Nola kentzen zaio kafeina kafeari?
2000/10/25 Elhuyar Zientzia
Kafe kafeinagabea egiteko lehen metodoa Ludwing Roselius alemaniarrak asmatu zuen 1903an. Oso disolbatzaile toxikoa den bentzenoa erabili zuen kafe-aleei kafeina erauzteko.
Gaur egun, bentzenoa erabat baztertuta dago eta beste hiru metodo erabiltzen dira kafe kafeinagabea egiteko. Lehenak ur beroa erabiltzen du disolbatzaile gisa, baina ez da kafeinarekiko oso espezifikoa eta kafeari zaporea eta usaina ematen dizkioten beste hainbat substantzia ere kentzen dizkio. Teknika honen bitartez aleetako kafeinaren % 94-96 erauz daiteke.
Bigarren metodoan metilen kloruroa edo etil azetatoa erabiltzen dira kafeina erauzteko. Disolbatzailea behin eta berriz kafe-aleetan zehar pasarazten da nahikoa kafeina kendu arte, eta gero, kafeina kendutako aleak urez garbitzen dira disolbatzaileen arrastoak desagerrarazteko. Metilen kloruroa eta etil azetatoa erabiliz, kafeinaren % 96-97 erauzten da. Bigarren metodo hau, hain zuzen, Europan gehien erabiltzen dena da.
Azkenik, hirugarren metodoak karbono dioxidoa erabiltzen du kafe-aleetako kafeina kentzeko. Kafe-aleak dauden ontzian oso presio handian dagoen karbono dioxidoa pasarazten da. Hain presio handian karbono dioxidoak propietate bereziak ditu eta disolbatzaile bikain bilakatzen da. Aipatutako hiru metodoetan garestiena da, baina baita emaitza hoberenak ematen dituena ere. Karbono dioxidoa erabiliz aleetatik kafeinaren % 98 ken daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia