}

Nola funtzionatzen du autoetako airbag edo aire-poltsak?

2000/10/11 Elhuyar Zientzia

Autoetako aire-poltsak ez dira konprimatutako aireari esker puzten. Aire-poltsak erreakzio kimiko baten ondorioz betetzen dira, eta ez dira, gainera, airez betetzen, nitrogenoz baizik.

Erreakzio kimiko horretako erreaktiboa sodio azida da, sodio-atomo batez eta hiru atomo nitrogenoz osatutako konposatua. Sodio azidaren molekulak egonkorrak dira egoera arruntean, baina berotuz gero, elkarrekin erreakzionatzen dute sodio-atomoa eta nitrogeno gasa emateko. Esku bete sodio azidotik abiatuta, hots, 130 gramo sodio azidotik abiatuta, 67 litro nitrogeno lor daitezke, eta 67 litro autoetako aire-poltsa betetzeko adina gas bada. Baina nitrogenoarekin batera sodio-atomoa ere sortzen da. Sodioa oso erreaktiboa da eta urarekin erreakzionatzen du sodio hidroxidoa eratzeko.

Sodio hidroxidoa, berriz, oso korrosiboa da eta begietara, ahora edo sudurrera joanez gero, erredura larriak sor ditzake. Arrisku hori ekiditeko sodio-atomoarekin erreakzionatzen duten bestelako konposatu kimikoak ipintzen dira aire-poltsan. Horrela, urarekin ez du erreakzionatuko eta sodio hidroxidoa bezain produktu toxikoak ez dira eratzen.

Aire-poltsaren mekanismoa, bestalde, sinplea da: autoen aurrealdean talkak detektatzen dituzten sentsoreak daude kokatuta. Talka gertatuz gero sentsoreak seinale elektrikoa bidaltzen du eta seinaleak aire-poltsaren barneko produktu deflagratzailea leherrarazten du. Leherketako beroak sodio azidaren deskonposizioa eragiten du eta aire-poltsa nitrogenoz betetzen hasten da.

Prozesua, noski, oso azkar gertatzen da. Sentsoreak talka detektatzen duenetik aire-poltsa bete arte 30 milisegundo igarotzen dira, hau da, 0,0030 segundo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia