
Hidrazina, nitrogenoan aberatsa den konposatua, gaur egungo espazio-ontzi askoren erregaia da. Baina Bartlett-en lan-taldearen ustez, N 5 + N 5 - -ak hidrazinak baino bi aldiz bero-ahalmen handiagoa izango du. Hori hala balitz, erregai-tangak txikiagoak izango lirateke eta, beraz, tamaina txikiagoko espazio-ontziak egiteko bidea legoke; izan ere, gaur egungo espazio-ontzien bolumen handiena erregaiak betetzen du.
Nitrogenoak zerikusi handia du lehergai eta, oro har, erregaiekin. Izan ere, nitroglizerina eta TNTa (trinitrotoluenoa) oso lehergai ezagunak dira. Horrek N 2 gasaren egonkortasunarekin du zerikusia. Alegia, bi nitrogeno-atomo baino gehiago dituzten konposatuetan N 2 -a eratzeko joera handia dago, eta prozesu horretan energia-kantitate itzela askatzen da. Hori da, adibidez, hidrazinarekin gertatzen dena.
Bartlett-en lan-taldeak iragarritako konposatua bost nitrogenoko taldeak elkartuz egingo omen da: talde batek karga positiboa izango du (N 5 + ) eta besteak karga negatiboa (N 5 - ). Horrela, N 5 + N 5 - sare kristalinoa eratuko da (gatz arrunta den sodio kloruroan Na + eta Cl - ioiekin gertatzen den bezala).
N 5 + N 5 - konposatuaren erdia (N 5 + -a, alegia) duela hiru urte lortu zen, baina orain arte inork ez du lortu N 5 - -a sintetizatzea. Hala ere, Floridako kimikariek uste dutenaren arabera, bost nitrogeno-atomoko eraztuna izan beharko du, karga negatiboa duen eta karbonoz eratuta dagoen pentadienil eraztunaren antzekoa.
Hori lortzen bada, aurkikuntza ikaragarria izango da erregaien munduan.
Lasa Iglesias, Aitziber
STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.
Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.