Nola mugitzen dira landareak?
2005/05/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Landare gehienak ez dira asko mugitzen; izatekotan, haztean mugitzen dira, baina oso prozesu motela da. Beste batzuek, berriz, mugimendu azkarrak egiteko gaitasuna dute. Adibidez, argazkiko Dionaea muscipula landare haragijaleak hostoak ixten ditu janaria sumatzen badu tartean. Bestalde, Ecballium elaterium landarearen fruitua lehertu egiten da haziak banatzeko, eta Cornus canadensis edo zuhandor kanadarraren lore ñimiñoek zerura jaurtitzen dute polena.
Botanikari-talde batek, tartean Mahadevan ikertzaileak, landareak nola mugitzen diren aztertu du. Nonbait, mugitzeko hiru modu daude. Mugimendu txikiak eta motelak egiteko, zelulak puztu eta hustu egiten dira. Dionaea muscipula landarearen hostoak, berriz, energia metatzeko gai dira; gero, behar dutenean erabiltzen dute energia hori. Azkenik, zuhandor kanadarrak zelulen barruko presioan oinarritzen du mugimendua: presioa areagotuz doa, eta, halako batean, gehiegizkoa da eta zelula lehertu egiten da.
Ikertzaileen arabera, fluidoa ehunetara iristen den abiaduran dago gakoa, eta horrek bereizten ditu hiru mugimendu-motak. Gainera, frogatu dute onddoek ere sistema berbera erabiltzen dutela mugitzeko.
Landare haragijaleek nola jaten duten bideoz ikusteko, egin klik hemen.
Hemen, berriz, loreak lehertzen ikusteko aukera duzu