beltzez margotu dituzte. Alegia, buru gorria duten zenbait diamante beltzez margotu dituzte, eta alderantziz. Harrigarriena da ikusi dutela Goulden diamante emeak ikusten duen koloreak baldintzatzen duela ondoren jaioko diren kume ar eta emeen proportzioa, nahiz eta kolorea artifiziala izan.

Horrez gainera, ikertzaileek ikusi dute kolore bereko Goulden diamanteak elkartzean arrautza gehiago jartzen dituztela, eta kumeak arreta handiagoaz zaintzeko eta elikatzeko ahalegina egiten dutela Goulden diamante amek.

Ugaltzeko estrategiak

Buru beltzeko Goulden diamanteen familia bat: arra, emea eta kumeak.
Sarah Pryke

Goulden diamanteak bizi guztirako elkartzen eta gurutzatzen dira. Hala ere, ez pentsa hori hala izaten denik animalia-espezie guztietan. Ugaltzeko estrategietan, alde handia dago espezie batzuetatik beste batzuetara. Hainbat espezietan, arrek bikotekide bakarra izaten dute bizitza osoan, eta euren geneak transmitituko direla bermatzeko erabiltzen dute duten energia guztia, kumeak zaintzen, hain zuzen. Beste hainbatetan, aldiz, bikotekidea etengabe aldatzen dute, baten bat ernalduko delakoan.

Emeetan ere denetik dago: bikotekide bakarra duten espezieetan, kumeak zaintzeko, janaria ekartzeko eta familia babesteko aproposa den arra bilatzen du emeak. Beste espezie batzuetan, berriz, araldian dagoenean, emea ahalik eta ar gehienekin uztartzen saiatzen da.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia