}

Neutrinoak kimikan eragile

1994/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Neutrinoak abiadura handiko partikula azpiatomikoak dira eta oso nekez eragiten dute materiarekin. Baina, materiarekin elkar eragitean, Lurrean oso eskas diren elementuak sor daitezkeela diote astronomoek. Zenbait astronomo amerikar eta frantziarrek burututako lan batean, neutrinoen eragina neurtzeko bide bat proposatu dute, hots, galaxiarik zaharreneko izarrei behatu eta zenbat berilio eta boro duten neurtu.

Teoria klasikoen arabera, berilioa eta boroa, izpi kosmikoak partikula astunekin talka egitea, osatu ziren eta Lurrak eta Eguzkiak sortu zirenean bereganatu zituzten aipatu elementuak.

Crab Nebula supernobaren hondarrak. Supernoba honek neutrinoak askatu zituen eta hauek boroa sortu zuten.

Baina, 1990. urtean, Kaliforniako unibertsitateko Stan Woosley eta lagunek, boroa masa handiko izarren leherketetan askatutako neutrinoen eraginez sor zitekeela zioten. Masa handiko izar batek supernoba bilakatzean gutxi gora-behera 1058 neutrino aska ditzake. Zati batek izarreko karbonoa jota, karbonoak boro bilakatzeko aukera izango luke.

Orain, Minnesotako unibertsitateko Keith Olive eta Sean Scully eta Pariseko Astrofisika Institutuko Nikos Prantzos eta Elisabeth Vangioni-Flam ikerlariek aipatu neutrinoaren prozesua Esne Bidearen eboluzioa adierazten duten ereduei aplikatu zieten. Berauen arabera, neutrinoaren prozesuak boroa sortzen badu, galaxia gaztea zenean boroa berilioa baino askoz ugariagoa izango zen. Berilioa, aldiz, beranduago azalduko zen Esne Bidean; eratzeko prozesu luzeagoa behar baitu.

Azterketa honen emaitzak 1994. urteko apirilaren 1ean “The Astrophysical Journal” aldizkarian argitaratuko dira eta, besteak beste, neutrinoen eraginez elementu berriak sor daitezkeela adieraziko dute Olive eta lagunek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia