}

Nola egin dezakete lo baleek eta izurdeek ito gabe?

2000/05/31 Elhuyar Zientzia

Izurdea eta balea itsasoan bizi diren arren, ugaztunak dira eta ugaztun lez, lo egin beharra daukate.

Gizakiok modu inkontzientean hartzen dugu arnasa normalean; hau da, arnasketa ez da ekintza kontzientea. Bale eta izurdeentzat, berriz, arnasa hartzea ekintza kontzientea da, eta arnasa hartu behar duten bakoitzean, garunak arnasteko agindua bidaltzen die eta ur azalera igotzen dira arnasa hartzera.

Hau horrela izanik, lo egitea ez da erraza itsas animalia hauentzat. Izan ere, lo egonda, ezin dute arnasa hartu behar dutela jakiteko mezurik jaso, eta arnasarik hartu ezean ito egingo lirateke. Baina bale eta izurdeek sistema berezia dute, eta ez dute guk bezala lo egiten.

Animalia hauen loa ez da lo sakona. Izurdeak eta baleak lo daudenean, garunaren hemisferio bat eta honen kontrako aldeko begia izaten dituzte lo. Horrela, esna dagoen garun-erdiak arnasketa kontrolatzen du eta irekita dagoen begiak arriskuak ikusten ditu. Egoera hau bi ordu oro aldatzen da. Hau da, bi orduz garuneko ezker-hemisferioa eta eskuineko begia egongo dira lo, eta hurrengo bi orduetan, garuneko eskuin-hemisferioa eta ezkerreko begia.

Bale eta izurdeak lotan daudenean oxigenoa ezinbesteko organoak hornitzeko bakarrik erabiltzen da: hau da, bihotza, garuna eta igeri egiteko beharrezko muskuluak. Animalia hauen gorputzak karbono dioxido kantitate handiak jasateko gaitasuna dauka eta lo daudenean arnasketa-erritmoa asko murritz dezakete.

Ezaugarri hauei esker izurde eta baleek itotzeko arriskurik gabe egin dezakete lo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia