}

Ni, nerau eta neroni

2001/05/09 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek ‘nia’-ren garuneko txokoa aurkitu dutela aldarrikatu dute.Nia garunaren eskuineko lobulo frontaleko gune txiki batean omen dago, eskuineko bekainaren gainean gutxi gorabehera.

Ondorio polemiko horretara Pick-en gaitza ikertzen ari zela iritsi zen Bruce Miller neurologoa. Pick-en gaitza garuneko endekapenezko gaixotasuna da, motela, pixkanaka larriagotzen dena, eta hilgarria. Alzheimer-en gaitzaren antzekoa da neurri batean. 100.000 lagunetik bati eragiten dio batez beste eta ohikoagoa da emakumezkoen artean. Normalean 40-60 urterekin agertzen da. Funtsezko nortasun-aldaketak zenbait gaixok bakarrik izaten dituzte eta gaitzaren hasierako fasean gertatzen dira. Miller-ek 72 gaixo ikertu zituen eta horietako seik soilik izan zituzten nortasun-aldaketa nabarmenak. Guztiek lobulu frontaleko gune bera zuten kaltetuen eta, horretan oinarrituta, gune hori norberaren nortasunaz eta nia-z arduratzen dela ondorioztatu du Miller-ek. Izan ere, gainerako 65 gaixoek ez zuten nortasun-aldaketarik izan eta batek bakarrik zeukan lobulu frontaleko gune hori oso kaltetua.

Ikerketaren berri Neurologiako Akademia Amerikarraren bileran eman du eta, ondorioak eztabaidagarriak izan badaitezke ere, han deskribatutako kasuak harrigarriak dira ezbairik gabe. Bizitza osoan errepublikanoen aldekoa izan den 54 urteko emakume estatubatuar kontserbadore bat, adibidez, animalien defentsarako talde erradikal batean sartu da gaixotasuna hasi zaionetik, eta arropa garesti eta klasikoak janzteari utzi eta edozein gisako kamiseta eta galtza merkeak erabiltzen hasi da. Errepublikanoak Lurretik egotzi beharko liratekeela aldarrikatzen omen du orain.

Nia garuneko hain gune zehatzean kokatzea ez zaiola arrotza egiten adierazi du Bruce Miller-ek; filosofoa ez dela eta berarentzat gu gure lotura neuronalen batura garela oso ideia arrunta dela gaineratu du. Ikerketan oinarrituta eskuinaldeko kopeta-lobulua ongi ibiltzea norberaren kontzientzia gordetzeko nahitaezkoa dela esan du Miller-ek eta eztabaida beste esparru batera bideratu du. Nolatan asaldatzen dira nia-rekin zerikusia duten hainbeste kontzeptu hizkuntzarekin loturarik ez duen garuneko gune bat kaltetuta?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia