Nola lortzen dute espeziek garunari iruzur egitea?
2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sukaldari iruzurgileek betidanik erabili izan dituzte espeziak hondatzen hasita dauden janarien kiratsa estaltzeko. Orain, ikertzaileek jakin dute nola lortzen duten espeziek haragiaren ustel-usaina estaltzea eta garunari ziria sartzea.
Hondatzean, janariak gai kimikoak askatzen ditu airera, eta sudurretik arnastuta iristen dira usaimen-errezeptoreetara. Gai kimiko horiek detektatu orduko, errezeptoreek garuneko usaimen-erraboilera bidaltzen dute informazioa, eta handik garunaren azaleko eremu batzuetara ateratzen da. Hor identifikatzen da usaina eta horri esker daki gizakiak ez dagoela jateko moduan.
Espezien eragina aztertzeko, arratoiak erabili dituzte Japoniako Tokioko Unibertsitatean, eta usteldutako haragia eman diete, bi espeziarekin batera. Ikertzaileek ikusi dute usaimen-errezeptoreak oso sentikorrak direla ustel-usainarekiko, batez ere haragi gantzatsuak usteldutakoan askatzen duen arrain-usainarekiko. Usain hori alkilaminen, gantz azidoen eta aldehido alifatikoen nahasketa da, eta molekula-mota horietako bakoitzarekin aktibatzen dira errezeptoreak. Gero, ikertzaileek mihilua eta iltzea eman zieten arratoiei, eta ikusi zuten aurreko molekulak detektatu zituzten errezeptoreen ondokoek detektatzen zituztela espezien usainak.
Usteldutako haragiaren eta espezien usainen arteko elkarrekintza zein mailatan gertatzen den aztertzean, berriz, ikusi dute elkarrekintza usaimen-erraboilean gertatzen dela. Ikertzaileak harrituta gelditu dira, garunaren azaleko eremuetan gertatzen zela uste baitzuten.
Ikertzaileen ustez, haien lana baliagarria izan daiteke inguruko usain txarrak estaltzeko balioko duten aire-freskagarri eraginkorrak sortzeko. Hala ere, beste zientzialari batzuek zalantzak dituzte, ez dutelako uste arratoietan egindako azterketak gizakientzat balio dutenik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia