}

Noiz hil zen? Intsektuak esango dizu

2007/08/12 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Argitu gabeko hamaika krimen izango dira munduan. Zenbaitetan, seguru asko, ez da krimen horien egilea harrapatu, eta beste asko, berriz, ikertu ere ez dira egin. Horrek ez du esan nahi, ordea, auzitegiko zientzia geldirik dagoenik. Egilearen arrasto biologikorik topatzen ez denean ere, auzitegiko zientziak beste aukera batzuk eskaintzen ditu.

Liosarcophaga aegyptica espeziea ez zuten ezagutzen Iberiar penintsulan, Leioako campusean aurkitu zuten arte. (Argazkia: Marta Saloña)

Hildakoak ustekabean aurkitzen direnean, heriotza noiz gertatu den jakin nahi izaten da. Horretarako, usteldutako gorpuari informazioa atera dakioke. Besteak beste, ikerketa bitxi batek ematen digu deskonposizio-denboraren berri: hildako ehunez, hilotzez, elikatzen diren eulien azterketak.

Auzitegi-gaietarako intsektu aproposak dira horiek. Euli horiek berehala, minutu gutxiren buruan, sumatzen dute hilotza; baita kilometrotako distantziara badago ere (gizakiok, berriz, ordu batzuk behar ditugu hilotz horren usain desatsegina sumatzeko). Ondoren, hilotz hori kolonizatzen dute. Arrautzak ipintzen dituzte, eta, zenbait ordu pasatu ostean, larbak jaiotzen dira. Euli-larba horiek hazi eta heldu bihurtzen direnean, hilotzetik alde egiten dute. Izan ere, hilotz horretan bertan daude haien harrapariak ere. Horregatik, gerta liteke krimen bat aztertzera joan, eta intsektu-larbarik ez aurkitzea, intsektuek dagoeneko alde egin dutelako hilotzetik.

Intsektu horien hazkuntzaren edo garapenaren ikerketa lan konplexua da, bereziki Euskal Herrian. Izan ere, intsektu horiek hazteko behar duten denborari eta banaketa-patroiei buruzko ezagutza nahiko urria da. Nola jakin, orduan, zein intsektu dauden hilotzean?

Hilotzetako intsektuak

Txerri baten hilotza.
Marta Saloña

EHUko auzitegi-entomologiako zerbitzuko ikertzaileek hilotzetako intsektu kolonizatzaileak eta haien hazkuntza-denborak aztertzen dihardute. Norbaitek galde dezake: “Eta hori guztia, zertarako?” Hilotzak hilik zenbat denbora daraman jakiteko. Izan ere, krimen horren egilea zuritzeko datu nahikorik ezean, datu interesgarria izan liteke oso hilotz horretan dauden intsektuak aztertzea. Horren harira, filmetan, maiz,honelako galderak egiten zaizkio susmagarriari, besteak beste: Non egon zinen gaueko hamabiak eta goizaldeko ordubiak bitartean? Ikerketen emaitzek pertsona hori denbora-tarte horretan hil zela erakusten dutenean, adibidez.

Hilotzetako intsektuen azterketa egiteko, lehendabizi, zenbait tranpa ezartzen dituzte ikertzaileek lur zabalean. Jakina, tranpa horiek kasu bakoitzean interesatzen diren intsektuak erakartzeko amu bat dute. Esaterako, hildako animaliez elikatzen diren intsektuak erakartzeko, animalia-erraiak jartzen dituzte. Nagusiki, euli heldu emeak erakartzen dituzte. Horrek badu arazo txiki bat: emeak zailagoak dira identifikatzen; arrek, berriz, berezko ezaugarri nabarmenagoak dituzte. Hori dela eta, ikertzaileek eme horietatik larbak hartzen dituzte, espeziearen identifikazio fidagarriagoa egiten lagunduko duten arrak lortu artean.

Auzitegi-entomologiak hiltzailea harrapatzen lagunduko digu.

Hazkuntza-ingurune egoki batean jartzen dituzte, hilotz batean izango lituzketen kondizioen antzekoetan. Zein tamaina hartzen duten neurtzen dute egunetik egunera, hazkuntza-grafikoak osatu arte. Grafiko horiek tenperatura ezberdinetan egiten dituzte. Izan ere, ez da gauza bera hilotzaren deskonposizioa neguan edo udan gertatzea.

Dagoeneko deskribatu dituzte zenbait espezieren larba-fase guztiak. Beraz, hilotza aurkitu eta larbak jasoz gero, zein euli-espezie den jakin dezakete; baita pertsona horrek hilda zenbat denbora daraman kalkulatu ere, larba horien hazkuntza-taulak aztertuta.

Zalantzarik gabe, informazio interesgarria izan liteke oso, bereziki Euskal Herrian egin litezkeen etorkizuneko auzitegi-ikerketerako.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia